TEKNOLOGIA / HAUSTURA DIGITALA -

Hainbat urteren buruan, Massachusetts-ko institutuko irakasle Nicholas Negroponte-ren erronkarik handienetakoak argia ikusi du. «One Laptop Per Child", edo Ume Bakoitzeko Ordenagailu Bat.

Haritz Rodriguez

2007ko Uztailaren 13a

Azkenean ez ditu 100 dolar balioko, 175 baizik. 127 euro inguru. Massachusetts-ko Teknologia Institutuko Nicholas Negro- ponteren («Being digital» liburuaren egilea) erronkarik handienetakoa da: One Laptop Per Child ekimenak, garapen bidean dauden herrialdeetako haurrentzako ordenagailu eramangarri eta berezia kaleratu du.

Asko hitz egin eta idatzi dute proiektu horri buruz. Funtsean, herrialde txirotuetako umeek teknologia berriak, bereziki informazioaren gizartearekin lotutakoak, ezagutu eta erabil ditzaten da helburua. Horretarako, bistan da, ordenagailu bat beharrezkoa da. Eta geurean ez bezala argindarra eskura ez duten herrialdeetan, ordenagailu horrek ezaugarri bereziak behar ditu.

XO izena du OLPC ekimenak sortutako ordenagailu eramangarriak. Beste gauza askoren artean, ohiko eramangarriek baino askoz ere energia gutxiago xahutzeko diseinatuta dago. Alegia, darabiltzan hardwarea eta softwarea oso argindar gutxi erabiliz funtzionatzeko gai dira. Horregatik, bateria husten denean, gizakiaren indarraz bete daiteke berriz.

Hasieran erakutsi zituzten prototipoekin, lehen bistazoan, hori da ezberdintasun nagusienetako bat. Izan ere, hastapenetan erakutsi ziren irudietan, eskuzko argindar sorgailu bat zuen integratuta. Proiektuaren Wikian ikus daitekeenez, hala ere, afera horrek badu hainbat irtenbide: Bizikleta bati lotutako dinamoa, eguzkiaren plakak, oinarekin eraginez elektrizitatea sortzen duen tresna, eskolan hainbat XO konputadore batera kargatzeko aukera... Besteren artean, XO-k Interneterako haririk gabeko konexioa egiteko gaitasuna du eta kode irekiko software librea darabil. Pantaila bereizmen handia du, halaber. Ez da mundu osoan merkaturatzeko egindako tresna. Haur txiroenen artean, batez ere, eskolatan, eta administrazio publikoaren bitartez banatzeko pentsatutako ordenagailua da XO. Hala ere, badirudi beste herrialde batzuetan ere zabaltzeko asmoa dutela orain proiektuaren arduradunek, Amerikako Estatu Batuak kasu.

Negropontek berak ordenagailuaren aurkezpenean esan zuenez, «Gobernuen moteltasunak eta Intel enpresak egindako konpetentziak» atzeratu dute ekimen horren garapena. «Eramangarriak hezkuntza publikoan ezartzeko Gobernuekin negoziatzea erabaki dugu. Biderik gogorrena», gaineratu zuen.

Kritikak ere izan ditu ekimenak. Batzuek, herrialde txirotuetako haurrei aparailua erabiltzen irakasteko behar adina irakasle ez dagoela leporatu diote OLPC egitasmoari. «PC bat ikusi ez duten umeek minutuak besterik ez dituzte behar ohitzeko», erantzun zuen irakasleak.

Zurrumurruak ere izan dira. Mementoz GNU-Linuxen oinarritutako sistema eragilea darabil baina, antza denez, Microsoft hasi da muturra sartzen. Ekimenean nolabaiteko aitatasuna ¯txikia izanda ere¯ aitortzea goxoki bat da enpresa handientzat, publikoaren aurreko irudiari begira.