HEGOAFRIKA / GREBA / EKONOMIA -

Hilaren 20an sinatuko dute Mbeki presidentearen Gobernuak eta sindikatuek arlo publikoko lehenengo greba orokorrari amaiera ematen dion ituna, nahiz eta irakasleak ados ez dauden

Jose Angel Oria

2007ko Uztailaren 13a

Egunotan, Hegoafrikako Gobernua eta arlo publikoko sindikatu nagusiak negoziatzen ari dira. Ekaina oso hilabete gogorra izan zen, langileak greba egin beste erremediorik gabe geratu baitziren, bizimoduaren garestitzeari aurre egin ahal izateko eskatzen zuten %12ko igoera lortzeko. Azkenean, gutxiagorekin konformatu behar izan dute (%7,5eko igoera).

Zehaztu gabeko gauzatxo guztiak zehaztu ondoren, hilaren 20an sinatuko dute Gobernuak eta sindikatuek hitzartutako ituna. Hala ere, ekaineko greba orokorrak gogorarazi du zauri asko odoletan daudela oraindik, orain hamahiru urte apartheid erregimenari amaiera jartzea lortu zuen herrian.

Desmond Tutu artzapezpikuak grebaren azpian dagoen arazoa azaleratu du: aberatsen eta pobreen arteko aldea, murriztu egin beharrean, hazi egin dela. Desberdintasunak eta justizia ezak eragiten duten amorrua areagotu egiten da herrialdea 2010eko Munduko Futbol Txapelketa hartzeko prestatzen ari denean; hau da, mundu osoari aurpegirik onena emateko prestatzen ari denean. «Financial Times» egunkariak jaso zituen Desmond Tutu 1984ko Bakearen Nobel saridunaren hitzak eta hausnarketak. Haren iritziz, aberatsenen eta pobreenen arteko aldea murrizteko urrats eraginkorrak egin behar dira, bestela herrialdeak ez du izango-eta aurrera jarraitzerik. Eta horretarako, ondasunak hobeto banatzeko eskaria egin du Tutuk.

Artzapezpikuak Hegoafrikako historiaren azken urteotan gertatutakoa ekarri du gogora, egoera txarrenetan bizi diren herritarren pazientzia nabarmentzeko. «Benetan harrigarria da hegoafrikarren pazientzia, nabarmentzekoa, gehienak urrutiko eskualdeetan bizi baitira, apartheid-aren garaiko txaboletan, agindu zitzaien onura noiz iritsiko zaien zain, asper-asper eginda», esan zuen.

Ekainaren 1ean hasi zen Hegoafrikako alarma argi guztiak piztuarazi dituen arlo publikoko langileen greba. Herrialdeko historian inoiz ez zen izan horrelakorik, ezta gobernu arrazisten garaian ere. Sindikatuek orduan jakinarazi zuten helburua: soldatak %12 igotzea. Mbekiren Gobernuak %6ko igoera besterik ez zuen onartzen.

Ikastetxeak, itxita

Herrialdeko ikastetxe gehienak itxita egon ziren ekain osoan grebaren eraginez. Erietxe publikoetan ere egoera ez zen betikoa izan, baina ateak ez zituzten itxi, larrialdiei aurre egiteko gutxieneko zerbitzuak eskaini beharra zeukatelako.

Oposizioak egin dituen kalkuluen arabera, Pretoria eta Johannesburgo hiriak hartzen dituen Gauteng eskualdean, erietxeek 4.000 ebakuntza baino gehiago egin gabe utzi dituzte greba zela-eta. Beraz, hemendik aurrera lana pilatuta edukiko dute.

Mbekiren Gobernuak Armada mobilizatu behar izan zuen erietxeetako langileek utzitako hutsuneak betetzeko. Gainera, Polizia bidali zuen osasun etxeetara «gaixoak eta grebarekin bat egin ez duten langileak babesteko».

%6tik %12ra, horixe zen ekainaren hasierako aldea. Negoziazio prozesua oso gogorra izan da langileentzat, ekain osoa ezer kobratu gabe egin baitute. Gobernuak zertxobait aldatu zuen hasierako jarrera, baina ez langileek nahi adina. Aurrena %6,5eko igoera eskaini zuen, geroxeago %7,25ekoa... Bitartean, greban esku hartzen ari ziren erietxeetako ehunka langile kanporatu zituen Gobernuak, gutxieneko zerbitzuak eman ez izana egotzi ondoren.

Mugimenduaren zatiketa

Terry Bell langileen mugimenduei buruzko kontuetan aditua denaren ustez, arlo publikoko grebak ez zuen denbora handian aurrera jarraitzerik, langileen egoera gero eta txarragoa baitzen. Horregatik, ekainaren 28an greba amaitutzat eman aurretik, eskualde batzuetan gremioetako elkarteak eratu eta horiek lanera itzultzeko deialdiak egin zituzten. Sindikatuek abian jarritako protesta mugimendua zatitzen hasia zen, eta greban jarraitzeko animoa ahultzen.

Hala ere, irakasleen sindikatuak ez zeuden une horretan Gobernuak eskaintzen zuen %7,5eko igoera onartzeko moduan. Beste sindikatu gehienak, aldiz, lanera itzultzeko deialdia egiteko prest zeuden. Beraz, irakasleei Gobernuarekin negoziatzen jarraitzeko aukera baino ez zitzaien geratu. Lan baldintzak hobetu ahal izatea espero dute. Greban esku hartzeagatik kanporatu zituzten erietxeetako langileak berriz lanean hasteko moduan izango dira.

Protestaldiak oso irudi esanguratsuak utzi ditu. Esaterako, pankarta batzuetan Thabo Mbeki presidentearen Gobernuak langileei eskainitako %6ko igoera, onartu berri duten presidentearen soldataren %57ko igoerarekin alderatzen zuten sindikatuek.

Cosatu Hegoafrikako Sindikatuen Kongresuak goraipatu egin du Gobernuak eta sindikatuek hitzartutako ituna, eta «historikoa» dela esan du. Haren ustez, hemendik aurrera Hegoafrikako arlo publikoko langileek «aro berria» ezagutuko dute. Horregatik, grebarekin bat egin zuten 17 sindikatuak zoriondu zituen, batasunari eutsi diotelako. Horri esker, «nagusiak ez dira gehiago ausartuko langileoi jaramonik ez egitera».

Presidente berria

Analista politikoek nabarmendu dute arlo publikoko lehenengo greba orokorra Gobernuaren aldeko indarren arteko lehia izan dela. Cosatu eta Alderdi Komunistarekin bat egin dute ANC Afrikako Kongresu Nazionaleko sektore ezkertiarrenek, Thabo Mbekiren Gobernuak aberatsen eta pobreen arteko aldea murrizteko nahikoa egiten ez duelakoan.

ANC barruko eztabaida gehienak Mbeki presidentea ordezkatu behar duen politikaria aukeratzeko prozesuaren ingurukoak dira azken bolada honetan. Mbekik 2009an utzi beharko du kargua, eta, aurreikuspenak betez gero, aurten erabakiko du ANC alderdiak, abenduan edo, nor izango den bere hautagaia. Begirale gehienek uste dute ANCko hautagaia izango dela presidente berria, sekulako ezustekorik izaten ez bada.

Badira ezustekoa posible dela esaten duten begiraleak ere. Bere garaian ANCri botoa emandako askok orain esaten dute Mbeki presidenteak ez duela bete hauteskunde kanpainan bazter guztietan agindutakoa; hau da, «etxebizitza berriak guztiontzat» egingo zirela.