Amagoia Mujika
2007ko Uztailaren 13a
Aitak 54 urte dauzka eta, alabak, 19. Biak dira bertsolariak. Juanito, aspaldi hasitakoa, «berandu» bere ustez. Garaiz, hala ere, bere zaletasunaz gozatzeko. Halaxe egiten du astez aste herriko bertso-eskolan. Karmele, berriz, garaiz dabil, eta bide luzea dauka aurretik, aitak osatutakoa bezain luzea. Baten eta bestearen bideak askotan gurutzatu dira, biak Oiartzungo bertso-eskolaren bueltan baitabiltza. Aurten berriz gurutzatuko dira. Lehenengoz, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Juanito, berriz ere, txapelketako parte-hartzaile beteranoena izango da. Karmelek, lehen aldiz hartuko du parte.
Juanitori etxetik datorkio bertsozaletasuna. Bere aita ez zen bat-batean aritzen normalean, baina bertsopaper zaharrekin maiz ikusten zuen semeak. «8-10 urte nituenen hasi nintzen aitak erakutsitako bertso zaharrekin. Bertso saioetara joaten nintzen ahal nuen guztietan. Orduan ez zegoen gaur bezalako aukerarik, baina saiatzen nintzen zeudenak baliatzen», kontatu du.
bertso-eskolan, gazteekin
Bertso-eskolarik ez zegoen Juanito umea zenean -ez behintzat gaur egun ezagutzen dugun moduan-. Hogeitaka urte zituenean lagun koadrila biltzen zen tabernaren batean bertsotan egiteko, baina ez Juanitok nahi bezainbeste. Aukera gutxi zituen bertsotan egiteko. «Euskara lantzeko aukera handirik ere ez zegoen gure garaian, eta horren falta sumatzen dut. Gerora etxean liburuak irakurrita landu dut nik euskara maila».
Azkeneko urteotan Oiartzungo bertso-eskolan dabil, bera baino dezente gazteagoak diren bertsokideekin. Aurretik izan ez zuen aukera baliatu nahi du orain, eta gustura dago horrekin. Gipuzkoako txapelketa irailean abiatuko da eta aurten, berriz ere, Juanito Mitxelena izango da parte-hartzailerik zaharrena. Horrek ez dio zirrara berezirik sortzen, «bertso-eskolan ere gazteekin ibiltzen naiz eta ez daukat inolako arazorik», esan du. Txapelketan parte hartzeko erabakia ere bertso-eskolakoekin hartu zuen. «`Parte hartuko al dugu?' aipatu zuten, eta nik baietz, asko pentsatu gabe. Parte hartzearekin konformatzen naiz ni, horixe da helburua».
Badaki orain dituen aukerak gaztexeagoa zela izan balitu, agian bertso ibilbide oparoxeagoa izango zuela. Alferrik da, ordea, atzera begira egotea. Nahiago du aurrera begiratzea, eta aitzakia ederra ematen dio horretarako alaba Karmelek.
Etxeko txikiena da Karmele, lau anai-arrebatan gazteena. Ez da bertso munduan sartu den senide bakarra, aitak ondo asmatu baitu bertsozaletasuna etxean zabaltzen. Karmeleren lehenengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa izango da aurtengoa. Zalantzan egon zen azken unera arte aurkeztu edo ez aurkeztu. Azkenean izena eman eta dagoeneko hasia da prestaketa lanetan bere lagun Alaia Martinekin batera.
Txapelketa oso urruti ikusten zuen garaian garbi samar zeukan parte hartuko zuela. Izena emateko epea gerturatu zenean, izan zuen zalantzarik. Hala ere, azkenean, izena ematea erabaki du, neurri handi batean Alaia lagunak animatuta. Behin izena eman duenean, kezka eta zalantza guztiak desagertu zaizkio.
«Gipuzkoako txapelketa egin beharreko plaza da niretzako, probatu beharreko plaza. Helburu handirik finkatu gabe noa txapelketara eta saiatuko naiz ahal dudana egiten. Emaitzak onak baldin badira, bada, primeran, eta bestela, ez naiz larrituko. Gaztea naiz eta hemendik lau urtera ere hor egongo da txapelketa», kontatu du Karmelek.
Etorkizunari begira jarrita, bere burua bertsolari ikusten du oiartzuarrak, baina ez du ideia horrekin gehiegi estutu nahi. Aitaren aholkuak ere bide horretatik doaz. «Karmeleren bidea gertutik jarraitzen dut eta ondo ari dela uste dut. Hala ere, presarik ez izateko aholkatzen diot, lasai hartzeko txapelketa, ez baita hil ala bizikoa», agertu du Juanitok. Ez omen da gehiegi larritzen alaba bertsotan ikusten duenean, «beti izaten da halako urduritasun txiki bat, baina ez naiz asko larritzen. Konfiantza handia daukat Karmelerengan eta badakit, bere mailan, txukun ibiliko dela eta asmatuko duela aurrera egiten», gaineratu du.
Okerrago pasatzen duena ama da. Horregatik, apenas joaten den bertso saioetara. «Ama oso urduri jartzen da ni bertsotan ari naizenean eta oso gutxitan ikusi nau», kontatu du Karmelek.
Mitxelenatarrenean bertsoa normalean baino gehixeago entzungo da udara honetan. Txapelketa bakoitzak bere taldearekin prestatuko duen arren, etxean ere arituko dira entrenatzen Juanito eta Karmele. Zorte onena bientzat. Biak ere garaiz dabiltza bertsoaz gozatzeko.




