2007ko Uztailaren 06a
Astekari honetan idatzi nuen azkeneko aldian seme-alaba hil ondoko gurasoen doluaz aritu nintzen; gaur, ildo horretatik jarraituz, haurrek duten heriotza kontzeptua aztertuko dugu.
Egun oso famatua den «Haurrek bizi dutena ikasten dute» entsegu pedagogikoan, zera aipatzen du Dorothy Law Nolte autoreak: «Haurra kritikarekin bizi bada, zigortzen ikasten du; areriotasunarekin bizi bada, borrokatzen ikasten du; isekarekin bizi bada, lotsati izaten ikasten du; jeloskortasunarekin bizi bada, errudun sentitzen ikasten du; tolerantziarekin bizi bada, eraman handikoa izaten ikasten du; estimuluarekin bizi bada, konfiantza izaten ikasten du; adostasunarekin bizi bada, balioesten ikasten du; justiziarekin bizi bada, zintzoa izaten ikasten du; lasaitasunarekin bizi bada; fedea izaten ikasten du, onarpenean bizi bada, bere burua maitatzen ikasten du; onespenarekin eta adiskidetasunarekin bizi bada, munduan dagoen maitasunaz jabetzen ikasten du».
Nik, beste autore batzuekin bat eginez, zera erantsiko nuke: «Haurra egiarekin bizi bada, bizitzari aurre egiten ikasten du». Printzipio horretatik abiatuta, samur-samur esanda, horixe bera da haurrarekin izan behar den jokaera edo norma heriotzaren aurrean. Hau da, txiki-txikitatik jakin behar du haurrak heriotza bizitzaren parte dela, bizi garelako hiltzen baikara.
Gure gizarteak, heriotzari dagokionez, erabateko higienizazio prozesua bultzatu du. Hiltzorian dagoena ospitalean lurperatzen dute: ahotik tutuak dariola eta ospitale usaineko geletan hil ohi da, zibilizaziotik urrun. Lehen, aldiz, gaixoa etxean hil ohi zen eta heriotza naturaren parte bezala sentitu eta bizi zen. Naturaren bizitza ziklo zirkularraren bitartez, gizakiak heriotza ziklo horren parte bezala hartzen zuen. Heriotzarekin, gure gorputza utzi eta arima askatzen zen. Batzuentzat, horrek, zeruko paradisura joateko aukera zekarren; beste batzuentzat, beste edozertan eraldatzeko edo berpizteko aukera zen, adibidez lore zein animalietan.
Gaur egun, berriz, gure gizartean heriotza gure bizitzatik kanporatu behar dugun gaitza da. Ez dugu gai horri buruz ezer jakin nahi eta birus bat izango balitz bezala tratatzen dugu. Guraso askok, hori dela-eta, familia-kide bat hiltzen denean, askotan, haurra atsekabetik babestu nahian, gertatutakoari buruz ezer gutxi esaten diote eta ehorzketa erritoetatik at uzten dute.
Baina, sufrimendutik babestean bizitzatik ere babesten dute. Bazterketa horrek, umeak heriotzari buruz duen ideia nahasten du eta etorkizuneko galerei aurre egiteko gaitasunari kalte egiten dio. Hiru urte arte, bai kognitiboki, bai afektiboki, umea ez dago behar bezain garatuta heriotza kontzeptua ulertzeko. Nahiz eta adin-tarte horretan heriotza kontzeptua ezezaguna izan, gertuko pertsona baten ausentzia nabaritzen dute. Gainera, egunerokotasuneko aldaketei, bere zaintzaileei edota familiako arazoei erantzuteko gai dira. 3-5 urte bitartean heriotza behin-behineko gertaera bezala ulertzen dute, prozesu itzulgarria da, luze irauten duen ametsa izango balitz bezala. 5-9 urte bitartean behin-betiko jazokizun bat dela ulertzen du, besteei gertatzen zaien gertaera, baina ez berari. 10 urtetik aurrera guztiontzat saihestezina den gertaeratzat hartzen da.
Hori guztia kontuan izanda, lau aholku emango ditut haurrari heriotza kontzeptu egokia barneratzen laguntzeko eta traumak hobeki prebenitzeko:
Haurrei, bizitzaz bezala, heriotzaz ere hitz egin behar zaie. «Hiltzen gara bizi garelako». Horixe da ezagutzen dudan adierazpenik sinpleena eta eraginkorrena. Bizia dugulako eta bizia duen guztiak hil behar duelako hiltzen gara.
Gure gorputza estuki loturik dago gure gurasoengandik jasotzen dugun hitzetara; hortaz, oso garrantzitsua da heriotzari buruzko galderei erantzutea eta isilik ez geratzea. Heriotza baten aurrean egia era samurrean esan, nahasmena sor dezaketen eufemismoak edo leungarriak alde batera utzita. Hala nola, «ez zaitez gaizki sentitu...zure aita joan egin da» (galduta dagoela, baina, laster bilatuko dutela pentsa dezake), «zure ama zeruan dago» edo erlijio kutsua duten antzeko beste espresioak, adibidez «Jaungoikoaren nahia izan da» edota «Jaungoikoak asko maite zuen eta horregatik eraman du» (Jaungoikoak noizbait, edozein momentuan, bera ere eramango duela pentsa dezake). Azalpenak haurraren hizkuntzara egokitu behar dira, naturarekin bat egin behar da. Bizitzaren ziklo naturala har dezagun oinarritzat.
Haurraren sentimenduak ulertu. Haurrak, heriotzaren aurrean, pertsona nagusien antzeko erantzunak izaten ohi ditu, nahiz eta modu desberdinean espresatu. Ohikoenak hauek dira: gertatutakoarengatik tristezia erakustea, abandonatuak izan direlako amorrua sentitzea, izua sentitzea bizirik dagoen gurasoa hil daitekeela pentsatzeagatik, heriotza eragiteko gaitasuna duela pentsatzea, bere senide baten edo aitaren-amaren heriotza sortu duelako kulpa sentimendua izatea...
Hileta-elizkizunetan inplikatzea. Guraso askok haurra traumatizatuko delakoan, hiletan parte hartu edo ez dudan jartzen dute. Nire ustez, haur batek hileta-elizkizunetan parte hartu nahi badu, utzi egin behar zaio. Besteen dolua ikusteak bere dolua lantzen lagunduko dio. Horrelako erritoak oso lagungarriak dira haurren atsekabea gainditzeko.
Eredu positiboak eman. Haurrak mina eta tristura jarrerak ikustea ez da txarra. Ez dugu beldurra izan behar, haurren aurrean, gure sentimenduak azalerazteko (amorru erasokorra eta mingarria denean izan ezik). Sentitzen duguna erakusten diogunean, haurrak, gertutasunarekin sentituko gaitu eta, horrela, bera sentitzen ari dena azaltzeko erraztasun gehiago izango du. Guraso batek, haurra ez tristatzeko, heriotza baten aurrean larritasunik agertzen ez badu, bere seme-alaben sentimenduak «izoztu» ditzake. Edota haserrea, muturreko mina edota jarrera histerikoa agertzen badu, bere seme-alabak, jarrera horiek imita ditzake.
Ume baten maskota hiltzen denean edota ume batek panpina zahar baten zati bat gordetzen duenean, inoiz ez dugu barre egin behar eta inolaz ere ez ditugu bere sentimenduak gutxietsi behar «ez zaitez gaizki sentitu... katu bat baino ez zen eta» bezalako espresioak erabilita. Ez ahaztu errito baten bitartez onartzen dugula gizaki guztiok heriotza.




