PILOTA -

Karmengo festak ditugu Markina-Xemeinen. Bihar eta etzi ez dira faltako zesta partidak Unibertsitatean. Artibai ur-bazterretara erroturiko erritual hori, ordea, arrisku latzean egon da. Zorionez, Markinan konturatu dira egoera larriaz eta nazioartean pilota jokamolde ezagunena berreskuratzeari ekin diote

Imanol Amiano

2007ko Uztailaren 13a

Markinan, edonora joaten zarela, zesta puntaz jardunean entzuten da. Hala ere, eta Karmen festak direla-eta, barraka eta txosnek fatxada ezkutatzen badiote ere, frontoira goaz zuzenean. Zer edo zergatik da Unibertsitatea. Eta katedratikoek han erakusten dute. Sartzean, pilotakadek frontisean, zoruan eta errebotean egiten duten soinu berezia, ohiuren bat edo besterekin nahasirik, entzuten da. Goiogana pilotari ohia da -gezurra dirudi 66 urte dituenik- biloba eta beste bi gazterekin kantxan dagoena behin eta berriz posturak eta kolpeak zuzendu nahirik.

Metalezko sarearen bestaldean, gaztetxoak harmailetan eserita kantxara begira, aldageletatik Gotzon Enbil irten da. Jabier Mentxaka, albotik pasatzerakoan zumaiarra agurtu ostean, harmailatan gora eraman dugu, Markinako zesta-punta eskolako monitorearekin hitz egin nahi dugu. «1988an hasi ginen. Ordura arte amerikanuek subentzionatzen zuten, baina orduan, pilotarien greba ospetsu hura zela-eta, ezer barik geratu ginen. Gurasoen artean batzar bat egin genuen eta segitzea erabaki genuen. Presidente irten nintzen eta harrezkero, hemen nabil» dio Mentxakak sarrera gisa.

Une txarrak pasatu behar izan dituzte, baina gauzak bere onera itzultzen ari direla dirudi. «Gazteak erantzuten ari dira, badatoz, hasi zortzi-bederatzi urterekin eta hamazazpi urteak arte, multzo polita da, berrogeitabosten bat dira guztira. Kopuru polita da, baina lehen, gure sasoian, gehiago biltzen ziren. Denak pilotan ibiltzen ginen eta Ameriketara joaten ginen ilusinoarekin. Orain diferentea da. Lehen hamabost frontoi zeuden eta orain hiru-edo daude; Miami, Dania, Orlando eta besteak ez baleude legez. Amerikak erreta daude. Etorkizuna, izatekotan, ekialdean dago. Txinan. 1903-04 urteetan jokatzen zen Tiensing eta Shangain. Txinoa berez jokalaria da». Gainera, hemen ere egun mila gauza dauzkate, futbola, saskibaloia... «lehen halakorik ez zegoen, lehen eskua edo zestoa bakarrik zeuden», dio Unibertsitateko harmailetatik. «Hemen bi edo hiru egongo dira Ameriketara joateko ametsaz. Besteek gustatzen zaielako hemen denbora-pasa jarduten dute, interpueblosen-eta».

«Ondo montatutako kluba gara eta ondo manejatzen gara. Udalak ere dena uzten digu, hau ere -frontoia- libre dago... gu hasi ginenean pagatu egiten genuen, alkilerra, argiak eta dena, pertsona batena baitzen. Sasoi batetik hona gauzak hobetu egin dira. Markinan, eh! -zehazten du-, zeren generalean egoera txarto dago. Ikusten dut bueltan, Durangon bertan, klubak ez dauka ez infantilik... atzetik ez dauka ezer... sokak eten barik behar du», dio buruari alde batera eta bestera eragiten dion bitartean.

Zesta-puntaren munduko kapitala

Egungo egoeraren analisia egiterakoan ere argi du «saltsa» behar dela, erakundeek, komunikabideek, enpresek eta pilotariek berek ere beren partetik ipini behar dute. «Banan-bana gaitza da. Enpresa batek besteari pilotariak kendu, publikoa limitatu -joan zen domekan 700 pertsona sartu ziren hemen-... hemen eman beharrekoa enpresarioek eskuan egin dutena da: hemen Karmenetan? bada biak nahastu, Durangon? biak nahastu, txapelketetan? berdin. Saltsa pixka bat eman behar zaio», esan du Mentxakak.

Bidearen bestaldean dago Udaletxea. Han beste Jabier batekin aritu gara solasean, Jabier Alberdirekin, herriko alkatearekin. «Zesta-puntaren egoera Markinan nahiko eskasa zen eta neurri batzuk hartzeko premia ikusi genuen. Foro zabal bat sortu genuen Udalean bertan, pilotari zaharrak, gazteak... eta lanerako hiru esparru diferente mahaigaineratu genituen. Bata historia lana izango litzateke, zesta puntak Markinan izan duen garrantzia ezin baita ahaztu. Urte batzuetan 300, 400, 500 mutil bidaltzen genituen munduan zehar -familia guztiek zuten pilotari bat eta baziren batzuk bost anaiez osatuak eta bostak profesionalak zirenak-. Markinarrez beteta zeuden Shangai, Egipto, Tunisia, Amerikak...», dio Jabier Alberdik.

«Bigarrena, esplotazio komertzialaren inguruko hausnarketa da. Zesta-punta profesionala zergatik da garrantzitsua? Herriak dabiltza identitate zeinuren baten bila, eta Markina zesta puntarengatik da ezaguna. Turismoa ere hor daukagu -zesta puntaren museo moduko baten ideia garatzekotan dira, Markina zesta puntaren munduko kapital bilakatu-. Hirugarrena, etorkizuna zen, eskolaren egoera. Ia ia deseginda zegoen eskola berpiztu da. Udalarentzat obligazio legez hartu da. Hitz bitan esateko, Markinarentzat oso garrantzitsua izan da zesta punta eta izaten jarraitzea nahiko luke».

Atzo, gaur eta biharko «amerikanuak»

Karmelo Baldan Imanol Lopez gipuzkoarrarekin, Iker Foronda arabarrarekin eta, noski, bizkaitar batekin, Julen Bereikuarekin, elkartu gara. «Ipar Euskal Herrian ere asko daude. Nafarrak falta zaizkigu. Cabanillasen-eta jokatzen dute, baina gero profesionaletara ez dira iristen. Ez dakit zergatik, agian erremonteak gehiago tiratuko die...», aipatzen du Lopez zumaiarrak, uda honetan bueltatu den 22 urteko «amerikanua» eta Atlantikoaren bestaldean izarra. «Bederatzi hilabete izaten dira Ameriketan, eta derrigorrez integratzen zara hango bizimodura, betiere euskaldunekin eta frontoiko jendearekin mugitzen bazara ere, hondartzara ere asko joaten gara... iaz Miami Heat, Shaquille O´Neal eta Wade-rekin, NBAko txapeldun izan zen... Ondo egoten naiz han». Foronda gasteiztarrak, Konpa handiaren urratsak jarraiki, «hemengo euskal giroaren xarma berezia» nahiago duen arren, Danian eginiko hiru urteetako oroitzapen onak ditu: «Beti esaten diet gazteei, behintzat urtebetez probatzeko. Egunero jokatzen da, pilotari asko eta onak daude eta asko ikasten da, kiniela formatoa dela eta, batik bat, tantoa egiten. Esperientzia polita da», ziurtatzen du. «Zazpi urtez egon nintzen ni Ameriketan –zion Bereikua berriatuarrak–. Milford eta Orlandon egon nintzen, baina zarratu egin zituzten, momentu txarrak izan ziren pilotarientzat, gero Danian ondo egon banintzen ere. Hala ere, lagunak eta familia asko botatzen dituzu faltan». Lopez eta Foronda baino beteranoagoa da Bereikua eta badu duela urte batzuk gertatzen zenaren berri. «Diru aldetik asko jaitsi da kontua. Txikitok eta 12.000-13.000 dolar irabazten zituzten hilean, duela hogei urteko dolarretaz ari naiz –1988ko greba aurretik–, eta gaur egun, berriz, onenak 5.000 irabazten ditu. Hala ere, bertako bizimodua egiteko diru polita da, disfrutatu egiten duzu, ingelesa ikasten duzu... baina ez aberasteko beste. Gazteek orain tituluren bat edo ateratzen dute, bestela hemen 45 urterekin nork nahi zaitu lanerako...», bota du Bereikuak.
Lanean, hala topatu genuen Txikito Bolibarko bere jatetxean. Han Fernando Lejardirekin elkartu gara, Miamin jokatzen duen herriko semea. Lejardi 18 urterekin joan zen Mexiko DFra eta «han egin nituen ia lau urte, oso ondo pasatu nuen, baina frontoia gero eta txartoago zegoen, pagatu ere ez ziguten egiten... behin Tampako intendentea etorri zen gu ikustera eta sei lagun bertara joan ginen. Han urte bi egin ondoren Miamira joan nintzen eta han nago jokatzen. Erabat hara egina dago Lejardi –«txoko bat daukagu eta bazkariak egiten ditugu...»–, izan ere, euskaldunen ondorengoa baina bertan jaiotako emaztea du. «Aitona Iruzubietakoa zuen, hemengoa, eta amama Berakoa», kontatzen digu. Bere kirol ibilbidea amaitutakoan ikusteko dago zein izango den hartu beharreko erabakia: «Miami ez zaio gustatzen. Agian ni Nevadako bere jaioterrira joango naiz, edo agian hona etorriko gara. Orain egoera ez da koheteak botatzen egoteko, baina, tira». Txikitok ere konplexutasun hori nabarmentzen du. «Amerikak ez daude ondo eta ea hemen behintzat indar pixka bat hartzen duen. Domekan izan nintzen, entrada ederra zegoen eta partida ederrak izan ziren. Aurten ikusi denak jarraipena badauka datozen urteetan hartu egingo du indarra. Orain enpresa bi daude eta denen gustua egitea ere ez da erraza... baina bientzako adina badago. Mahai batean jarri eta berba asko egin beharko lizateke», dio txapeldun handiak.
Egoera ez da duela hogei urte bezalakoa izango, baina Daniel Mitxelenaren aurrean beren abildadeak erakutsi nahi dituzten mutilak ez dira falta izaten. Donibandarra, Mitxelena Miamiko zuzendari teknikoa da eta hona «etorkizunean Ameriketara joan nahi duten gazteei jarraipena egitea da ni hemen izatearen xedea, pixka bat motibatzea, ez presionatzea. Gu han gaudela jakin dezatela. Hango bizimoduari buruz, enpresari buruz, galderaren bat badute erantzuteko. Gurasoekin-eta hitz egiten dut, mutilei zenbat irabazi dezaketen... kontratazioari begira baino, informazio eta komunikazio plan bat da.
 
...eta zesteroei lekukoa hartzen ez badiote, zer?

Gero eta zesta egile gutxiago dago. Azken urteotan bizpairu zesterok ekinari utzi diote eta ez dira askoz gehiago jardunean dabiltzanak. Izan ere, erabateko artisau-lana da: gaztainondotik 1,80 metroko makilak ateratzen dira eta ur irakinetan, moldeetan sartzen dira. Egur honen malgutasunari eta, era berean, trinkotasunari esker, eskeletoa osatua dago. Ondoren saihetsekin zestaren paretak osatzen dira eta hauen artean zumitzak pasatzen dira, ondo prentsatuz. Ondoren punta hariz josten da eta bestaldean eskularrua gehitu. Amaitzeko, kristalez leun-leun uzten da. Atzelarientzakoak, palanka gehiago egin dezaten, luzeagoak dira. Enkarguz egiten dituzte eta, noski, ez daude bi berdin-berdinak. 250 eta 400 euro artean kostatzen dira. Tramankulu horrek ez du alferrik Guiness errekor bat, pilota 300 km/h-tik gora bidali izana.