MOTOGLOBO -

Mikel Etxebarria

2007ko Uztailaren 13a

Egun on berriz ere Motogloboren kronika berri batera, Siberiako Tomsketik. Azken aldian Djurtuli hiri ttipian gelditu ginen eta, hurrengo egunean, Chelabinskerat abiatu nintzen, aroaren laguntzarik gabe. Egia erran, nahiko eguraldi euritsua izan dut. Aldiz Chelabinskerat sartzeko zorte ona ukan dut, hiri handia izanik ere aski erraxa izan baita. Hor ohartu naiz nola egina den Mosku eta Vladivostock arteko eremua: badira hiri handiak, milioi bat edo milioi eta erdi biztanlekoak eta, tartean, 500 edo 700 km non ez den deus, salbu herri ttipi batzuk noizbehinka. Bitxia beraz, 700 km deusik gabe eta hiri handiak bat-batean. Gainera, aski kaotikoak. Ez hori bakarrik, nahi gabe ere, bertatik pasa eta hiriak zeharkatu beharra dago. Ez da erraxa, seinale oso guti baita. Ondorioz, denbora ainitz galtzen da. Ohartu naiz, beraz, duda bat izanez gero, hobe dela jendeari galdetzea. Jendea laguntzeko prest dago beti eta labirintotik ateratzeko guztiz beharrezkoa da!

Chelabinsk nahiko hiri handia da, baina interes gutikoa. Salbuespen bakarrak hurrengoak dira: Lenin plaza, antzokia eta bien arteko karrika komertzial aski mendebaldekoa.

Anekdota gisa, hotel bila nenbilelarik, laguntza eskatu eta berehala, gizon batek hotela non zen erakutsi dit, jende gehienak egiten duen bezala. Ez hori bakarrik, proposatu dit motoz nirekin jitea, xuxen bidea erakutsi eta ez galtzeko... Zinez jende maitagarri eta lagunkoia.

Bitxikeria, hotelerat heltzean -eraikin handia- paretan munduko zenbait hiritako orduak zirela konturatu naiz: Londresekoa, Moskukoa, Parisekoa eta bertakoa. Hor ohartu naiz Euskal Herriko orduarekin alderatuta, lau oreneko desberdintasuna nuela: lau oren gehiago! Ez nintzen ordura arte ohartuta desberdintasunaz eta arras bitxia suertatu zait!

Mosku eta Vladivostoken artean bederatzi oreneko desberdintasuna da. Bien artean, bederatzi aldiz aldatzen da ordua. Sentipen bitxia eragiten du. Gainera, bereziki gogorra da goizetan!

Egun horretan sartu nintzen Siberian. Horrat heltzeko mendikate bat zeharkatu behar da, Asia eta Europa arteko muga markatzen duena, Ural mendikatea. Izugarri ederra izan da kate horren iragaitea, ia 250 kilometroko luzerako ibilbide ederra izan da, salbu eguraldi aldetik zorterik ez dudala ukan. Euria ari zuen eta errepidea, oso txarra, kamioiez josia zen. Oso gustuko ibilbidea, halere.

Aro eguzkitsua eta tenperaturen gorakada ikusirik, hurrengo eguna kilometro mordoa egiteko baliatu nuen.

Errepidean ohartu nintzen Errusiako Europako parte horrekin desberdintasuna bazela: bide hobexeagoak, trafiko gutxiago eta kontrol gutxiago. Beraz, motoz ibiltzeko goxoago. Hori dela eta, 900 km egin nituen, Omsketik 200era geldituz, Isijavkulen. Errepide ondoan ur asko zegoela ikusi nuen. Gauerako hartutako moteleko jabeak esplikatu zidanez, uholdeak izan berri ziren. Bere etxean metro bat ur sartu zela esan zidan. Telebistan ere ikusi nuen joan den astean Siberia erdian ekaitza izugarria izan zela desmasia ainitz eraginez, urakan batekin eta guzti. Aro txarra, beraz. Ondoko egunetan hobetuko dela espero dut.

Omskeko bidea hartu nuelarik -ez da beti errax bide zuzena topatzea, bide seinale falta edo horien argitasun faltagatik- Kazakstanen sartu nintzen ia-ia. Hori ez nuen nahi arrazoi batengatik: hala eginez gero, Mongolian sartzeko aukera galduko nuen bisadoen eraginez. Errusiako bisadoek bertatik behin ateratzeko aukera ematen didate, baina ez bi aldiz. Beraz, Mongolia ala Kazakstan izanen zen! Beharrik kamioi gidari batek norabide egokia erakutsi zidan eta, gibeleraka kilometro batzuk gehiago eginik ere, lortu nuen bide onerat itzultzea Kazakstanetik pasa gabe.

Omskerat heldu nintzen biharamunean. 1 300.000 biztanleko hiri handia da eta egun batean ikus daiteke. Erdi-gune interesgarria du. Hiri gehienek bezala, Lenin karrika du bere estatua batekin. Egun goxoa pasa nuen karrika eta eraikuntza ederrak ikusiz. Bazkari ona egin nuen kazetaritzarekin lotutako Journalist ostatuan: pareta guztietan aldizkari zaharren argazkiak dira, baita argazki tresna zaharrak ere. Bazkaria oso ona zegoen. Lehen aldikotz kabiarra dastatzeko aukera izan nuen, egiazkoa, entsalada batetan. Zerbitzariari galdetu nion eta segurtatu zidan Errusian ez dagoela kabiar faltsurik. Biharamunean Omsketik Tomskerat abiatu nintzen, 1.000 km-ra dagoen hiria. Tartean Novosibirsk hiria dago, baina erran didate ez duela interes handirik, biziki handia eta industriala dela. Beraz, nahiago izan dut zuzenki Tomskeraino joatea.

Tomsk hiri ttipia da... Errusiarako! 600.000 biztanle ditu. Tomsk bisitatzeak merezi du. Zurezko etxe andana du, izugarri ederrak: zizelkatuak, dekoratuak eta beste. Eraikuntza ederrak ere baditu, baita hiriaren parte handia ikustea ahalbidetzen duen mendi tontor ttipia ere -bertatik eliza eta eraikuntza ederrak ikus daitezke-. Beraz, bisita egiteko hiri goxoa da, zinez. Hiri gaztea da Tomsk, unibertsitate girokoa. Horren erakusle, gazte asko ikusten da gauetan, giro berezia sortuz.

Siberiako lehen egun horietan, ohartu nintzen zenbait desberdintasunetaz. Prezioak askoz apalagoak dira Europan baino -ez gauza denetan baina bai askotan-. Ezantza arrunta, adibidez, 60/70 zentimotan da. Jatekoa ere merkea da, ostatuaren arabera, 3 eta 20 euro artean bazkaldu daiteke. 20koa afari ona izango da, modan den ostatu batean egindakoa. Hori bai, 5 edo 4 eurotan oso ongi jan daiteke errusiar janaria, ostatu ttipi batean kalitatezko jakiak janez. Lo egiteko ere, diferentzia handia da: Moskun hotel merke batek 100 euro balio ditu eta inguruko herri batean 13 eta 60 artean. 20 eurotan hotel arrunta topa daiteke, baina ez da guk ezagutzen dugun hotelen modukoa, bainugela eta beste apainketekin. Komunismoaren garaiko hotelak dira. Zuretzat garrantzitsuena babesturik lo egitea bada, ongi daude. Hori bai, ez da konparatu behar Europan ditugun erreferentziekin.

Autoei dagokienez, handiak ala ttipiek, berriak ala zaharrek, berina ilunak dituzte. Hiritar bati galdetu diot zergatik den eta bere azalpena berotasuna ekiditeko dela izan da. Ez dut gehiegi sinetsi. Iduritzen zait halako mafia giro zerbait ematea maite dutela, nehork ez ikustea nor den barnean... Gainera, denek dute alarma: izan Lada zahar hautsia ala ez, alarma badu.

Jendeak berehala erraten dizu kasu emateko non aparkatzen duzun, lapur anitz dagoela, segurtasun eskasia handia dela... Bada, orain arte, ez dut halakorik sentitu, ez une txarrik, ez sentipen txarrik jendearen egoerarengatik, ez ezer. Halere, gauean motoa kanpoan ez uzteko gomendatu didate eta parkingetan sartu ohi dut. Hemengo aparkalekuak aski bereziak dira. Gehienak etxe artean kokaturiko lur eremu babestuak dira eta, noski, ordaindu egin behar da. Orain arte erabili ditut, ez baitira oso garestiak. Gisa batez, «segurrago» sentitzen dut motoa hola.

Gidatzeko moldeari dagokionez ere, hirietan bereziki, gazteek edozein auto izanik, berri ala zahar, ero moduan gidatzen dute, lasterketa etengabean, semaforo batetik bestera alde guzietatik pasatzen... Halere, kontrol asko dago eta nonahi gelditzen du jendea Poliziak.

Errusia izugarri kontrolatuta dago eta nahi eta nahi ez pasa behar duzu kontrol guneetatik. Ez dago beste aukerarik. Hiri eta eskualde arteko errepide guztietan kontroletatik pasatzeko sistema ezarri dute. Kontroletan zure abiadura 30 km/h-ra apaldu behar duzu eta, aitzinetik pasatzean, Poliziak aukeratzen du nor gelditu paperak eskatzeko eta norabidea galdetzeko. Bi aldiz gelditu naute eta ez dut arazorik ukan. Jende guzi-guziak pasa behar du kontrol horietatik hiri edo eskualde bakoitzeko sarrera edo irteeratan. Berezia zinez. Noski, abisatu gabeko zenbait kontrol ere badira.

Orain arte beraz, nahiz bi isun ezarri dizkidaten, ez dut gatazkarik ukan Poliziarekin. Bidea eskatzerakoan aski «lagunkoiak» izan zaizkit beti.

Hona, beraz, orain arte egindako 9.000 kilometroak. Helburua hori zen, Baikal aintzirara edo Irkusk aldera ahal bezain laster heltzea, Errusia erdigunerat. Baitakit, gero, errepideak txarragoak izanen direla. Errepidetik kanpo ibili beharko dut batzutan, pistak besterik ez baitira izango... Hor, beraz, denbora ukan nahi dut munduko itzulia garaiz egiteko nahiz hiri handietatik atera eta eremuaren handitasunaz jabetzeko.

Da Svidania! ·