-

Iņaki Altuna

2007ko Uztailaren 13a

Prozesu demokratikoa bidera zezakeen negoziazio aldiak zergatik ez duen aurrera egin jakinarazteak urduritu egin ditu zenbait protagonista. Negoziazio mahaietan aurrerabiderik izatea galarazi dutenek ez dute gogoko gertaerok ezagutaraztea. Hasiera batean, GARAk kaleratutakoari kasurik ere ez egiten saiatu ziren, horretarako agindupeko zenbait hedabide irrigarri geratzera behartu behar izan bazituzten ere. Pentsa, Gobernua eta ETA, alde batetik, eta PSOE eta Batasuna, bestetik, garai eta leku berean elkartu izana (nazioarteko goi mailako bitartekari eta lekukoekin) ez zen egun askotan albiste izan ETBko «albiste» saioetan. Hasieran ez zuten aipatu ere egin. Gerora bai, ezinbestean. Gehiegitxo antzeman zitzaion telebista publikoari kazetaritza irizpide politikoen menpe zegoela erabat.

Prisa taldea eta, bereziki, «El País» egunkaria, berriz, bertsio «ofiziala» berregiten saiatu dira etengabe, betiere hedabide horietatik botatako aurreko faltsukeria zuritzeko asmoz.

Hedabideek izandako portaerak azterketa merezi du, zalantzarik gabe. Konponbideak horien beharra baitu, informazio fidagarria egiteko eta, jarrera editorial jakinekin, elkarrizketa eta akordio politikoaren balioa hobesteko. Gure kasuan, kontrako bidea egin dute gehienek, gertaerak desitxuratuz eta konponbideak behar dituen osagaien kontrako iritzia indartuz.

Armei men egin

Esan bezala, GARAk zabaldutako informazioa gutxiesten saiatu zen bat baino gehiago, baina azkenean plazara irten behar izan dute. Esate baterako, Josu Jon Imaz PSOE, EAJ eta Batasunaren artean Loiolan egindako negoziazio saioaren porrotean izandako portaera justifikatzen ahalegindu da. Horretarako, ezker abertzaleak PSOEri buruan pistola jarri ziola («irudizko adieran») salatu du.

Lehenago ere horrelako aipamenik egin izan du Imazek. Ez dira hilabete asko antzeko zerbait esan zuela Txibertan, orain dela 30 urte, indar abertzaleek mahai baten inguruan egindako bilerak gogoratuz. Francoren ondorengo egoerari aurre egiteko ildo bakar batean adostasuna lortzeko egin zituzten bilerok. ETAk mahai gainean pistola jarri zuela (orduan ez omen zen izan «irudizko adieran» soilik) eta EAJ mehatxupean aritzeko ez zela (ez dela) prest esan zuen orain dela gutxi Imazek.

Eskerrak historiagilea ez den EBBko presidentea. Bilera haietan izan zen Jose Luis Elkoro, eta hark erantzun zion segituan Imazi, baita horren hitzak gezurtatu ere: Argala ETAko ordezkariak ez zuen orduan, orain dela 30 urte, ekintza armatuarekin mehatxu egin. Aitzitik, su-etena eskaini zuen, abertzaleen arteko elkarlana errazteko. Pistola mahai gainean izan bazen, bertan uzteko eta ez erabiltzeko jarri omen zuten ETAkoek.

Telesforo Monzonen jaiotzaren mendeurrena zela-eta, bilera haietaz hitz egiteko elkartu ziren zenbait protagonista, duela urte pare bat, Anai Arteak antolaturiko hitzaldian. Elkoro bera ez ezik Joseba Azkarraga sailburua eta Joxe Manuel Pagoaga, Peixoto, iheslaria ere izan ziren bertan, kontu kontari. Su-etena egiteko orduko eskaintzaz ere hitz egin zuten. Argalak ekintza armatuen etenaldiaren aukera aipatu zuenean Txomin Iturbek ETAk ez zuela horrelakorik eztabaidatu ohartu zion. Argalak hurrengo bilerarako erabaki hori lortzen saiatuko zela hitza eman zuen.

Ordurako, ordea, EAJk bere bidea hartua zuen. Pistolaren kontua aitzakia izan zuen. Pistola ez ezik tankeak ere baitzituen Armada espainolak, eta hari ez zitzaizkion oldartu jelkideak, ez zioten esan mehatxupean ez zutela deus onartuko. Arzalluzek berak behin baino gehiagotan adierazi du ez zegoela frankismoaren erreforma zetorren bezalaxe ontzat ematea besterik; militarren armen («ruido de sables») mehatxuagatik, hain zuzen ere.

Inposizioa

Oraingo honetan ere, Imazek pistolaren aipamena egin du («irudizko adieran», hori bai) helburu jakin batekin: ezker abertzaleak bere proiektu politikoa inposatu nahi izan duela irudikatzea. Inposizioa, horixe da ezker abertzalearen kontra erabili nahiko duten hitza, betiere beste eragileen erantzukizuna garbitzeko. Maiatzean egindako azken bileretan ere hitz hori erabili omen zuten Alderdi Sozialistako ordezkariek, Hego Euskal Herriko lau herrialdeentzat autonomia proposamena zela-eta.

Antza, gaur egungo egoera euskal herritarren borondatearen ondorio da. Espainiako Konstituzioa Euskal Herrian onartu ez izana eta burujabetasunaren aldarrikapena mespretxatu izana ez dira, beraz, inposizioaren ordain politikoa. Horrenbestez, euskaldunek berezkoa dute lurralde zatiketa eta erabakitzeko eskubidearen ukazioa. Eta, hara, egoera hori aldatu nahi izatea euskal gizartearen pluraltasuna onartu nahi izatearen seinale besterik ez da. Alajaina!

Inposizioa dute hitz magikoa mahaian alternatibarik aurkeztu ez dutenek. Horrekin saiatuko dira gertatutakoa desitxuratzen, baita prozesuaren hasierarako finkaturiko oinarriak ezkutatzen ere. Estrategia partekatua, inposiziorik gabekoa, eraiki behar zutela ahantzi nahiko dute. Estrategia partekatua, ezker abertzaleak egungo errealitatetik abiatzea ontzat emateko eta Gobernuak konponbidea Hego Euskal Herriko lau lurraldeei dagokiela onartzeko, ETAk eta Gobernuak sinatutako akordioak zioenez.