Maite Agirre
Dagoll Dagom taldearen sorreran hartu zuen parte Bartzelonan 18 urterekin. Ikastaro bat egitera joan eta zazpi urte eman zituen Italian, Bolognan. bertako talde garrantzitsu batean jardun zuen lanean. «Antzerki antropologikoa" edo «Hirugarren antzerkia" deitu zitzaiona egin zuten eta horrek markatu zuen Maite Agirreren ondorengo ibilbidea. Max saria irabazi berri, beste ikuskizun bat presatzen ari da
Joxean Agirre
2007ko Maiatzaren 25a
Asko bidaiatu eta bizi izan duen baten etxea da Maite Agirrerena. Donostiako Loiola auzoan dago eta horma guztiak daude oroigarriz eta bitxiz josita. Gela horietako batean datorren udaberrirako prestatzen ari diren obraren eszenografia ikus daiteke maketa batean. «Niri gauza guztiek irauten didate asko, jertseek, zapatek eta senargaiek. Dena pilatzeko ohitura dut. Erregalo ematea ere gustatzen zait, baina ezer gutxi botatzen dut», esan zuen egongelako hormak zipriztintzen zituzten koadro, sari eta oroitzapenei begiratzen ziela.
Zarauztarra da. Gotzon Agirre osaba zuen, herriko antzerki taldean ibilia. Berari ere zerbait ikusiko zioten, ikastetxean mojek antzerkia ikasi behar zuela esaten baitzioten.
Hemezortzi urte zituela Bartzelonako Autonomara joan zen. «Mugimendu gehienak unibertsitatetik jaiotzen ziren orduan eta antzerki talde gehienak ere bai. Niri Dagoll Dagom taldearen sorreran parte hartzea egokitu zitzaidan. Unibetsitarioak ginen, baina Villarroel aretoa zabaldu zuten Bartzelonan, gaur ere areto garrantzitsua, eta Rafael Albertiren obra batekin («Yo era un tonto y lo que he visto me ha hecho dos tontos») debutatu genuen. Egun horrekin beti gogoratuko naiz. Obra estreinatu ahal izateko egilearen baimena behar genuen. Erroman zegoen erbesteratua. Hunkitu egin zen obra taularatu behar genuela esan genionean eta baimena bidaltzekotan geratu zen, baina estreinaldi eguna iritsi zen eta postetxean egon behar izan genuen telegramaren zain. Obra oso surrealista da eta gu ere oso surrealistak sentitzen ginen», kontatu zuen.
Piazza Magioren
Dagoll Dagomen «La Vasca» izan zen Maite Agirre eta Italian eman zituen zazpi urteetan «La Española». Bolognako plazan gitarra jotzaile bat egoten omen zen Maite ikusi orduko flamenko akorde batzuk jo eta «!Olé¡» esaten zuena. Euskal Herrira itzuli zenean bakarrik konpondu zuen nortasun arazo hori.
«Bartzelonan nengoela ikastaro bat egitera Italiara joan nintzen. Hain jende jatorra ezagutu nuen Bolognan, ezen bertan geratzea erabaki nuen. Piazza Magioren biltzen ziren gazte guztiak. Ni maitemindu egin nintzen hiriarekin. Hizkuntzarekin arazorik izan al nuen? Egiten genuen antzerkia oso fisikoa zen, dantza asko eta akrobazia. Hizkuntza lagungarri moduan erabiltzen zen», esan zuen.
Garai hartan Italian ezkerra indarrean zegoen: parlamentutik kanpoko taldeak, Lotta Coninua esaterako, eta PCI bera. «76an joan nintzen, Franco hil berria artean, eta oso urte politak izan ziren haiek. Nik ez nekien manifestazio normalak nolakoak ziren eta orduak eman nituen nik kalean oihuka. Gaztea nintzen eta gazteen artean oso erraz egiten dira lagunak eta harremanak. Antzerkiak, bestalde, talde lanera behartzen zaitu. Bakarrik joan nintzen, baina oso azkar egin nituen lagunak. Italiarrak oso irekiak direlako beharbada, irekiak eta beroak. Bilbotar neska batek eman zidan abisua lehen egunetan. Bera ere bi egunetarako joan eta lau urte zeramatzala esan zidan. Ez dakit nolako giroa izango den gaur herrialde horretan, baina nik asko gozatu nuen. Emakumea nintzen, bakarrik nenbilen eta, hala ere, oso eroso sentitu nintzen», jarraitu zuen.
Domus de Jana
Sardinian sorginen kobazuloei esaten zaie «domus de jana» bertako hizkuntzan. Zuzendaria hangoa zenez, izen horrekin bataiatu zuten Bolognako taldea. «Talde horretan sei herrialdeko jendea bildu ginen. `Carovana di viandanti del teatro' zen bigarren izenburua. Talde hori lotuta zegoen Odin Teatret daniarrarekin. Han zuten egoitza nagusia, baina zuzendaria italiarra izaki, lotura berezia zuen Bolognako taldearekin. Europan zehar sekulako eragina izan zuten. Horiei esker sortu zen `Hirugarren antzerkia' , `antzerki antropologikoa', `iturburura itzulera' eta beste zenbait korronte, zuzen-zuzenean Grotoskirengan inspiratzen direnak. Hain zuzen, Grotoskiren ikaslea zen gure Odin-eko zuzendaria, Eugenio Barba. Gure zuzendaria berarekin ikasitakoa zen eta Bolognan taldea sortu zuen helburu hauekin: bidaiatu, hainbat kulturekin harremanetan jarri eta haiengandik ikasi. Trukea zen ideia ardatza: guk antzerkiari buruz genekiena eskaintzen genuen eta herriko jendeak bere dantza, kantak eta ohiturak erakusten zizkigun. Erabat markatu ninduen eta gero Euskal Herrian egin dudan lana ezin liteke etapa hori gabe ulertu. Guk Italian ezagutu genuen antzerkia egiteko modua ia-ia esperientzia mistikoa izan zen. Guk ez genituen itzuliak egiten. Jendearengandik ikasten saiatzen ginen. Kartzeletan, eroetxetan eta antzeko leku guztietan sartzen ginen», jarraitu zuen Maite Agirrek.
Bartzelonan Filosofia bukatu eta Euskal Herrira itzuli zen. «Antzerki sortu berria zen eta lehen promoziokoei ikastaro bat eman eta `Marat Sade' muntatu nuen eta ondoren, Agerre Kolektiboa sortu eta Kafkaren testuekin `K' egin genuen. Aspaldidanik buruan nituen bi autore ziren. Lehen antzezlan horrek gorputza eta ahotsa lantzeko biderik ematen zuela ikusi nuen. Isidoro Fernandez izan zen Sade markesa eta Kandido Uranga Marat. Antzerkiko lehen promozioa izan zen. Oso promozio interesantea izan zen hura. Bigarren lana Sebastopolgo Titiriteroek Altzan zuten baserri batean prestatu genuen eta lan hori ere oso berezia izan zen», hasi zen Maite bere Euskal Herriko ibilbideari errepasoa ematen.
Ondoren Samuel Beckett etorri zen. «Beckett Oteizarekin loturik dago gure ibilbide horretan. Tetralogia famatu bat prestatu genuen: `Woizeck'ekin hasi eta `Pelotari'rekin bukatu genuen. Oteizaren frontoietatik abiatuta egin genuen eszenografia. Azken antzezlana pilotalekuetan egin genuen. Gure taldearentzat bataio latza izan zen eta bai Beckettek bai Oteizak arrastoa utzi zigutela uste dut. Oteiza, Beckett eta Mikel Laboa ziren gure hiru jainkoak. Laboaren garrasiak eta isiltasunak eta Beckettenak antzekoak zirela uste izan genuen. Horiek izan ziren gure drogak, gure flipeak», jarraitu zuen.
Herri antzerkian murgildu ziren gerora eta maskaradak eta pastoralak aztertu ostean «Pantzar» muntatu zuten. Vicente Ameztoyk diseinatu zizkien mozorroak. Emakumeen munduan sartu zen ondoren Maite Agirre. «Molly Bloom» egin zuen lehenik. «Emakumearen mundua deskubritu nuen pertsonaia horren bidez. Italian ezagutu nuen Joyceren atal genial hori. Liluratuta geratu nintzen. Emakumearen ikuspegia eta sentimenduak aztertzen hasi nintzen eta neure burua aztertzen bidenabar eta horrek ere markatu egin ninduen. Taldearentzat bidea ireki genuen. Arantxa Urretabizkaiaren `Zergatik Panpox?' etorri zen gero eta arrakasta lortu genuen Madrilen. `Maria de la O. Lejarraga' egin genuen ondoren», gogoratu zuen. Maite Agirreren bidea ez da hala agortzen. Max saria irabazi du berriki «Neska politak. Artasoro alaiak» lanarekin. Orain berak idatzi eta Garbiñe Losadak zuzenduko duen lan bat prestatzen ari dira.
«Bikote baten harremanei buruzko ikuskizuna da. Ander Lipus eta biok izango gara protagonista eta bi musikari ere izango dira agertokian. Datorren urteko martxoan estreinatuko dugu», esan zuen.




