Dagoeneko salgai dago Bartzelonan Reva-i auto elektrikoa. Estatu espainolean merkaturatzen den aurrena da. Ibilgailu urbanoa da eta 60 kilometroko autonomia du. hori bai, ekologikoagoa da
Imanol Amiano
2007ko Uztailaren 13a
Munduko auto marka ezezagunenen artean dago REVA. Baina sigla horrek ezkutatzen duena (Revolutionary Elecrical Vehicle Alternative) automozioaren etorkizuna izan daiteke. Petrolioa amaitzen denerako esperimentua dirudi Reva-i modeloak: ez du batere gas isurketarik eta poluzio akustikorik sortzen. Edozein telefono mugikorretan bezala, entxufe soila nahikoa da bateriak kargatzeko. Eguneko kontsumoa euro batekoa da. Gidabaimenik behar ez duten mikroautoen tankerako neurriak ditu (2,6 metro luze, 1,3 metro zabal eta 1,5 metro altueran) eta, gidatzeko, nahikoa da 125 cc-ko motorrak eramateko eskatzen den B baimena. Estatu espainolean 12.000 eurotan eros daiteke, Bartzelonan hain zuzen ere. Urte amaierarako Madrilen salmenta puntu bat irekitzeko asmoa ere badauka Indiako REVA enpresak.
Batzuen ustez, ordea, etorkizunak itxaron dezake: eragozpenak zenbatzen hasi eta abantailak adina direla diote. Lau eserleku omen, baina atzeko bietan haurrak soilik eseri daitezke, betiere aurrekoak mugitu eta leku apur bat lortzen bada («golf makilak eramateko gurdia dirudi», diote foro batean). Urrutirago joan eta proiektua petrolio alorreko handi-mandiren batek auto elektrikoei ospea kentzeko asmoz gauzatu duela esaten duenik ere badago. Izan ere, motore elektrikoa 13 kw-ekoa da, 17,5 zalditako potentzia du eta ezin du 70 km/h-ko abiadura pasa. Hirian ibiltzeko pentsatuta dago eta muga hori hainbesterako ez bada ere, autonomia nahiko eskasa du: 60 eta 80 kilometro artekoa -15 kilometro falta zaizkionean abisua ematen du-. Dituen berunezko zortzi bateriak guztiz kargatzeko zortzi ordu behar dira, baina bi ordu eta erdian %80a betetzen da.
Mantentzeko orduan ere alde onak eta txarrak daude, sei hilero edota 7.000 kilometro egindakoan aztertu behar bada ere, mantentze kostua gasolina edo diesel motoredun autoena baino %40 gutxiago baita. Izan ere, karburagailurik eta konbustio gasik ez duenez, filtro aldaketak eta eskape arazoak ekiditen dira. Hori bai, ibilgailuen Azterketa Teknikoa sei hilero pasatu behar da -urteko mantenu kostuari 60 euro inguru gehitu behar zaizkio-. Bestalde, 12 volteko berunezko bateriek hiru urte irauten dute eta 300 eta 450 euro artean balio dute.
Beste auto elektriko batzuk ere badaude merkatuan. Honda EV plusak 130 eta 180 kilometro arteko autonomia eta 130 km/h-ko gehieneko abiadura du, baina 60.000 euro balio ditu. Tesla Roadsterrak 72.000 euro balio ditu. Azkenik, 370 km/h-ko gehieneko abiadura hartzen duen Ellicak 257.000 euro balio ditu. Hori bai, bateriek soilik 169.000 euro balio dituzte -prestazio hobeak lortzeko litio eta abarrezkoak erabili behar dira eta horrek autoak oso garesti egiten ditu-.
Ingalaterran 800 auto saldu zituzten iaz, dudarik gabe Londresen dituzten kutsadura arazoak direla eta agintariek emandako erraztasunak medio: hirira sartzeko bidesaria edota parkimetroetako tarifa ordaindu beharrik ez dago, eta bateriak kargatzeko 220 w-ko entxufeak dituzten 200 puntu daude jada.




