BIDAIARIAK -

Jokin Azarloza, swahiliz hizketan

Joxean Agirre

2007ko Maiatzaren 25a

Zornotzarra da. Heziketa fisikoan lizentziatuta dago eta Karmengo Ama eskolan soin hezkuntza eta musika ematen ditu. Iazko irailean aurtengo ikasturtea jai hartu zuen Afrikari itzulia emateko, bizikletaz. Munduari bizikletaz itzulia ematen ari den Alvaro Neil biziklownarekin Tanzanian egin zuen hitzordua, Kilimanjaroko aireportuan. «Hau izan da bakarrik egin dudan lehen bidaia. Hori bai, Pirinioetan eta Europan bizikleta ibilaldiak egina nintzen lagunekin. Asturiarra da Alvaro eta milaka kilometro egin ditu Afrikan barrena haurrei mimo ikuskizunak eskainiz. Lehen asteak berarekin egitea erabaki genuen posta elektronikoz, baina ez zen aireportura agertu. Nafar batzuk lagundu zidaten Moshi hiriraino eta han aurkitu nuen», esan zigun. Tanzanian mila bat kilometro egin eta Ruandan sartu zen. Uganda osoa zeharkatu ostean, Kenyan bukatu zuen hiru hilabeteko ibilbidea.

«Bidean oso euskaldun gutxi aurkitu nituen, tartean karmeldar batzuk Kigalin. Misiolariak sekulako lana egiten ari dira Afrikan, edozein GKE baino gehiago. Bigarren horiek 4x4 ibilgailuekin ibiltzen dira eta aparte egindako etxeetan bizi dira. Misiolari gehienak, berriz, bertako jendearekin bizi dira. Hori da nik jaso dudan irudipena», esan zuen Jokinek.

Ostatuan lo egitea, bi euro

«Normalean ez dugu kanpinik erabiltzen. Gela batean lo egiteak 2.000 txelin balio ditu Tanzanian, pare bat euro. Herri guztietan daude ostatuak. Bertako jendea ere asko mugitzen da. Afrikako jendearen erdia bat ere mugitu gabe bizi da, bere auzotik irten ere egin gabe. Beste erdia, berriz, batetik bestera dabil. Saltzaileak dira asko. Jana edozein bazterretan aurkitzen duzu. Emakumeren bat eltze batekin ke artean aurkitzen baduzu, jana emateko prest egongo da. Arroza, babarrunak eta haragia ematen dute. Eta fruta oso ona da», jarraitu zuen Jokinek.

Ea urarekin eta jatekoarekin beldurrik izan zuen galdetu genion. «Ura edateko beldurrez zabiltza lehen egunetan, baina ni asko joaten nintzen etxeetara eta bertako jendearekin zaudenean ezin duzu ezer berezirik eskatu. Ematen dizutena hartu behar duzu. Hala egiten nuen eta ez nuen batere arazorik izan», esan zuen.

Jokinek dioenez, afrikarrekin harremana izatea oso erraza da. «Zuria zara eta, bizikletaz joan arren, badakite dirua duzula. Tanzanian swahili pixka bat ikasi nuen neure kontura, gauzen izenak eta esaldiren batzuk, eta horrek asko laguntzen du. Oso hizkuntza polita da. Hasten nintzen hitz egiten eta sekulako algarak egiten zituzten. Ingelesik ez dagoen lekuetan bertakoa ikasten duzu, egia den arren turista gehienek ez dutela ezer ikasten. Nairobin mundu guztiko turistak, bereziki motorzaleak, ikusi nituen, eta jendeaz eta hizkuntzaz ez direla arduratzen ikusi nuen», jarraitu zuen.

Etiopian harrika

Une gogorrak ere izan ditu Jokin Azarlozak bere ibilbidean. Etiopian, esate baterako. «Nairobitik abiatu eta Adis Abebara jo nuen bigarren txandan. Etiopiako jendea zaila egin zitzaidan. Harroak eta menderakaitzak dira eta oso harrera txarra egiten diete bizikletaz doazenei. Ruandan ere agresibo samarrak dira haurrak dirua eskatzerakoan. Etiopian, are eta okerragoak. Leku batzutan harrika hartu ninduten. Hango ohitura izango da. Ikusi orduko hartzen dute harri bat. Artzainak dira eta ahuntzei harrika egiteko ohitura dute. Bestalde, ez dut uste urte askoan kolonia izan denik. Lekua menditsua da, eta jendea, gogorra. Beldurra gorputzean sartzen zaizu eta ez zaizu ateratzen», esan zuen.

Zertarako bidaiatzen duen galdetu genion. «Erosotasunak eta kontsumismoak apatia eragiten didate. Bidaiatzeak, aldiz, emozioa ematen dit, bizirik sentiarazten nau. Jendeak negar egiteko astirik ere ez du Afrikan», esan zuen.

Errepideez ere galdetu genion. «Erdia edo asfaltoa da, asfalto txarra. Ez dago bide-seinalerik, ezta bide-gurutzerik ere. Nairobitik Adis Abebara bide bakarra dago. Hori bai, sekulako abiadan ibiltzen dira autobusak eta kamioiak. Sekulako istripuak ikusi nituen. Eroak bezala joaten dira. Autobus bat zazpi behi akabatzen ikusi nuen behin», esan zuen. Ibilbideko hiriak ere bisitatu zituen: Nairobi, Kampala, Kigali eta Adis Abeba. «Bizikleta kanpinean uzten nuen. Arriskutsua zen han bizikletan ibiltzea. Jendea garraiatzeko furgonetak daude eta oso erosoak dira: eskatuz gero, edozein unetan geratzen dira», jarraitu zuen.

Bazter guztietan dirua eskatzen dute. «Beste bidaiariekin eztabaidatu izan dut gaia. Hasieran ez nuen ematen, baina azkenean gastatzen nuena baino gehiago banatzen nuen», esan zuen Jokinek.