Artikutza mundutik aparte dago. klima propioa du, mugikorrarentzako estaldurarik ez, eta berezko doinua. autoen zaratarik gabeko soinua da bertakoa. itsuentzako ibilbide ederra osatu dute auzolandegietako gazteek, itsuek paraje eder horren pusketatxo bat goza dezaten. emaitza ederra da.
Amagoia Mujika
2007ko Uztailaren 13a
Artikutzan bi egunetik behin euria egiten du. Urtaro lehorrik gabeko klima epel-hezea da bertakoa. Ez dago eskuko telefonorako estaldurarik; apenas ibiltzen den kotxerik -eta ibiltzen direnak ondo kontrolatuta ditu basozainak-; ez dago lantegirik, ezta jendez betetako tabernarik ere. Artikutza mundutik erabat aparte dago, beste erritmo batean bizi da Artikutza. Beste usain bat dauka.
Baina, uztail hasiera honetan, aurreko bi urteetan bezala, urtean ezezagunak zaizkion soinuak eta ahotsak etorri dira Artikutzara. Auzolandegietan parte hartu duten gazteen ahotsak, soinuak eta doinuak dira. Kutxak antolatzen ditu auzolandegiak, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin. Auzolandegiek Artikutzan hirugarren urtea bete dute aurten. Bihar amaituko da bertako txanda eta atzo bertan inauguratu zuten hiru urtean egindako lana: itsuentzako ibilbide bat prestatu dute, Artikutzaz goza dezaten paseotxo bat.
Hamaiketako garaian harrapatu ditu GAUR8k, aterpean. Kanpoan, euria ari du. Horrelakoa da Artikutza. Hamabi laguneko taldea osatu dute aurtengo auzolandegian, hamar mutil eta bi neska, guztiak 15 eta 18 urte bitartekoak. Gehienak gipuzkoarrak dira, baina tartean bada Gasteizko bat eta baita madrildar bat ere. Tomas Hernandez da, «Eneko». Izen hori jarri diote madrildarrari Artikutzan egin dituen lagunek. Lehengusu bat dauka Donostian eta hark animatuta etorri da auzolandegira. Oporretarako plan berezirik ez zeukan eta oso gustura dago esperientziarekin, lagun handiak egin omen ditu. Solasaldi ederrean harrapatu ditugu gazteak, hizketan eta barrez. Hamaiketakoarena tarte ederrenetakoa da nonbait.
Ondoko mahaian, solasaldi lasaiagoa daukan laukotea: Jugatx Agirre, Iker Huegun, Sebas Lasa eta Tito Agirre. Lehenengo biak begiraleak dira eta, beste biak, Aranzadiko teknikariak. Artikutzako auzolandegia duela hiru urte abiatu zuten, bertako Natur Eskola Aranzadikoekin harremanetan jarri zenean. «Artikutzan auzolandegi bat egin nahi zutela-eta deitu ziguten. Bizpahiru tekniko etorri ginen, ingurune honetan zer egin zitekeen ikustera. Orduan bururatu zitzaigun itsuentzako ibilbidetxo bat osatzea», kontatu du Sebas Lasak. Orgiko basoan, Nafarroan, badago itsuentzako prestatutako ibilbide bat eta hura hartu dute Artikutzakoa egiteko eredu modura.
Hamaiketakoa bukatu eta lanera. Goizez egiten dute lan auzolandegian eta, arratsaldean, bestelako jarduerak-eta antolatzen dituzte Artikutzako aterpean bertan. Begiraleen arabera, edonorentzako osasuntsua da hamabost egun telefono mugikorrik gabe eta munduaz aparte pasatzea. Izan ere, gazteek gehien faltan botatzen dutena teknologia berriak dira; telefono mugikorra, bideojolasak, telebista, ordenagailua... Egia osoa esaten hasita, parranda ere botatzen dute faltan. Hala kontatu dute.
Kelvin egin da taldeko bozeramaile, bera da gehien hitz egiten duena, behinik behin. Santo Domingon jaioa da, baina azken zortzi urteetan Tolosan bizi da. Goizegi esnatzen omen dira -8.00etan-. Bere ustez, 11.00ak aldean esnatuta nahikoa da. «Etxean derrigortuta» etorri omen da Artikutzara, lan pixka bat egin behar zuela-eta. Hala ere, gustura dago. Bere lagunen eta begiraleen esanetan, «ahorita lemapean» ahalik eta lan gutxien egiten saiatzen da. Ez dauka arazorik berak ere hori aitortzeko, adarjole bikaina baita.
Azken detaileekin
Bi taldetan banatu dira lanerako. Batzuk, presa ingurua garbitzen ari dira, sasiak eta enborrak bide bazterretik kentzen. Bitartean, neskak etxola pintatzen ari dira, barrutik eta kanpotik. Hortxe amaitzen da ibilbidea. Egia esan, ibilbideari azken ukituak ematen ari dira. Norbaitek erdi txantxetan erdi benetan honela azaldu du: «Gu ibilbidea inauguratzera etorri gara aurten. Aurreko urtetakoek egindako lana inauguratzera». Ez da egia, aurtengo txandan ere izan da lanik.
Beste taldetxo bat ibilbidearen hasieran dago, azken ukituak ematen. Ibilbide osoan barna soka jarri beharra dago -itsuek sokari helduta ibilbidea bakarrik osatzeko modua izan dezaten- eta lurra txukun-txukun jartzeko hondar berezi bat bota beharra dago. Batzuk gustu handiz ari dira beraiek egindako bankuak probatzen, patxada ederrean lanean ari direnei begira. «Norbaitek probatu beharko du bankua badaezpada ere, ezta?», esan du Jon Paletek, umorez. Donostiarra da eta ez zeukan aparteko planik oporretarako. Horregatik, lagun batekin batera animatu eta auzolandegira etorri da. Bere esanetan, betegarria da itsuentzako ibilbide bat egiten jardutea: «Haientzat baliagarria izango da gure lana».
Julia Yañezek ere berdin pentsatzen du. «Itsuentzako bidea egiteak beren azalean jartzen lagundu digu. Guretzat erraza da mendira paseatzera joatea, baina, itsu batentzat benetan zaila da. Hala ere, guk egindako ibilbidea gutxiegi dela uste dut, bide luzeagoak eta gehiago prestatu behar direla uste dut». 16 urte ditu Juliak eta bere amak egunkariaren bidez jakin zuen auzolandegien berri. Alabari proposatu eta segituan animatu zen izena ematera. «Urtero joaten naiz kanpamenturen batera. Ez zait gustatzen uda banku batean eserita ematea, askok egiten duten bezala», esan du.
Alaitz Arrieta da taldeko beste neska bakarra. Tolosarra da, taldeko gazteena; 15 urte beteko ditu aurten. Lehenengoz parte hartu du aurten auzolandegietan eta gustura dago, datozen urteetan errepikatzeko gogoz. «Itsuentzako bide bat egiten ari zirela jakin nuenean animatu nintzen Artikutzara etortzen. Oso interesgarria iruditu zitzaidan». Hori bai, bai Alaitzek eta bai Juliak nahiago zuketen taldean neska gehiago izatea. Normala, taldeko mutilek energia gehiegi daukatela azkar somatzen da. Eta ez lanerako espreski. Adin kontuak.
Artikutzako plazan bertan dago ibilbidea. Lehen bidezidor txiki eta malkartsu bat zegoen tokian, orain paseo eroso eta laua topa daiteke. Eta hori guztia Auzolandegiko gazteek egin dute, ez aurten bakarrik, hiru urteren buruan baizik. Erreka ondo-ondotik pasatzen da ibilbidea eta 300 bat metroko luzera du, etxola moduko batera iritsi arte. Han presa bat dago. Hiru metroko zabalera daukan bide laua eta txukuna prestatu dute. Ibilbide osoaren bi aldeetara soka bat jarri dute, eta txukun jarritako estokek eusten diote soka horri. Sokari helduta itsuei ibilbidea eurek bakarrik egiteko modua eskaintzea da helburua.
Ibilbide osoa garbitu dute gazteek, sasiak, adarrak eta itsuei enbarazu egin ziezaiekeen guztia kendu dute. Ez baita inoren gustukoa espero gabe adar batek aurpegia kolpatzea. Auzolandegi horrek itsuen azalean jartzeko aukera eman die gazteei. Lasai paseatzeko modua jarri dute. Bidean, bizpahiru banku topa daitezke, lasai ederrean eserita egoteko. Horiek ere auzolandegian egindakoak. Eta ibilbidean barna bi zubitatik pasatu beharra dago, horiek ere gazteek egindakoak.
Esan bezala, hiru urteko lana izan da. Lehen urtean egin zituzten, esaterako, zubiak. Ondo gogoan dauka hori Jugatx usurbildarrak. Orduan auzolandegian parte hartzera etorri zen eta, aurten, begirale modura etorri da. «Normalean, auzolandegi batera etortzen denak errepikatu egiten du. Niretzat aurtengoa laugarrena da, begirale modura etortzen naizen lehena, eta abuztuan beste batera noa, parte-hartzaile bezala», kontatu du.
Hiru urtetako lanaren emaitza
Auzolandegietan lan asko dago eta gazteei denetarik egitea egokitzen zaie. Zuloak egin, estokak jarri, masa egin, hormigoiarekin aritu lanean, taladro elektrikoa erabili, bihurkinak, atxurrak, aizkorak... horiek bihurtu dira hamabost egunetan auzolandegietako gazteen lan tresna. Helburua gazteei uda pasatzeko beste modu bat eskaintzea da. «Ondo pasatzeko aukera eskaintzeaz aparte, kultur ondarea babesteko lanak eta ingurumena eta bioaniztasuna berreskuratzeko lanak bertatik bertara ezagutzeko modua eskaini nahi zaie gazteei», agertu du Aranzadiko Mikel Errazkinek.
Artikutzan osatu duten ibilbidea, itsuentzako prestatutakoa, zoragarria da. Sokari helduta buelta osoan 500-600 metroko bidea da, lasai egitekoa, patxadan eta isiltasunean. Tartean, braille hizkuntzan idatzitako informazio panelak topa daitezke, eta atseden hartzeko bankuak. Atseden hartzeko edo inguruneaz gozatzeko; errekaren isuria, txoriak, igelak, hostoen karraska... hori guztia entzun daiteke. Zuhaitzen erliebea ukitu eta goroldioa sentitu.
Artikutzakoa baino ez den freskotasun atsegina senti daiteke masailetan, basoan barnako giro hozkirrian. Hori guztia sentitu ahal izango da datozen egunetan, baina GAUR8 Artikutzan egondako egunean giroa bestelakoa zen: motozerraren zarata gazteen algarekin eta kexekin nahasten zen etengabe. Hori da auzolandegietako doinua.
Aurten lehen aldiz, nazioarteko auzolandegiak
Kutxak aurten hamaikagarren aldiz antolatu ditu auzolandegiak –Aranzadi laguntzailea da, besteren artean–. Ingurumenaren kontserbazioan laguntzea, naturaz gozatzea eta taldean lan egitea dira auzolandegietako helburuak. Eta, nola ez, uda desberdina bizitzeko aukera eta lagun berriak ezagutzekoa ere bada auzolandegia.
Artikutzakoaz aparte, badira beste zenbait eskaintza aurten. Aralarren artzainen txabola zaharrak berreraikitzeko lanak egingo dituzte abuztuan. Bi astez, natur baliabideekin artzain txabola zaharkituak berritzen jardungo dute. Arantzazun, berriz, antzinako monasterioaren aztarna arkitektonikoen ikerketa egingo dute uztailaren bukaeran.
Hirugarren aukera bat Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerketa-taldeen laguntzarekin natur ingurunea eta ondare arkitektonikoari buruzko ikerlan-praktikak egitearena da.
Gainera, aurten lehenengoz, nazioarteko kooperaziorako bi auzolandegi ere eskaini dituzte: Ekuadorren bata eta Guatemalan bestea. Nazioarteko bi auzolandegi hauek iraila eta urria bitartean izango dira eta izugarrizko arrakasta izan dute. Ekuadorko auzolandegia Amazonian kokatuta dago eta garapen jasangarria eta Amazoniaren garapena sustatzea ditu oinarri. Guatemalakoak, berriz, antzinako maien enklabeen berreskurapena dauka helburu eta Peten oihanaren garapen jasangarria ahalbidetzea.
Auzolandegiek 15 urtetik hasi eta 27 urte arteko gazteentzako eskaintza biltzen dute eta aurten guztira 70 bat lagunek parte hartuko dute. Azken urteetan parte-hartzaile kopurua antzekoa izan da, nahiz eta beti auzolandegi batzuk beste batzuk baino arrakastatsuagoak diren. «Arrakasta handiena dutenak batez ere gazteen unibertsitate ikasketetarako osagarriak diren auzolandegiak izaten dira», adierazi dute arduradunek. Aurtengo auzolandegietarako tokirik ez dago. Interesa dutenek datorren urteko eskaintza iritsi arte itxaron beharko dute. Izena emateko epea maiatza inguruan zabaldu ohi da




