Euskal iPod-a, ikasleen imaginarioa
Haritz Rodriguez
2007ko Maiatzaren 25a
Euskal Herriko Unibertsitateko Publizitate eta Harreman Publikoetako azken urteko euskarazko klaseko ikasleek beren zenbait lan plazaratu dituzte webgune berri eta oso erakargarri batean: www.euskalipod.com. Sergio Monge irakaslearen esanetara, ikasleok Mp3ak entzuteko Apple etxeren iPod izeneko tramankulu ezagunaren bertsio lokalizatu baten publizitate kanpaina irudikatu behar izan dute.
Ikasleek, taldeka, beraien proposamenak garatu dituzte Unibertsitatean eta, azkenik, jendearentzako ikusgai jarri dituzte guztiak, webgune baten bitartez. Kanpaina guztiek alderdi grafikoa (kartelak) eta ikus-entzunezkoa (spotak) landu dituzte, bakoitzak bere ideia eta ikuspuntutik. Eta emaitza bikaina izan da.
«Jadanik lau urte eman ditugu unibertsitatean eta ikasitako guztia praktikara eramateko irrikan gaude. Gure lan egiteko nahiak nabariak dira, horregatik gogotsu ari gara proiektu hau aurrera eramaten», jakinarazi dute webgunean Publizitate eta Harreman Publikoetako ikasleek. Izan ere, «mundu honetako profesional bezala ikusten dugu geure burua. Egiteko gai garen guztia frogatu nahi dugu, gure sormena eta lan egiteko gaitasuna lantzeko eta munduari erakusteko», gaineratu dute.
Zertarako sortu dute webgunea? «Erakustoki gisa erabiliko dugu, jendeak gure lanen berri izan dezan. Lau urte hauetan zehar landutakoa eta ikasitakoa probetxugarria izan zaigula demostratu nahi dugu. Eta, bide batez, ikasten jarraitzeko eta lan egiteko gogoa dugula erakustea da asmoa».
Euskal iPod-a iPod-aren edizio berria da. Kalean dagoen iPod-aren antzekoa izango litzateke, baina Euskal Herrikoa. Hau ez da benetakoa, hau dena EHUko 4. mailako Publizitateko ikasleek egin behar izan dugun lanerako produktu imaginarioa da, eta iPod markarekin zerikusirik ez duena», argitu dute ikasleek aldez aurretik.
Azaldu dutenez, «produktu berri hau ezagutarazteko komunikazio kanpaina egitea izan da gure helburua, eta horretarako, euskarri ezberdinak erabili behar izan ditugu: horien artean spot-a, grafika eta bideo birala. Hasieratik gure komunikazio helburua euskal edizio berezi hau xede-taldearentzat erakargarri egitea dela argi eduki behar da».
Eta kanpaina bat osatzerako orduan kontuan hartu beharreko parametro guztiak izan dituzte gogoan: xede taldea (euskal musikazaleak) eta lehiakideak (Mp3 entzungailu guztiak). Hortik abiatuta, ikastalde bakoitzak bere garapena eman dio irakasleak emandako oinarriari, eta emaitzak orotarikoak dira. Euskal iPod-aren kustomizazioa bururatu zaionik ere izan da, nork bere izena jartzeko aukera emanez. Emaitza zelakoa izan den jakiteko modurik onena webgunean sartu eta ikustea da.
Deialdia ere luzatu dute parte hartu nahi dutenentzako: «Euskal iPod-a asmatutako produktua da. Baina nortasuna adierazten duen produktua. Gure lan zailena nortasun hori adierazteko bideak aurkitzea izan da. Bide batzuk aurkitu ditugu, baina ez dira guztiak. Zuk ere Euskal iPod-ari buruzko spota egiteko ideia daukazu? Ba, animatu eta ekoiztu. Web orri honetan ikusgai ipiniko dugu gureen artean. Ea guztion artean kontzeptu (meme) berri bat sortzen dugun».




