TEKNOLOGIA / KONTSUMOA / IRAKURKETA / -

Internet gure eguneroko bizitzako tresna bilakatu denetik paperaren etorkizunaren inguruko espekulazio ugari egin da. Adituek orotariko iritziak plazaratu dituzte prentsa idatziaren eta liburuen etorkizunari buruz. Gainbehera aurreikusi zutenek, ez dute bete-betean asmatu. Eta jatorrian eskuzko idazkera eta inprenta oinarri duten medioak euskarri berrien bila ari dira aspalditik

2007ko Ekainaren 22a

Dagoeneko ohiko egin zaigu egunkarien edizio digitalak geure ordenagailuaren pantailan irakur- tzea edo etxean inprimatzea. Liburuak eta gisa guztietako idatziak PDF fitxategietan jaisten ditugu, eta testu editoreak erabiltzen ditugu idazteko. Baina oraindik ez da iritsi papera desagertzen ikusiko dugun eguna.

Munduan egiten diren hainbat teknologia azokatan alor honetako azken berrikuntzak egon ohi dira ikusgai. Horien artean, azken aldian oihartzun gehien izan duena epaper izeneko euskarria da.

Japonian, Fujitsu eta Sony etxeek dagoeneko badituzte beren bertsio propioak. Haien arabera, ikus-entzunezkoen iraultza ekar dezakeen asmakuntza da, testuentzat ez ezik multimedia euskarrientzat ere baliagarri izango baita modeloaren arabera. Ekoizlearen ahotik etorrita ere, badirudi oraingoan paperak harrotuko dituela «epaperak». Pantaila bat da, papera bezain fina, oso malgua eta eramangarria. Finenak 0,3 milimetroko lodiera du.

Hainbat erabilera izan ditzakeen arren, litekeena da formatu honetako pantailak irakurgaiei bideratzea, batez ere, datozen urteotan.

Bien bitartean, Fujitsuk dagoeneko erakutsi ditu tablet PCen antza duten eta pantaila gisa «epapera» erabiltzen duten zenbait prototipo. 50 orduko autonomia omen dute, eta haririk gabeko konexioa izango dute barneratuta.

Sony reader

2006. urte amaieran, Sony etxeak Reader izeneko tablet PC modukoa merkaturatu zuen Amerikako Estatu Batuetan. Paper elektronikoaren bitartez e-liburuak bistaratzeko aukera ematen du. iTunes Storeren antzerako ingurune grafikoa erabilita, Sonyren Connect eBook dendarekin konektatu eta liburuak erosteko aukera eskaintzen du. Gainera, Adobe PDFak, dokumentu pertsonalak, RSS jarioak, Jpeg irudiak, Mp3 audioak... bistaratzeko gaitasuna ere badu. Librié bezalako beste euskarri batzuek ez bezala, Sonyren Readerrak ez du idatz oharrak gordetzeko aukerarik ematen, ez eskuz ez teklatu bidez. Sonyren produktu gehienek bezala, murrizketak ere baditu, batez ere egile eskubide digitalen ingurukoak.

Funtsean, Sony Reader aparailuarekin milaka orri gorde, garraia eta bistaratu daitezke. Ordenagailu batetik edo zuzenean Internetetik jaitsita, koaderno baten tamainako tresna honetan liburutegi oso bat sar daiteke. Edo gutxienez ehunka liburu eta dokumentu.

Musikaren esperientzia

Teknologiari lotutako tramankuluekin gertatu ohi den legez, Mp3ak entzuteko aparailua inoiz erabiliko ez zuela uste zuen jende askok darabil orain egunero. Eta badirudi audioaren esperientziari arreta jarrita egingo dutela aurrera testuen inguruko euskarri berriok.

Adobe etxeak, esaterako, orain gutxi aurkeztu du testu digitalen kudeaketarako Adobe Digital Editions izeneko softwarea. Apple etxearen iTunes-en antza du, lehenengo begiratuan behinik behin. Baina musika fitxategiak kudeatu beharrean, irakurgaiak antolatzeko balio du. Musikaren esperientziak izan duen arrakastari begiratuta, ez da zaila aplikazio hauek guztiek bide horretatik jarraitzea eta urte gutxiren buruan denon ahotan, eta batez ere eskutan, egotea. Euskarri informatikoekin lan egiten duten etxe handienak bide berean dira. Merkatuan noiz gailendu itxaron besterik ez dago.

Oinarrian papera duen prentsa idatzi klasikoaren banaketari dagokionez ere izan da berrikuntzarik. Zenbait herrialdeetako aireportuetan, esaterako, Satellite Newspapers enpresak dagoeneko ezarri ditu mundu osoko egunkariak inprimatzen dituen makinak. Prentsa idatziaren kontsumo ohitura ez du aldatu euskarriari dagokionez. Baina banaketari begiratuz gero, bai.

Kutxazain baten itxura duten makinotan hainbat egunkari hauta daitezke (130 inguru). Bezeroak hautua egiten duenean, makinak satelite bidez eskuratzen du alea eta inprimatu egiten du. Ezberdintasun nagusia, beraz, hori da. Egunkariak ez dira aurrez inprimatzen. Ez da stockeko materialik sortzen. Banaketa ere beharraren arabera egiten da, ohi dena baino askoz azkarrago (furgonetak ez du kioskoz kiosko joan beharrik) eta eguneraketa gaitasun izugarriarekin egiten da.

«Clipping» prentsa

Irakurlearen ohiturak ere aldatu dituzte teknologia berriek, ez soilik euskarriari dagokionean. Clipping prentsa edo a la carta da horietako bat. Newspaper Direct edo My News etxeak dira, beste batzuren artean, sektore honetan gailendu diren enpresak. Biek ala biek Clipping prentsa zerbitzuak eskaintzen dituzte.

Balikete 90 orrialdeko egunkari batetik bi orrialde edo erreportaje jakin bat izatea interesgarri irakurlearentzat. Bada, prentsaren irakurketa ohitura klasikoaren parametroetan, eroslea egunkari osoa eskuratzera behartuta dago. Clipping prentsa zerbitzuek, alabaina, bezeroaren hautua hobesten dute. Alegia, ale osoa erosi gabe eduki jakin batetara sarbidea izateko aukera eskaintzen dute. Ordainketa modu ezberdinak eskaintzen dituzten arren, orokorrean orrialde kopuruaren araberako ordainketa egiten da gisa honetako zerbitzuetan.

Etorkizun ezezaguna daukate liburuek, prentsak eta orokorrean beltza zuri gainean idatziz funtzionatzen duten euskarriek. Baina duela zenbait urte etorkizun zaila eta gainbehera aurreikusten baziren ere, egun eraldaketaz hitz egiteak berehalako desagerketaz mintzatzea baino logikoagoa dirudi. Teknologiek kontsumo ohiturak asko aldatu dituzte eta bide erosoagoak topatu dituzte. Ekoizleek izan beharko dute orain kontsumitzailearen ohituretara moldatu beharko direnak. Ez tresna teknologikoak sortzen dituztenak soilik, baita argitaletxeak ere.