Iņaki Soto
2007ko Uztailaren 13a
Artikulu honek «Atzerria» sailari hasiera ematen dio. Hortaz, atzerriari, nazioarteari, munduari buruz idazten dugu hemen. Normalean, nazioarteko politikari buruz hitz egiten dugu: non nahiko hauteskundeak, hainbat tokitako dinamika politikoak, zenbait instituzioren jokabidea, nazioarteko joerak... aztertzen ditugu.
Gaur munduari buruz ez baizik eta munduko hiritarrei buruz hitz egin nahi dut. Euskaraz «hiritar» ez omen da esaten, euskara jatorrean «herritar» esan behar omen da. Niretzat, ordea, alde handia dago herritarren eta hiritarren artean. Adibidez, munduko herritarrak munduan bizi garen pertsona guztiak gara. Munduko hiritarrak, niretzat, beste mundu batean bizi diren pertsona batzuk dira. Munduko hiritarra esateko beste era kosmopolita da.
Kosmopolitak beraien nortasuna ukatzetik abiatzen dira. Kosmopolitak era honetan laburbiltzen du, gutxi gorabehera, bere izaeraren aurrean eta bere buruari duen ikuspuntua: «Ni hau naiz -demagun alemana, beltza edo gizonezkoa- baina igual dio, horrek guztiak ez du niretzat inolako garrantzi berezirik, ez du bestelako baliorik; areago, mundua hobeagoa litzateke baldin eta ezaugarri horiei lotutako baldintzapen sozialak, kulturalak eta politikoak gaindituko bagenitu». Ondorioz, beraien burua kosmopolita gisa definitzen duten horiek ez direnetik abiatzen dira, direnetik baino gehiago. Beraien posizioa honela laburtu daiteke: mundua mundu ez balitz, eta gizakia gizakia ez balitz hobeto geundeke.
Logikoa denez, politikoki jarrera horrek ez du predikamendu handirik, sozialki zirkulu batzuetan ondo ikusia dagoen arren -batez ere akademikoen eta 16 urteko nerabeen artean-. Badaude, jakina kosmopolitismoaren defentsa sakonagoak baina, azken batean, internazionalismoaren eta kulturartekotasunaren barianteak direla uste dut.
Kosmopolitismoaren beste adiera, ordea, adiera kulturala, askoz hedatuagoa dago, mendebaldeko gizarteetan batez ere. Mendebaldean, beste gauza guztiak bezala, kultura produktu bezala ulertzen da.
Horiek hala eta asko sinplifikatuta, mundua kultura produzitzaile eta kultura kontsumitzaileen artean bana daiteke. Jakina, kulturaren profesionalez aparte, guztiok ekoizle eta kontsumitzaile garela esan daiteke. Kosmopolitak, ordea, kultur kontsumitzaile hutsak dira. Munduko hiritar horiek nazio txikien herritarretaz iseka egiten dute eta nonbaiteko kide sentitzen diren horiek ondare kulturalari ematen dioten balioa mespretxatzen dute. Horri `munduko kultura' kontrajartzen diote, ikuspuntu irekiago bat, nola ez, toleranteagoa.
Kasualitate hutsa
Zergatik eman balio berezirik gure kulturari, kasualitate hutsez jaso dugun horri, munduan zehar dauden kultura guztietatik zer edo zer ederra hautatu eta gozatu baldin badezakegu? Gosaltzen Marokotik ekarritako tea har dezakegu, gure wi-fidun ordenagailuan «The Guardian» txekeatzean dugun bitartean. Trenean Hego Afrikako autore famatuaren azken liburua irakurri dezakegu edo gure i-podean Sufjan Stevensen kantak entzun ditzakegu. Jatetxe japoniar batean bazkaldu dezakegu, edo jatetxe indiar batean, edo mexikar batean... Etxera bueltan, tango edo tai-chi ikastaro batean apuntatzearekin amestu dezakegu. Gauez «Friends» telesaileko kapituluen errepikapenak ikus ditzakegu telebista tresnan.
Jokabide horrek mugapen logikoa du: gauza horiek guztiak egin ditzagun, beste nonbaiten, beste norbaitek, kultura baten adierazpenak diren horiek sortu behar ditu. Alegia, ekintza horiek guztiek era batean edo bestean munduan zehar herri eta kultura horietako kideek kultura horiek bizirik mantentzeko eta garatzeko egiten duten esfortzuaren isla dira. Kosmopolitek aniztasuna baloratzen dutela esaten dute, exotiko gogoko dutela esan nahi dutenean.
Dena den, menpekotasunaren eta errepresioaren ondorioz kulturarekiko bizipen berezia duen herri baten kide izan arren, ez da komeni gehiegi harrotzea. Euskal herritar izateaz gain, mendebaldeko gizarteko kide ere bagara eta gure egunerokotasunak zerikusi handia du aurreko paragrafoan deskribatu dudan egutegi horrekin. Honekin ez dut kulturaren ikuspuntu estatikorik eman nahi; ez horixe; ez dut esan nahi gure lehentasuna kultura tradizionala erreproduzitzea denik, besterik gabe. Baina kulturaren ikuspuntu naif eta aldi berean komertzial horrekin kontuz ibili behar dugula uste dut.
Uda exotikoagatik dugun faszinazio hori ikusteko aukera paregabea da. Herrietako festak aurrera doaz eta gure kaleak bongoaren errege eta erreginez beteko dira. Txistua ahoan duenak besoa altxatuko du, isiltasuna eskatuz, baketa eskuan duela. Miresmena eragiten duen tentsio une hori pasa ondoren, txistua jo eta batukadakoek anis botilari eta bongoari eragingo diote eta burutik atera ezingo dugun erritmo dantzagarria sortuko dute. Gaur egun denok izan nahi dugu King of the Bongo. Gure gizartean denok daramagu kosmopolita bat gure baitan -edo hippy bat, edo agian snob bat, edo beharbada groupie bat...-.




