-

Nork ez du amets egin juxtu beretzat den botila bat topatzen duela itsaso bazterrean? Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako haurrek 198 egunetan jarraian egin dute amets hori, Sarriri superbotila bat bidali ziotenetik, egunero. Eta ametsa egi bihurtu zaie.

Amagoia Mujika

2007ko Ekainaren 08a

Aurreko urteko azaroaren 14an bota zuten botila uretara Zarauzko hondartzan. Salbatore Mitxelena ikastola ikasleek, mezuaren bidaltzaileek, oso garbi zeukaten noren eskuetara iritsi behar zuen mezuak, Joseba Sarrionandia idazlearentzat mimoz prestatutako marrazkiak eta mezuak kasik ez ziren botilan kabitzen. Normala zen, beraz, marrazoek, izurdeek eta itsasoko gainontzeko biztanleek botila irekitzeko tentazioa izatea. Nork ez luke irekiko maitasun usain gozoa darion botila bat? Nork ez lituzke lapurtuko hor sartutako muxuak eta besarkadak? Horren jakitun, Josu Txapartegi «Txapas» irakasleak asmatutako estalki oso berezi batekin babestu zuten superbotila. Hala ere, eta nahiz eta «Txapas»-en asmakuntzarekin fidatzen ziren, ez zekiten seguru mezua Sarrionandiarengana iritsiko ote zen. Bazuten itxaropena, baina...

198 egun beranduago, juxtu 198 egunetara, beste botila bat agertu da Zarauzko hondartzan. Idoia Meabe zarauztarra surf egitera atera zen joan den maiatzaren 30ean goizean, beste goiz askotan egin ohi duen bezalaxe. Baina, goiz hura ez zen besteen berdina izan. Tramankulu bitxi samarra ikusi zuen uretan; palangana bat erdian, flotagailuak alde banatan, botila bat erdian eta muskuiluak eta algak zintzilik. Atentzioa eman zion.

Jaso zuen tramankulua eta orduan konturatu zen palangana haren barruan botila bat zegoela, barruan mezu bat zeukan botila berezi bat. Zulotxo bat ere bazuen botilak, bidaia neketsua egin behar izan zuen seinale, baina iritsi zen azkenean kostaldera.

Surflariak botila ireki egin zuen barruan zer zegoen ikusteko. Nork ez luke irekiko hondartzan topatutako botila mezuduna? Nork ez du inoiz amets egin berari, juxtu berari, zuzendutako botila mezudun bat topatzen duela itsaso bazterrean? Botila, ordea, ez zen surflariarentzat, eta zintzo-zintzo utzi zuen «Urola-kostako Hitza»-k Zarautzen daukan egoitzan. «2.maila. Zarauzko pirata egur zango txikientzat», irakurri zitekeen botilaren kanpoaldean.

Salbatore Mitxelena ikastolako haurrek albistea irakurri orduko jakin zuten berentzat zela mezua. Ez alferrik, haiek izan ziren 198 egun lehenago Joseba Sarrionandiari zuzendutako botila itsasora bota zutenak. Haientzat behar zuen derrigor. Azkenean jaso dute hainbeste espero zuten erantzuna. Azkenean jakin dute Sarrionandiarentzat mimoz prestatu zituzten mezuak eta marrazkiak iritsi direla bere eskuetara. Eskerrak.

Irakasleak lagunduta joan ziren botila jasotzera eta, a zer ezusteko ederra! Mezu bat espero zuten tokian bi topatu zituzten. Bata, beraientzat, «botila uretara bota zuten umeentzat» (mezu hori osorik irakurtzeko moduan dago eskuinaldean). Baina, mezu horretaz aparte baziren mimoz tolestutako papertxo gehiago, milaka kilometroko ibilbide neketsua izkutatu ezin zuten papertxo gehiago. Krokodiloa, aterkia, letrak, zenbakiak eta halakoak irakur zitezkeen papertxo horietan.

Olerkiak dira horiek, Joseba Sarrionandiak bidalitako olerkiak. Enkargua ere bidali du olerkiekin batera: «Pirritxek eta Porrotxek hurrengo diskan kantak egiteko erabil ditzakete nahi badute». Istorio bitxi horren sokarekin jarraitzeko, beraz, pailazoei abixatu beharra zegoen. Eta horixe egin zuten ikastolako haurrek, eskutitz bat -postariak eramaten dituen horietakoa, badaezpada- bidali zieten bere lagun sudurgorriei.

Sudurgorrien festa

Urtero egiten dute Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan Sudurgorrien festa. Ostegunean izan zen sudurgorrien hitzordua eta Porrotx eta Mari Motots joan ziren Zarautzera. Bazuten gogoa, bai lagunekin elkartzeko eta bai haiek bidalitako enkarguaren detaileak jakiteko ere. «Eskutitz bat jaso dugu guretzat sorpresa bat daukazuela esanez. Nork bidali digu eskutitza?», galdetu zuten Mari Mototsek eta Porrotxek. Eta erantzuna ez ulertzeko modukoa baina aise entzutekoa izan zen. Bigarren mailako haurren oihuetan eta begietan nabari zen, eta denbora luzean nabarituko da, Sarriren erantzuna jaso izanak sortu dien poza eta ilusioa. Ez da gutxiagorako.

Haien irakasleak, Arantxa Plantxak, agertu zizkien detaileak entzuten zur eta lur geratu ziren Porrotx eta Mari Motots. Noski egingo dituztela kantuak Sarriren olerkiekin! Xabi Zabala, pailazoen kantuak egiten dituena, Sudurgorrien festan zegoenez, hari eman zioten enkargua; Zabalak bihurtuko ditu Sarriren olerkiak Pirritx eta Porrotxen kantu.

Hurrengo diskoa arte itxaron beharko da, beraz, Sarriren oparitxoak kantu forman jasotzeko. Eta, nahiz eta Zarautzera bidali duen botila, Euskal Herriko haur guztiek gozatuko dute opariaz. Pirritx eta Porrotx pailazoen lana izango da horiek zabaltzea. Sarrionandiak ondo daki nori eman horrelako enkarguak.