-

Xole Aramendi-Amagoia Mujika

2007ko Uztailaren 13a

Sanferminak. Euskal Herriko festa handienak eta entzutetsuenak. Europako «jaialdi» ikusgarriena. Asko ematen dute esateko eta ikusteko eta, nola ez, entzierroak eta zezenak dira lehen lerroan agertu ohi direnak. Baina bestelakoak ere jasotzen dituzte mundu osoko agerkariek.

Eta adarkaden partean bat nabarmentzekotan -bere esanetan, mingarria baino mingarriagoa izan dena- Fernando Sebastian Iruñeko artzapezpikuak jasotakoa. «www.revistaecclesia.com» agerkari digitalean agertu du bere ezinegona, Muthiko Alaia peñak egindako pankarta baten harira. «Jaiegunak poztasun egunak dira, baina aurten gure poza zaurituta dago», adierazi du Sebastianek mezu luze-luze batean.

Baina dena ez da zauria eta kexa. Sanferminen berezko tasuna, nola ez, umorea da. Umore ona nagusiki. «The Associated Press» agerkariak, esaterako, tokia egin dio talde feminista batek erdi txantxetan erdi serio egindako eskaerari: San Fermin jaietan behien entzierroak izatea proposatu dute, berdintasunaren aldeko urratsak egite aldera: «Gizonezkoek zezenen aurrean korrika egiten badute, guk, emakumezkook, behien aurrean egin beharko genuke lasterka sanferminetan. Logika hutsa da». Eta proposamenak babes ugari jaso omen du.

«Gora edota viva»

Txupinazoaren aitzakian ere lerroak eta lerroak idatzi dira sarean; kolore eta doinu desberdinekoak, gainera. Mexikoko «La Jornada» egunkariaren arabera, Iruñeko alkate «kontserbadoreak», Yolanda Barcinak, «Gora San Fermin!» oihukatu zuen euskaraz eta gaztelaniaz. Peruko «Correo» agerkariaren hitzetan, berriz, «¡Viva San Fermin!» izan zen alkatearen oihua.

Santo Domingoko «Listindiario» agerkarian bidaia kronika eskaini diote San Fermin jaiei. Alegia, kazetaria Iruñeko kaleetan barna ibili da jaiegun batean. Eta zerk eman dion atentzioa? Bada, goiz bakarrean -uztailaren 7koan, hain justu- txuriz jantzitako lau ezkongai ikusi dituela. Sanferminetan denak zuriz jantzita joan arren, ez direla oharkabean pasatzen printzesa soineko nabarmen horiek.

Sanferminen oihartzuna pentsatu ezineko tokietaraino iristen da, herrialde hauetaraino besteren artean: Ameriketako Estatu Batuak, India, Kuwait, Txina, Kanada eta Europako bazter ugaritara.

“The Hindu” agerkariak Iruñeko kaleetan jasotako zenbait testigantza bildu ditu orrialdean. Bata, kasik sinestezina, sanferminetan alkohol tantarik ere probatzen ez duen 28 urteko Londresko gaztearena. Thuy Trinhek hala kontatu du: «Hau eromena da, baina asko gustatzen zait ondo pasatzen ari den jendeari begira egotea». Aldiz, Sara Newey eta Rene Armstrong australiarrek harroxko-harroxko zerrendatzen dute azken hamabi orduetan edandakoa: Jack Daniels botila, sangria litro dezente eta seina garagardo. «Ez dago gelditzerik, etengabe jaian jarraitu beharra dago», esan du Neweyk, sangria edalontzia esku batean eta ardo botila bestean hartuta. 600 laguneko talde batean etorri dira Australiatik.


Washingtongo Matthew Genovesek “The Guardian” agerkariari aitortu dio kafeari esker iraun duela gau osoa festan. Lehen aldiz etorri da Iruñera aurten. Ray Ducharme estatubatuarrak aurten ez omen du gogo handirik zezenen aurrean jartzeko; izan ere, iaz bere azalean probatu zuen zer den adarkada bat. Ruben Muñoz madrildarra da, eta 24 urte ditu. Nahiago du zuhurtziaz jokatu: «Lasterkari askok ez daki zertan ari den. Zezenek hil egin dezakete». Badaki zertaz ari den, azken bost urteetan atera baita entzierroetan. «Adrenalina askatzen laguntzen dit», aitortu du.

Adrenalina, horixe Iruñeko kaleetan barra-barra aurki daitekeena. Batzuek sangriarekin lortzen dute, kafearekin beste batzuek eta badira adarrekin lortzen dutenak ere. Detaileak, bakoitzak.