G8 / PROTESTAK -

Milaka ahots Rostocken bazter guztietatik joanda, agintariei bideak ixtera

Militarrek, poliziakideek eta hesiek G8ko agintarien bilera babestuko dute Alemaniako iparraldean, datorren astean. Horien jarduera oztopatzeko, milaka lagun elkartuko da Rostock hirian, manifestazioak eta eztabaidak egiteaz gain, agintariak itzultzaile eta idazkaririk gabe uzteko

Jose Angel Oria

2007ko Ekainaren 01a

G8ko agintariak Alemaniako iparraldean elkartzekoak direla-eta, Europako bazter guztietatik manifestariak irten dira, horien jarduera oztopatzeko. Horretarako, bideak itxiko dituzte, edo saiatu egingo dira behintzat, agintariek beharrezkoak dituzten idazkari, itzultzaile eta bestelako langile eta aholkulariak Merkel alemaniarrari, Bush estatubatuarrari, Prodi italiarrari, Sarkozy frantsesari, Blair britainiarrari, Putin errusiarrari, Harper kanadarrari eta Shinzo Abe japoniarrari lagundu ezinik gera daitezen. Edonola ere, Rostock hiria eta inguruko herriak Europako ezkertiarren hiriburu bihurtuko dira egunotan.

Batzuk aspaldi irtendakoak dira. «Prekarietatearen eta Bazterketaren aurkako Euromartxak», esaterako, maiatzaren hasieran abiatu ziren Poloniatik, Estatu frantsesetik, Belgikatik, Herbehereetatik eta Alemaniako zenbait puntutik. G8ko agintariak hartuko dituen Heilligendamm herrira iritsi nahi dute, Grezian egin zuten Europako Gizarte Foroan erabaki bezala.

Euromartxa horien adar frantsesa maiatzaren 19an iritsi zen Suitzara. Bostehun lagun inguruk zeharkatu zuten muga. Aste bat Suitzan egin ondoren, Basileatik barrena Alemaniara sartu ziren, orain aste bat. Han oso puntu esanguratsua aukeratu zuten muga zeharkatzeko, paperik gabeko etorkinak sartzen dituzten «espetxe» baten ondotik igaro baitziren, «Europak etorkinekiko duen politika salatzeko», Florence Proton Suitzako ATTAC taldeko eledunak adierazi duenez. Euromartxetan esku hartzen ari direnen helburua «gizarteak baztertu dituen pertsonei ahotsa ematea da». Caritas erakundeak egin dituen kalkuluen arabera, Europako herritarren %15 pobreak dira. Horregatik, eta kontinentean gero eta nabarmenagoa den pobreen eta aberatsen arteko desorekarengatik, «Europako giza mugimenduen ardatz garrantzitsuena prekarietatearen aurkako borroka da», Alessandro Pelizzari Suitzako UNIA sindikatuko kidearen iritziz.

Euromartxa horietan bakoitzak nahi duen zatia egiten du, ez dauka ibilbide osoa egin beharrik, eta nahiz eta erakunde batzuek antolatu, azkenean beste askok erabiltzen dute ekimena beren eskariak plazaratzeko: Irakeko okupazioaren aurka, beste nekazaritza baten alde, paperik gabekoen alde, prekarietatearen aurka, adierazpen askatasunaren alde...

Polizia, giroa prestatzen

Jon Lopez Askapenako kidea orain hamar egun joan zen Alemaniara. MGF Munduko Gizarte Foroko Nazioarteko Kontseiluak Berlinen egin dituen bileretan esku hartu behar zuela-eta, Europa osoko ekintzaileekin hitz egiteko aukera izan du. «Zer nabarmenduko zenuke?», galdetzean, orain aste batzuk Alemaniako Poliziak egin zuen sarekada ekarri du gogora: «Azkenean ez dute inor kartzelaratu, baina ia mila poliziakidek esku hartu zuten operazioan eta ezkerreko mugimenduek erabiltzen dituzten laurogei etxe eta bulego miatu zituzten. Orain, hemengo hedabideek esaten dute agian manifestazio eskubidea mugatu egin beharko dela, eta beste eskubide batzuen murrizketa ere aztertzen ari dira. Nik jendea animatuta ikusten dut, baina egia da beldur puntu bat ere egon badagoela».

Tankerako mobilizazioak egitekoak diren bakoitzean gertatu izan denez, Poliziak eta hedabide handienek bat egiten dute manifestariak hartuko dituen lekuko populazioa beldurtzeko ahaleginean, herritarrek kanpotik etorritako ekintzaileekin harremanik izan ez dezaten eta, bide batez, errepresio jarduera errazagoa izan dadin.

Komite Internazionalistak taldeak autobusa antolatu nahi zuen Euskal Herritik 40-50 lagun Alemaniara eraman ahal izateko, baina azkenean ekimena bertan behera utzi beharra izan du. Hala ere, taldeko kide batzuk etzi irtengo dira, «G8koen diktaduraren aurrean, demokrazia globala» eskatzeko asmoz.

Madrilen, Alemaniarako bidaia prestatzen harrapatu ditugu Ecologistas en Accion taldekoak. Luis Ricori egokitu zaio egunotan bere hirian egingo diren ekitaldiak prestatzea. Rostocken izango ez bada ere, antzeko manifestazioak gogoan ditu, batez ere Italiako Genoan orain sei urte egin zutena.

«Posible al da gailurraren bilerak eta lanak geldiaraztea?», galdetu diogu madrildarrari. «Oso zaila iruditzen zait. Kontuan hartu behar da mobilizazio horietan toki askotatik iritsitako jendea egoten dela. G8koek badakite aurten bide mozketen estrategia jarriko dela abian, eta horrela are zailagoa da. Hala ere, ahaleginak egingo dira. Errepresioaren eta jendearen trebeziaren araberakoa izango da ekintzen arrakasta. Hala ere, Estatu alemaniarrak hortzak erakutsi behar izateak, lurralde horretako normalitate itxura apurtuko du. Bertako jendeak sumatuko du zerbait egon badagoela, eta, gainera, gailurrean esku hartzen dutenek ezin izango dute kalean lasai-lasai ibili. Hori, gutxienez, lortuko da. Nahiago nuke beste Seattle bat gertatuko balitz, baina hori gero eta zailagoa da».

Bixintxo Zabala Askapenako kidearen ustez, gauzarik inportanteena ez da G8ren jarduera oztopatzea, Euskal Herriak bizi duen gatazkaren berri Rostocken bildutakoei azaltzea baizik, eta «elkartasuna lantzea». «G8koen helburua kapitalismoa iraunaraztea da, baina berez ez da benetako fronte bat. Lorpenak etxean borrokatuta iritsiko zaizkigu, eta honelako mobilizazioetan egin dezakegun onena elkartasuna lantzea da».

Christianiakoen trebezia

Kopenhagen ere Rostockerako bidaia prestatzen ari dira. Aurten inoiz baino haserreago joango dira matxinatuen hitzordura, Ungdomshuset etxea galdu ostean, Christiania auzoa ere arriskuan baitago. Gustavo Lopezek bertatik GAUR8ri esan dionez, «Kopenhageko agintariek Christiania beraien erara arautzeko erabakia hartuta dute. Orain bi aste egin zutena, eskaleek erabiltzen zuten etxe zahar bat botatzea, proba bat izan zen. Christianiakoek bi etxe berri eraikiz erantzun zieten. Kontuan hartu han birziklatutako gaiak erabiltzen oso trebeak direla», argitu digu.

Kopenhage ingurutik Rostockera joateko ferry bat hartu behar da normalean, baina Bush iritsi aurretik ez da izaten inon normaltasunik, eta ferry zerbitzua bertan behera utzi dute, G8koen bilerak bukatu arte. «Joan nahi dutenak bestelako baliabideak erabili beharrean daude. Arrantzaleek laguntza eskaini dute manifestariak eramateko. Azkenean, Suedia eta Danimarkako pertsona ugari joango dela esango nuke -dio Lopezek-. Batzuk kezkatuta daude, Rostock inguruko lurraldean, langabeziaren eraginez, naziek bai baitaukate indarrik».

Errepresioa eta iristeko arazoak. Merezi al du? Baietz uste dute Askapenako Zabalak eta Ecologistas en Accioneko Ricok. «Nik dudan esperientziaren arabera -Cancunen eta Bartzelonan egon zen Rico madrildarra-, esku hartu behar dutenei ematen zaien materialak beldurra eragiten du. Cancunen, Mexikoko Poliziarekin hartu beharreko neurriak oso ugariak ziren, sekulako gauza pila ikasi behar zen, eta beldurtu egiten zinen. Baina hori prebentzio neurri bat baino ez da, eta ez da hain derrigorrezkoa. Ondo dago, jendea jakinaren gainean egon dadin. Zenbat eta informazio gehiago eduki, orduan eta errazagoa ibiltzea eta poliziek adarrik ez jotzea. Edonola ere, han bertan izanda, arrisku maila neurtzea oso erraza da».

Azken puntu honetan ez dator bat Zabala. Berak Genoako esperientzia du gogoan. «Era guztietako manifestariak egurtu zituzten, baita bakezaleenak ere, eta arriskua neurtzerik ez zegoen. Poliziak inbutu tankerakoak prestatzen zituen, manifestariak leku zehatz batetik pasatzera behartu, eta egurra».

Zabala bera ez zuten egurtu. «Baina borroka bukatutakoan kale horietara joan ginenean, lurrean odola ikusten genuen. Poliziak egurtu eta gero oso gaizki zeuden Zaragozako eta Madrileko manifestari batzuk ere ikusi genituen».

Horrenbeste pertsona, eta hain ezberdinak, elkartzea oso erakargarria izaten da tankerako mobilizazioetan. Esperientziak elkar trukatzeko eta harremanak egiteko aukera ezin hobea izaten da. Ez dira oporrak, ordea. Helikopteroen zarata ez da inoiz isiltzen, ezta sirenak ere, «nahiz eta azkenean gorputza eta burua ohitu egiten diren». Hori bai, Alemanian egunotan biziko dituzten egoeretan lasai egoteko tarterik ia ez da izaten; are gutxiago, ligatzeko. «Ligatzekotan, itzultzean, han ezinezkoa baita», Zabalak izan duen esperientziaren arabera.

«Cancunen -esplikatu digu Ricok-, Koreako nekazariak, Chiapasekoak, Afrikako ekintzaileak eta hain jende desberdina bat eginda ikusita, Europakoak barne, denon artean hesi hura bota genuenean, nahiz eta sinbolikoa izan, poztekoa izan zen. Orduan nolabait islatu zen jendearen batasunak ematen duen ahalmena. Nik esperientzia hori ezagutzen ez dutenak joatera animatu nahi nituzke».

Era guztietako manifestariak

Alemaniako iparraldean arlo askotako ekintzaileak elkartuko dira. Bixintxo Zabalak sei multzotan banatzen ditu berak esku hartu izan duenean ikusi dituenak. Alde batetik, sozialdemokratak daude, MGFaren bilera batzuen inguruan protagonismoa hartu izan dutenak. Bigarren multzoan, gobernuz kanpoko erakundeetako «altermundialistak» ipintzen ditu. Hirugarrenean, mugimendu txikietako kideak: auzo elkarteak eta tankerakoak. Laugarren multzoa hedabideetan sekulako protagonismoa izaten duen Black Block-arena da, talde autonomoetako kideek osatutakoa, guztiak beltzez jantzita. Zabalak bosgarren multzoan sartzen du bere burua, askatasuna lortzeko borrokan ari diren estaturik gabeko herriena: kurduak, palestinarrak, katalanak, euskal herritarrak... Azkenik, hauteskunde gauetan bezala, «beste batzuk» sartzen dira Zabalaren eskema horren seigarren multzoan, «borroka sektorialetan» aritzen direnak daude. Banaketa beste era askotan ere egin daiteke, baina Zabalaren proposamenak tankerako hitzorduetan izaten den aniztasuna oso ondo islatzen du.

Horrenbeste pertsonaren, hizkuntzaren eta erakunderen artean ibili behar izanak gehiago zailtzen du; denda eta taberna guztiak itxita egoteak. «Janaria etxetik eramatea hobe da, gosea pasa nahi ez bada. Baita ura ere», esan du Zabalak.

Manifestariek denbora asko egin behar izaten dute poliziakideen artean. Estatu batetik bestera igarotzeko kontroletan, esaterako. Horregatik, antolatzaileek eskatzen dute motxila egiterakoan zer sartu ondo erabakitzeko. Droga ilegalen zatirik txikiena ere nahikoa izan daiteke segurtasun indarrei atxiloketarako aitzakia emateko. Autoz joanez gero, gasolina latarik ez eramatea hobe, bestela molotov koktelak egiteko direla esango dute-eta. Alemaniako legediaren arabera, ezin da aurpegia estalita eraman protestaldietan. Gainera, manifestariaren nortasuna ezkutatzeko erabili daitezkeen buru-berokiak edo zapiak eramanda ere, Poliziak atxilotu dezake ekintzailea. Gauza bera gerta daiteke kaskoarekin, ezkutuarekin edo gasaren aurkako maskararekin joanez gero. Baita makilak, labanak eta poliziakideentzat susmagarri den beste zerbait eramanez gero ere. Edonola ere, honelako egoeretan Poliziak du azken hitza eta poliziakide zehatz baten irizpideak idatzitako arau guztiek baino balio handiagoa dauka.

Manifestazio eta bestelako ekintzetara txanponak eramatea komeni da, atxilotuz gero telefonoz hots egin ahal izateko. Botikak egunero hartu behar dituenak, hobe hiru egunetakoak sartzen baditu zakuan. Gauza bera egin beharko du tanpoiak behar dituen manifestariak. Pasaportea edo nortasun agiria, janaria, edaria (plastikozko botilan) eta lekuko maparen bat eramatea ere komeni da.

Ahal dela, ez da eraman behar lentillarik. Ezta larruazaleko kremarik edo makillajerik ere, horiekin Poliziaren gasak eragin handiagoa izaten du-eta.