KULTURA / COPYLEFT / MUSIKA -

Free week: baliabiderik gabe, kulturarik ez eskuragarri?

EHUko Leioako campusean Free Week jardunaldiak egin dituzte iragan astean. Kultura librearen inguruan, hiru egunetan, hausnarketak elkartrukatu, ekimenak aurkeztu eta tailerrak antolatu dituzte. GAUR8 antolatzaileekin aritu da hizketan

Haritz Rodriguez

2007ko Maiatzaren 25a

EHUko Arte Ederren Fakultatean Free week kultura librearen inguruko jardunaldiak egin dituzte joan den astean. Astelehenean hasi eta asteazkena bitarte, Truke Party-a, Linux Install Session, Literatura Kolektibo Tailerra, Copyright-aren alternatiben inguruko eztabaida, ikusentzunezko proiekzioak... Baina, zer da kultura librea?

Horretarako egon da GAUR8 Natxo Rodriguezekin, Unibertsitateko irakasle eta ekimen horren sustatzaileetako bat. Jakinarazi duenez, «joan den neguan, Fakultatean beste bi ekimen antolatu zituzten: Netlach eta AKME jardunaldiak. Bietan, nolabait, adierazpen artistiko ez objektualak, komunikazioa, medio berriak eta ziberkultura kritikoa ardatz nagusiak izan ziren. Horien ondorioz, zerbait gehiago burutzeko gogoa sortu zen, batez ere, kultura libre eta software librearekin lotuta. Eta, batik-bat ikasle baten gogoagatik, jardunaldien proiektuarekin hasi ginen».

Antolaketa lanetan, «ikasleak eta irakasleak daude, maila berean. Hasiera batetik kultura eta askatasuna daude tartean eta, horregatik, ahalik eta modurik horizontalenean egiten saiatu gara» azaldu du. Free Week jardunaldien bitartez, kultura libreak dituen agerbideak, baliabideak eta esperientziak uztartu dituzte. Baina kultura librearen definizioaren inguruan bada eztabaidarik. «Hor dago koska momentu honetan eta eztabaida askoren mamia. Gauza bat oso argi dago. Ez gara adierazpen askatasunari buruz hitz egiten ari; ezta sortzaileen askatasun kreatiboari buruz ere. Ez da salneurriaren kontua. Kultura eta askatasuna uztartzen ditugunean, egilearen askatasuna jorratu nahi dugu. Egileak berak bere lanaren gainean erabakitzea, ikuslearen edo kontsumitzailearen oinarrizko eskubide batzuk bermatzea, eta kultura guztiona izan dadila. Kultura beti izan baita gauza kolektiboa. Zoritxarrez, gero eta gehiago, egile nahiz kontsumitzaileen eskubideak urratzen dira. Kulturara heltzea gero eta zailagoa da, batez ere, azken bolada honetan jarritako hainbeste eta hainbeste murrizteengatik», nabarmendu du.

Rordiguezen arabera, «laburbilduz, kultura libreari buruzko mugimenduek bermatu nahi dutena hauxe da: edonork kultura erabil, kopiatu, eraldatu eta banatzeko askatasuna izatea, edozein helburutarako»

IKT-ak eta sormena

Egunotan Leioako Unibertsitateko campusean egindako jardunaldian, software librea, copyleft-a musikan, literatura librea, fanzineen edizioa eta egileen eskubideak izan dituzte aztergai.

Rodriguezen arabera, «copyright-a, Creative Commons litzentziak, eskubideak kudeatzeko entitateak eta abar dezente aipatu dira» jardunaldietan. Bere ustez, teknologia digitalak eta sare telematikoak kultur ekoizpenaren garapenari eragin dio, «aurretik inoiz ez ikusitakoak aldaketak ahalbidetuz», esan du.

«Hala ere», zehaztu du, «betirako bereiztu dira edukiak eta euskarriak. Bestaldetik, digitalizatzearekin batera, edozein produkzio kulturalaren kopia egiteko erraztasunak izugarriak dira. Gainera, kopia horiek ez dute ia ezer balio. Sare telematikoen bidez, igorle eta hartzailearen arteko harremanak bat-batekoak dira, denbora errealean eta eskala globalean. Beraz, produktu kulturalak zabaltzeko ahalbideak itzelak direlakoan nago».

Are gehiago, «eskasiaren kulturatik oparotasunaren kulturara pasatu gara. Horren ondorioz, kultura ekoizteko, kontsumitzeko eta konpartitzeko aukerek ez dute alderaketarik», esan du.

Egun, «ia edonork, (gure gizartean noski) etxean, medio gutxirekin, mota edo medio askotako artelanak, maila handikoak gainera, ekoiztu ditzake eta bat-batean Interneten bidez edozein lekutara, denbora errealean, zabaldu. Kalitate onarekin. Orain 15 urte, hori zientzia fikziozko kontua zen», aipatu du.

Horregatik, honako galdera egin du Rodriguezek: «Nola ukatu dirurik edo baliabiderik ez duenari kulturara ailegatzea, gaur egun dauden baliabideekin? Zenbait jende horren alde dago, kultura etengabe murriztearen alde, merkatu hutsaren kontu bihurtuz. Gehienetan egileen izenean. Eta kultura librea horren aurka dago».