Azterketak pasata, txapelketaren ordua
Joxean Agirre
2007ko Maiatzaren 25a
Datorren asteburuan jokatuko dira Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren herrialdeetako final gehienak. Gipuzkoan 28 bertsolarik hartu dute parte 14-18 urtekoen atalean eta hiru edo lau bertsolariko beste bederatzi taldek 14 urte artekoetan. Txikietako lau taldek eta handietako zortzi bertsolarik kantatuko dute Bergaran ekainaren 1ean jokatuko den finalean. Gaztelumendi Unai, Oier Aizpurua (iazko irabazlea), Karmele Mitxelena eta zenbait izen ezagunek ez dute aurten parte hartuko, 18 urte bete dituztelako, baina, hala ere, harrobia ez da agortu herrialde honetan. «Handien taldean parte hartzen duen jendea da txikien mailakoak prestatzen dituztenak kasu batzuetan. Maialen Velarde eta Maddi Gallastegik daramaten Zumaiako txikien taldea, txapelketatik pasatu berriak diren Unai eta Beñat Gaztelumendik prestazen dituzte Añorga, Hernani eta Zubietako taldeak. Beste batzuetan bertsolari ezagunak dira prestatzaileak: Amaia Agirre dabil Villabonan eta Asteasun, Aitor Sarriegi Goierrin eta Jokin Uranga Azpeitia-Azkoitian. Jende oso ezaguna dabil bertso eskoletan lanean Bertsozale Elkarteko programaren barruan», esan zuen Mikel Mendizabalek. Txapelketan, beraz, beste behin Maialen Velarde, Maddi Gallastegi, Markel Peñalba, Hogei Iruretagoiena, Amaia Otxotorena, Asier Azpiroz, Ainhoa Mujika, Manex Mantxola, Aritz Garin, Nekane Zinkunegi, Eneritz Arzallus... azken hiruzpalau urteotan puntan dabilen jendea ikusi dugu eta ikusiko ditugu finalean ere bai.
Bizkaian ere datorren ostiralean, ekainaren 1ean, jokatuko da bat-bateko finala Indautxuko El Carmen aretoan. Iazko Euskal Herriko txapelduna, Arrate Illaro, Bizkaiko txapela jantzi zuen Miren Amuriza eta txikien mailako Nerea Ibarzabal eta Imanol Uria ere finalean izango dira eta guztiak saiatuko dira lehen postuak lortzen, horrek Euskal Herrikora joateko aukera emango baitie. «Nagusien mailan, batez ere, borroka dezentea egongo da», esan zigun Joanjo Respaldizak. Aste honetan jokatu dira bat-batekoen kanporaketak Bermeon, Markinan eta Ondarroan eta horietan erabakiko da Indautxun kantatuko dutenen zerrenda.
Ostiraleko finalean bi maila izango badira ere, Bizkaian hiru mailatan banaturik jokatzen dituzte kanporaketak. Arrazoia argia da. «Txikienen mailan multzo handi bat sartu ohi dugu oholtza gainera. Lau oinak eman ondoren bertso bana kantatzeko aukera ematen diegu, baina behartu gabe. Batzuk ez dira ausartzen eta kantatu gabe jaisten dira. Oholtzarako jauzi hori poliki-poliki eman dezaten jokatzen dugu horrela», esan zuen Respaldizak.
Argantzungo ordezkari bat
Txikien mailan hiru kanporaketa antolatu behar izan dituzte Araban eta handien mailan bat, bederatzi bertsolari zituztelako. Horietatik sei pasatuko dira finalera. Xabi Igoa, Jagoba Apaolaza eta Ekaitz Samaniego ziren hautagai nagusiak atzo jokatu zen kanporaketan. Gehienak Gasteiz ingurukoak dira. Hamalau urte arteko mailan, ordea, Aramaio, Legutio, Amurrio, Agurain eta Gasteizko bertso eskolatik hartua dute parte txapelketan. Jatorriari dagokionez, badago Argantzongo bertsolari bat ere bai, Gillermo Vegas izena duena, orain Armentiako bertso eskolan dabilena. Hogeita hamarren bat lagunek hartu dute parte 14 urte artekoetan. Idatzizkoetan, berriz, mila bat lagunek.
Ekainaren 2an egingo dira finalak Gasteizko Armentia ikastolan. «Iaz beherakadatxo bat izan genuen bat-batekoan. Kanporaketarik gabe egin genituen finalak, baina aurten gora egin dugu berriro», esan zuen Julen Zulaikak, Ikastolen Elkarteko arduradunak.
Joan den larunbatean egin zuten Nafarroan 14-18koen finala Lesakan eta Alazne Untxalo atera zen txapeldun eta txapeldunorde Iker Gorosterrazu, biak Iturengoak. Estitxu Arozenak esan zigunez, ekainaren 2an jokatuko da 14 urte artekoena Iruñeko Larraintzar ikastetxean, Bertso Eskolen Egunaren barruan. «Mila ikaslek hartu dute parte bertso-paper txapelketan. Bat-bateakoan 100 inguru izan dira txikien mailan eta bederatzi 14-18koetan», esan zuen Estitxuk.
Ipar Euskal Herrian, azkenik, gaur jokatu dira 9-14 urte arteko eskolartekorako Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako kanporaketak. Bina haur sailkatuko dira Altsasuko finalerako. 14-18 urte artekoen kanporaketa egiteko, Xapelgoaren finala baliatuko da. Bertatik puntuaketaren arabera, Lapurdi eta Nafarroa Beheretik bina ordezkari sailkatuko dira Altsasurako. Bestalde, abiatua da Iparraldeko Bertsolari Gazteen Xapelgoa. Haurren mailan, hamabi taldek, 36 haurrek parte hartuko dute: jokatu hiru kanporaketatik lau talde dira ekainaren 1ean egingo duten Bertsulari Ttikirat sailkatuak.




