G8-REN AURKAKO MOBILIZAZIOAK -

Postdamek Hanburgori hartu dio protesten lekukoa

Datorren astean munduko zazpi herrialde industrializatuenetako eta Errusiako agintariek Alemaniako iparraldean egin behar duten G8 izeneko gailurraren aurkako beste manifestazio bat egin da, kasu honetan Berlinetik gertu dagoen Postdam hirian.

2007ko Maiatzaren 31a

Segurtasun indarretako eledunek eta manifestariek hedabideei esan dietenez, asteazken gauean Postdameko kaleetan ikusi ahal izan zena larunbatetik aurrera Rostocken eta inguruko herrietan ikusiko denaren «aperitiboa» besterik ez da izan.

Alemaniako ohiturei jarraituz, manifestariek poliziakidez inguratuta egin zuten ibilbide osoa. Bukaeran, tentsioa lehertu eta borrokak hasi ziren.

Poliziako eledunek adierazi dute oso kezkatuta daudela, datorren astean Europa osotik iritsitako milaka ekintzaile elkartuko baitira Rostocken. Hedabideetan orain 20 urte Alemanian egiten ziren mobilizazio erraldoiekin alderatu dituzte orain egiten ari direnak eta datorren larunbatetik aurrera egingo direnak.

Postdameko manifestazioa antolatu zuten Alemaniako ezkertiarrek, G8ko estatuen Atzerri ministroak bertan elkartu zirelako.