Sukal-leku jaio da, gastronomiaren etxea
Joxean Agirre
2007ko Maiatzaren 25a
Orain bi aste osatu da Donostiako Villa Yeyetten kokatuko den Sukal-Leku Fundazioa. Euskal Herriko Gastronomiaren Etxea izenarekin zortzi bat urtez funtzionatu duen etxe ikusgarri hori goitik behera zaharberritu dute eta euskal gastronomiaren santutegia inauguratzeko zorian dago, nahiz eta kanpora begira lanean hasterako udazkena etorriko den. Fundazioko lehendakaria Juan Mari Arzak izango da. Leku atzizkia duen hirugarren erakundea izango da Gipuzkoan Txillida-Lekuren eta Artelekuren ondotik.
«Ikerketa izango da etxe honen egitekoetako bat. Sukaldari bat kontratatu nahi dugu egunero zortzi orduz lan egiteko. Ikastaroak emango ditu, baina ikerketa ere bideratu beharko du. Kontuan izan behar da sukaldari handi guztiak ondoan izango dituela laguntzeko. Euskal Herriko produktuen inguruko ikerketak bideratu eta guk antola ditzakegun ekitaldietan laguntzea izango dira bere egitekoak, Euskal Herrian barrena ikastaro eta asteak antolatzeko asmoa baitugu», esan zuen Txema Garzia Amianok.
Intxaurrondo zaharreko kale nagusian jaio zen Txema. «Zeruko bidea» deitzen zioten kaleari. «Artzak Ortzeok elkartea eta kultur etxea dauden kalean jaio nintzen eta guk `caminito del cielo' deitzen genion, hamar bat moja komentu bazirelako», esan zuen. Komentu horietako batean meza-mutil izan zen eta orduan hasi zen lehen ardo dastatzeak egin eta lehen zigarroak erretzen.
Sotoan hamalau suko sukaldea jarri dute. Irakasleari, noski, su handixeagoa jarri diote. «Ikastaro bat ematen hasi eta entzuleak apunteak hartzen aritzen dira. Hemen ikastaro denak praktikoak izango dira», esan zuen Garzia Amianok. Lehen solairuan liburutegia eta informatika gelak jarri dituzte kontsultarako. «Sukaldariak eman ditzakeen ikastaroen berri sarean ere jarri nahi da», jarraitu zuen Txemak. Ardoak dastatzeko gela, hitzaldi aretoak eta beste hainbat ditu etxeak.
Dena den, Sukal-Lekuren egiteko nagusia euskal gastronomia eta euskal produktuak munduan ezagutzera ematea izango da. «Apal samar hasiko gara, baina asmo handiak ditugu eta munduan barrena ekitaldi handiak egingo ditugu. Gastronomiaren inguruan dagoen jendea biltzea da gure asmoa eta etxe hau izango da eratuko diren ekintza guzti horien motorra», jarraitu zuen. Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak hartu dute berrikuntza guztiaren ardura. Udalak etxea utzi die hogei urterako. Lanak orain bi urte hasi ziren eta 1.000.000 euro pasa kostatu da berritzea. Altzariek, berriz, beste 500.000 euroko kostua izan dute. Etxea kapritxo bat da. 700 metro koadro prestatu dituzte.
«Hamar kidek osatuko dute patronatua. Donostiako Udaletxeak, Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza eta Nekazaritza Sailek, Sukaldari Eskolak, Kofradien Federazioak, Eusko Labelek eta Gastronomiaren Akademiak ordezkari bana izango dute. Horrez gain, hiru sukaldari ere izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde bakoitzetik bana», azaldu zuen Eukene Ormazabal idazkariak.
Katalanak atzetik
Sukal-Lekuk izan duen oztopo nagusietakoa eredu faltarena izan da. «Ez dugu mundu osoan antzeko erakunderik aurkitu eta horrek mantsotu egin du gure ibilbidea. Munduan bakarrak gara nonbait. Intxaurrondoko Astearen inguruan bururatu zitzaigun asmoa. Katalanak antzeko zerbait egiten hasi dira. Gure atzetik abiatu dira, baina masia handi bat dute eta dirutza inbertitu behar omen dute egitasmoan. Nik zifra izugarria entzun nuen, baina ez dakit egia izango den. Hori bai, sukaldaritzarekin batera beste diziplina batzuk ere nahastu nahi dituzte. Ideia gurea da, baina badirudi bereganatu egin dutela», jarraitu zuen Txemak.
Intxaurrondoko Gastronomia Astearen antolatzaileak izan ziren hutsik zegoen etxe hori erabiltzeko baimena Udalari eskatu ziotenak. Anjel Berazadirena izan zen aspaldi. Alargunak Donostiako Udalari eman zion inguruan etxeak eraikitzeko baimenaren truke. «Guri gehiegi iruditu zitzaigun biltegi moduan erabiltzeko eta sukaldariekin hizketan hasi ginen poliki-poliki gure asmoak definitzera iritsi arte», jarraitu zuen Txemak. 1999ko kontuak dira horiek.
Zuzendari-gerentea izendatuko du patronatuak aurki. Txemak bera «zuzendari artistiko» izan daitekeela dio broman. «Zenbakiak eramateko gerentea behar dugu», esan zuen. Oraingoz, «d' Pintxos» izenarekin urrian Tabakaleran egingo den munduko lehen batzarra antolatzen ari da buru-belarri Txema.




