INTERNET / HIZKUNTZA GUTXITUAK / GARAPENA -

Developer day; Google: «Hiztun kopurua eta interneteko erabilera maila hartzen ditugu kontuan»

Ostegunean, Googleko Garatzaileen Eguna egin zuten hamar hiritan batera, tartean Madrilen. GAUR8 Googleko Marketin eta Ekoizpen zuzendari Bernardo Hernandezekin egon zen hizketan enpresaren hizkuntza politikaren eta beste afera batzuen inguruan

Haritz Rodriguez

2007ko Ekainaren 01a

Ostegunean mundu osoko hamar hiritan egin zuten Google edo bilatzaileen bilatzailearen Developers Day (Garatzaileen Eguna): Mountain View, Sydney, Madril, Mosku, Tokio, Sao Paulo, Beijing, Paris, Hanburgo eta Londres.

GAUR8 Madrilera abiatu zen Interneteko enpresen artean indartsuenetakoa denaren azken garapenen berri bertatik bertara izan eta antolatzaileei galdera batzuk egiteko asmoz. 11.00k aldera hedabideei begirako prentsaurrekoa eman zuten eta, bertan, Bernardo Hernandez marketin eta ekoizpen zuzendariak azken berrikuntzak zerrendatu zituen.

Egun osoan, lantegiak eta mintzaldiak izan ziren, Googlek sortutako aplikazioek beste garapen batzuk egiteko duten erabilgarritasunaren inguruan.

APIak izan ziren mintzagai nagusi, «Building blocks» edo «Piezak elkartzen» leloaren pean. Googleko arduradunek jakinarazi zutenez, «tresna kolaboratibo eta ingurune irekieen aldeko apustua» egingo du.

Antolaketa eta taularatze ikusgarria egin zuen Googlek, hamar hiritan batera. Zuzeneko bideo emanaldiak, pantailak, parte-hartzaileentzako opariak... Enpresa handien legez.

Googleko programatzaileak bata zuriarekin agertu ziren jendaurrera. Atzean I'm feeling lucky idatzita zeramaten; alegia, «Zori oneko sentitzen naiz» edo «Zorte handiko sentitzen naiz».

Mashup

Mashup delakoak hainbat aplikazio nahastuz sortutako tresnak dira. Googlek aurrerantzean garatuko dituen aplikazioen artean, offline edo konexiorik gabe erabilgarri izango direnak nabarmendu zituzten; RSS irakurgailu bat, adibidez.

Madrilen aurkeztu dituzten proiektuen artean Google Gears da akaso aipagarriena. Programatzaile komunitateari bideratutako kode irekiko tresna bat da, offline aplikazioak garatzera bideratuta egongo dena.

Mementoz, nabigatzailearentzako gehigarri hori hastapen fasean dago, eta hobetze lanetan laguntzeko programatzaileen esku jarriko dute.

Application programming interface

Hori da APIren ingelesezko esanahia. Funtsean, APIek Googleren tresnak garatzen jarraitzeko beta eskaintzen dute.

Bernardo Hernandezek tartetxo bat hartu zuen prentsaurrekoa bukatu eta hitzaldiak hasi baino lehen GAUR8rekin hitz egiteko.

«APIak, egun, irekiak eta debaldekoak dira. Gure konpromisoa argia da horrela izaten jarrai dezan, interesa ere berdina delako. APIak erabil daitezen nahi dugu, jendeak bere aplikazio eta tresnak sortzeko oinarria izatea nahi dugu. Argi dago muga batzuk jarri behar direla. Ezin ditugu zerbitzu batzuk oso-osorik eskaini garapenerako; mapak eta irudiak, esaterako. Baina doako zerbitzu ugari daukagu», adierazi zuen Estatu espainoleko Marketin eta Ekoizpen arduradunak.

Hizkuntza politika

GAUR8k hizkuntza politikaren inguruan egin zion bigarren galdera Googleri. Hernandezek adierazi zuen: «Hizkuntzena afera konplexua da. Google enpresa globala da, eta 130 hizkuntza baino gehiagotan erabil daiteke. Jakina, lehentasunak ezartzea nahitaezkoa da. Nahiko irizpide estandarrak erabiltzen ditugu hautaketa egiteko. Hizkuntza bat ofizial bezala aitortua badago, adibidez, hizkuntza horren gainean lan egitea da Googleren joera. Beste kontu bat da bilaketa motorearen optimizazioa hizkuntza horietan. Izan ere, gaztelaniaz adibidez, urteetan izan ditu akats dezente bilaketak, eta hori hobetzea lehentasuna da guretzat», adierazi zuen Hernandezek.

Hizkuntza bateko guneak bakarrik aurkezten dituen bilatzailea, Google News, Gmail edo Google Maps hizkuntza jakin batean emateko zein irizpide erailtzen duten galdetuta, honakoa erantzun zuen Googleko Marketin eta Ekoizpen zuzendari Bernardo Hernandezek: «Hiztun kopurua, Interneten duen erabilera eta ISO estandarrak hartzen ditugu kontuan. Katalanarekin, esaterako, hiztun kopurua soilik ez; Interneten ere zer mailatan erabiltzen den adierazten diguten ikerketak egin ditugu.