HEZKUNTZA / INFORMATIKA -

Uda partean ugaritu egiten dira ikastaroak, hezkuntzaren inguruko topaketak, hitzaldiak, mahai inguruak. Horien artean, gero eta gehiago dira teknologiarekin, internetekin edo informatikarekin zuzenean edo zeharka lotuta daudenak. Benetako beharrari erantzuten al dio eskaintza zabal horrek?

Haritz Rodriguez

2007ko Uztailaren 13a

Hik Hasi Euskal Heziketarako aldizkariak antolatuta, joan den astean Udako Topaketa Pedagogikoak egin dituzte EHUren Donostiako campusean. Egunotan, Udako Euskal Unibertsitatearen ikastaroak egiten ari dira Eibarren, Baionan, Iruñean eta Lizarran. Eta, datorren astean, Euskal Herria 2.0 ekimeneko tailerrak abiatuko dira Arrasaten, Larrabetzun, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean.

Hik Hasiren topaketetan, nabarmena izan da teknologia berriekin lotutako ikastaroen kopurua. Eta UEUn ere izan dira informatika eta Interneten inguruko eskolarik. Tailerrak 2.0, aldiz, zuzen zuzenean dago lotuta ingurune horrekin.

Baina, zein neurriraino erantzuten diote ikastaro, topaketa eta tailerrok Euskal Herrian, eta bereziki euskaldunen artean, dagoen beharrari? Galdera hori egin dio GAUR8k bere buruari, eta antolatzaileengana jo du erantzun eske.

Hik Hasi: Ainhoa Azpiroz

Ainhoa Azpiroz Hik Hasi-ko komunikazio arduraduna da. VIII. topaketen ondoren, ondoko iritzia eman zuen antolakuntzak: «Hiru egunetan (uztailak 3, 4 eta 5) 575 lagun aritu dira euskaraz eskaini dituzten 26 ikastarotan». Gainera, «aurten EAEn eta Nafarroan Hezkuntzako oposaketak izan direla kontuan hartuta, aipagarria da hainbeste jende matrikulatu izana» Eta, azkenik, «jendea oso motibatuta etorri da. Gehienak irakasleak izan dira eta euren oporretako lehen egunetan hiru eguneko ikastaro batean izena ematea pozgarria da; euren prestakuntza berritzeari garrantzia ematen dioten seinale da hori».

26 ikastaro horietatik zazpi ordenagailuari lotutakoak dira. Azpirozen esanetan, Publisher ikastaroan 20 lagun izan ziren; Photoshop, 33; Power Point, 19; Irudien Manipulazioa, 14; Blogak Irakaskuntzan, 30; Wiki eta Webquestak, 26; Bideoa, 26; eta Ordenagailua Musika Gelan, 12. 26 ikastaroetan 572 pertsona aritu baziren, horietatik 180 teknologia berriekin lotutako zortzi eskolatan metatu ziren.

komunikazio arduradunaren arabera, «izena eman duten guztiek parte hartu dute. Eta etortzerik izan ez dutenek aldez aurretik jakinarazi digutenez, hutsuneak ordezkoen zerrendan zeuden lagunekin bete dira». Leku bat bera ere ez hutsik, beraz. Gainera, gisa horretako ikastaroak azpiegiturak baldintzatuta daude. Askotan lagun bakoitzeko ordenagailu bat behar da eta. Azpirozen esanetan, teknologia berriekin lotutako zenbait ikastaro joan den urtean ere egin zuten eta bistakoa da gero eta interes handiagoa dagoela gai horietan.

UEU: Idoia Torregarai

Idoia Torregarai UEUko komunikazio arduradunarengana ere jo du GAUR8k iritzi eta datu eske. UEUn eskainiko dituzten ikastaroen artean, honakoak daude teknologia berriekin lotuta: GIS libreen alderaketa eta balioztapena, Softwarearen lokalizazioa eta AJAX bidezko programazioa praktikaren bitartez.

Torregaraik emandako datuen arabera, GIS libreen inguruko ikastaroan 15 lagun izan ziren, software lokalizazioaren ingurukoan 12, eta AJAXi buruzko eskolan 18. Parte hartze maila hori eta gisa honetako ikastaroak ugaltzea behar bati erantzuten dion eskaintza ote den galdetu diogu UEUko komunikazio arduradunari.

Torregarairen ustez, «euskaldun komunitatearen ikuspuntutik ulertu daitekeen kontua da hau. Hau da, komunitate erlatiboki txikia gara, eta beste bi komunitate indartsuren erdian gaudenak, gainera. Horrek gure kultura eta izaera defentsa-mekanismoak gehiago aktibatzea ekartzen du, eta horregatik hainbat ekimen sortzen dira gure gizartean».

Teknologia berrien munduan ere nabarmena da sentimendu hori. Komunikazioa arduradunaren esanetan, «informatika arloan ere hori gertatzen da. Kontuan izan behar dugu, batetik, teknologia berriek aukera handia ematen digutela gure izaera hori indartu eta zabaltzeko (proiektu berriak aurrera ateratzeko, komunitatea osatzeko,...) eta bestetik, gaur egun horietatik kanpo geratzea jokoz kanpo geratzea bezalakoa dela».

 

Eta orain, Euskal herria 2.0 tailerrak

Hurrengo asteburuan hasiko dira Arrasaten Euskal Herria 2.0 ekimeneko tailerrak. Lehenengoa Wikipediaren ingurukoa izango da, Arkaitz Zubiagaren laguntzarekin, eta jada ari da jendea izen ematen. Patxi Gaztelumendi da antolaketak aritu den lagunetako bat. GAUR8 galdera berdinarekin joan zaio blogari larrabetzuarrari. Joan den urteko irailean egindako topaketak-mintegiak, «abiapuntu izan ziren». Bere ustez, «Euskal Herriak eta euskarak nazioartean bere tokia behar dutela» geratu zen agerian eta «2.0 tresnen beharrizana» ere nabarmendu zen. Alde horretatik, Artelekuko topaketek «komunitatea sendotzeko beharraz» ohartarazteko balio izan zuten, esate baterako, software librearen inguruan.  Mintegi teoriko haiek garapen praktikoa behar dutela ikusita antolatu dituzte rain 2.0 tailerrak, «formazioa beharrezkoa baita», Gaztelumendiren esanetan.  Horretarako, «tailer dinamika abian jartzea otu zitzaigun. Wikiaren bitartez, jendeak tailerrak eskatu eta eskaini ditzake». Gaztelumendiri ere galdetu diogu eskaintza oparo horren arrazoiaren gainean: «Daukagun garaiaren isla da. Nik uste dut oraindik eta eskola gehiago behar direla, maila tekniko jasoagoa dutenak», esan du blogariak.