Blogak 2.0: web soziala, Bilbon aztergai
Ostegunean Blogak 2.0 jardunaldia egin zuten Bilboko Guggenheim Museoan. Hainbat hitzaldi, eztabaida eta aurkezpen egin zituzten, baita Hazruido eta Startup 2.0 sariak banatu ere.
Haritz Rodriguez
2007ko Maiatzaren 25a
Slashdot guneko fundatzaile Rob Maldak eskaini zuen Blogak 2.0 jardunaldiko lehenengo hitzaldia. Slashdot munduko blog bisitatuenetakoa da eta aintzindaria teknologiaren eta beste gai batzuen inguruko informazioa ikuspegi sozial batetik zabaltzeko orduan, 2.0 jarrera oinarri hartuta.
Taco komandate bezala da ezaguna Malda aipatu blogean. «Nerd bat naiz, sasi-intelektual batere `soziablea'. Hau ez da nire ingurune naturala, barkatu uste zenutena ez banaiz» esanez hasi zuen hitzaldia. Bere Apple konputagailuarekin arazotxo batzuk izan ostean, azkenean ekin zion mintzaldiari Maldak. Slashdot gunearen eta horren historiaren inguruan aritu zen lehendabizi. 2.0 informazio ekimen honetan, edonork bidal dezake albiste bat, baina moderatzaile talde batek berretsi behar ditu argitaratu daitezen. Eta ehunka artikulo bidaltzen ditu egunero jendeak. Beraz, ez da lan erraza izango. Gainera, jendeak bidaltzen dituen iruzkinak nabarmendu edo izkutuagoan ager daitezen puntuaketa sistema bat erabiltzen du. Euskal Herrian, Sustatu.com eta Marrapuntu.org dira Slashdoten anaia txikiak.
Hainbat esaldi gogoangarri bota zituen: Gai asko irakur daitezke Slashdoten. Star Trek-ek edo Gobernuak zein koloretako azpiko arropa duzun jakin nahi duela». «Irakurleek egindako lana aitortu nahi nuke. Eta hipertestuaren garrantzia».
Josu Orbe: «irakasleek jakin behar dute wikiak ez direla panazea»
Josu Orbek, Oscar Ardaizek eta Julen Iturbe-Ormaetxek irakaskuntzan egiten dute lan, hirurek. Lehenengoa Txorierriko Eskola Politeknikoan, bigarrena Mondragon Unibertsitatean eta azkena Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Hirurak mahai inguruan aritu ziren Informazio eta Komunikazio Teknologiek hezkuntzan izan dezaketen erabileraren inguruan.
GAUR8 Orberekin egon zen eztabaida hasi baino lehen “Hezkuntza 2.0”ren inguruko azalpenak jasotzeko. Orberen esanetan, «IKTk gizarte osoari eragiten diote eta irakaskuntzak, gizarte horretako zati garrantzitsua izanik, eragin hori nozitzen du. Aldaketak oso azkar datoz eta irakasle asko ez gara gai aldaketa horiek gure eguneroko lanean txertatzeko; alderantziz, gure ikasle gehienek aldaketa horietako asko de serie dakartzate eta nire ustez hobeto prestatuta daude etorriko diren aldaketei aurre egiteko.
Irakaslearen aburuz, «guri adina pasatzen ari zaigu eta bakarrik geratzen zaigu etengabeko formazioa eta proaktiboak izatea. Hau esatea oso erraza da baina, dena den, hau ez da irakaskuntzaren arazo garrantzitsuena, egon badaude arazo larriagoak, asuntoa da IKTek lagundu dezaketela arazo horietariko batzuei aurre egiten».
Bere Eguneroko jardunean, Orbek «txipa aldatzeko proposamena» egin du. Izan ere, «nire ustez guk geuk, irakasleok, asko dugu esateko. Momentu honetan inori itxaron barik, ez administrazioari, ez ikastetxeko plangintzei, aukerak ditugu gai horietan gauzak aldatzeko. Horretarako aldagai bi jorratu behar ditugu: aldatzeko borondatea eta apaltasuna. Aldaketak beti ekartzen du berarekin halako zorabioa eta apaltasunez aitortu behar dugu agian, momentu honetan, gure gaietako edukiak irakasle barik ere lortu daitezkeela saretik (wikipedia edo bilatzaile bat erabilita) eta egon daitekeela guk arbeletik soltatzen dugun txapa baino material hobea sarean. Orduan zein izango litzateke gure lana?, bada, kontzeptu horiei ikasleentzat esanahia ematea, baliagarri izatea, begi kritikoekin begiratzea jakiteko zein den iturri ona eta zein ez».
Irakaskuntzan oso modan jarri diren wikien inguruan, Orberen iritziz, «irakasleek jakin behar dute hau ez dela panazea, kopiatu eta itsatsi egitea oso erraza egiten zaie ikasleei, beraz, landutako jarduerak ikasleen lan pertsonala, haien iritziak ematea bultzatu behar dute. Gainera egindako lana printzipioz edonork ikusi dezake eta gardentasun horrek askotan beldurra eta ardura ematen die gure ikasleei. Dena den, irakasleentzat aukera ugari ematen digu wikiak».
Interneten sexuaren inguruan
Ez, ez da dirudiena. Jakina da sexuarekin lotutako eduki asko dagoela Interneten. Baina generoaz ari gara. Sarearen generoaz, izan badauka behintzat. Ostegunean hiru emakume aritu ziren hizketan “Emakumeak 2.0” izenarekin. Sandrine Szabo, Rita Silverio eta Dominique Cerri. Hirurek Interneten inguruko enpresatan egiten dute lan.
Kontraesankorra irudi dezakeen arren, guztiak agertu ziren mahai inguruaren galdera nagusiaren aurka, nolabait: «Emakumeek interneten zer eginkizun dute? Zergatik gara hain gutxi?»
Hiru emakumeen ustetan, emakumeak Interneten ibiltzen ez direla esaten duena erratuta dago. Guggenheimeko aretoan eztabaida entzuten ari zen jendeari begiratu besterik ez zegoen.
«Ez dugu hemen multinazionaletako arazoa ikusten», esan zuten eztabaidan. «Gonbidatu nindutenean galdera bat egin nion nire buruari. Zergatik eztabaida hori? Interneten begiratuz gero, agerikoa da proiektu asko emakumeak egindakoak direla. Blog ugari dago, adibidez», gaineratu zuen Cerrik. Beraz, pentsatzen denaren aurka, neska «geek»ak ere badaudela utzi nahi izan zuten agerian mahaikideek.
Beren ustetan, lehenago aipatu galderak egiten dituztenak gizonezkoak dira, «gauzak aldatzea nahi ez dutelako-edo. Baina zeini axola zaio gune bat neska batek ala mutil batek egin duen? Zergatik sartu behar dugu generoa?».
«Irakurtzean, bost axola du neska batek ala mutil batek idatzita dagoen. Ondo idatzita dagoen da inporta duena». Web 1.0 begiratzen badugu, lehenengo uholdea teknikoago izan zela ondorioztatu zuten. Egun, «beste garai batean dago Internet. Komunikazio era berriak sortu dira, sare sozial gehiago dago eta harremanak aintzat hartzen dira. Badakigu emakumeak oso onak direla horretan. Gainera, emakume eta gizonek ekoizpen ezberdinak eta kontsumo ohitura ezberdinak dituzte eta sarea horren isla da». Baina enpresatan, aldiz, «emakumeen presentzia murritzagoa da».
Euskal Herriko bi kanpaina marketin sariketan irabazle
Ostegunean Guggenheim Museoan egindako Blogak 2.0 jardunaldietan Startup 2.0 eta Hazruido lehiaketetako sariak banatu zituzten. Bigarren honetan, marketin biralera bideratutako alorrean, Euskal Herriko bi ekimen suertatu ziren irabazle. Lehenengo postuan Todosconlapantoja.com proiektua sailkatu zen, Ibon Mujika eta Alex Dolararen eskutik. Bigarren postuan, GAUR8ko kazetari Haritz Rodriguezek sortutako Ubuntutribe.com. Beste alorrean, txapelketarako sortutako «habitaquo» hitza Google.es gunean bilatuz gero, emaitzen artean lehenengo eta bigarren postuetan agertzearena, habitaquo-habitaquo.blogspot.com (David Martinez) eta habitaquo.
nortejoven.com (Tuterako Javier Lorente) guneek irabazi zuten.
Sari garrantzitsuagoak ziren Startup 2.0 izeneko lehian aritu direnen artean banatu zirenak. Tagzania.com eta Nireblog.com sailkapenetik kanpo geratu baziren ere, aipamen berezia jaso zuten. Irabazleak, Sclipo.com (Bartzelona), 5min.com (Israel) eta Properazzi.com (Bartzelona) izan ziren.


