Mobilmetraiak: 60 segundo mugikorren eta nerabeen topikoak apurtzeko
Nerabeen arteko bullying jazarpen fenomenoa mugikorrez grabatzea hain ezaguna egin den honetan, teknologia berrien erabilpen baikorragoa bultzatu nahi duen ekimena dugu «%100 ingurune mobila" lehiaketa. Sakelako multimedia terminal hauek sorkuntzara bideratzea da helburua, erraza ez den arren
Imanol Amiano
2007ko Maiatzaren 25a
Iruñean, bi gaztek ikaskide bat jipoitu zuten eta beste batek dena telefono mugikorrarekin grabatu zuen. Jipoitua ospitalera eraman behar izan zuten, baina ez zen orduan jakin guztia. Hurrengo batean, irakasle batek jipoitutakoaren motxilan 21 zentimetroko sukaldeko aiztoa aurkitu zuenean baizik. Erasoan parte hartu zutenen mugikorrean jipoiaren irudiak zeuden.
Hilabete pare bat lehenago, Bilbon, nerabe koadrila batek, 16 eta 17 urte bitarteko dozena bat lagunek osatutako talde batek, bizikletan zihoan gazte bat egurtu eta filmatu zuen. Akusazioa, freakya izatea. Zigorra, bi hortz txikitzea eta ezpaina lehertuta uztea. Huskeria, beste hainbat kasuren ondoan. Ehunka dira bullying filmatu hauek.
Euskal Herrian gertatu diren kasuetako bi ditugu hauek. Arazoa Gabonetako oporraldiaren ondoren sortu zen leku batzuetan; areagotu, bestetan. Haur askok punta-puntako teknologiadun mugikorrak jaso zituzten Olentzeroren opari gisa eta, horrela, filmaketak egin ditzakete.
Gazte neonaziek eskaleak jipoitzean grabatu egiten dituztela jakin zuten telebistaren bidez. Honek imitazio mekanismoak sortzen ditu nerabeengan eta, bideo hauek duten hedapen ikaragarriaga- tik, moda areagotu besterik ez da egiten: Internetetik deskargatzen dituzte, lagun artean pasatu -ikastetxetik ikastetxera eta herritik herrira- eta milaka nerabek ezagutzen dituzte irudiok, azkenean. Biolentziaz blai dagoen gure gizarte honetan, norbaitek ordaindu behar du besteen suminaren eta frustrazioen faktura. Larrutik ordaindu, gainera, maiz. Eta mugikorra erabiltzen dute irudi horiek grabatzeko, SMS bidez esamesak zabaltzeko eta norbait taldetik bereiztu eta kanpoan uzteko; sarritan, mugikorrik ez duena. Edo marka jakin bateko mugikorra ez duena, edota ezaugarri berezi batzuk dituen modelo baten jabe ez bada.
Telefono mugikor operadore nagusien estatistikek diotenez, terminal bakoitzak egunean 29 mezu bidaltzen ditu. Mugikorrekiko mendekotasunaren adierazgarria da hori. Gainera, mugikorrek osasunari kalte zuzena egin diezaiokete: Ingalaterran, 16 urtez azpikoei galarazi egin zizkieten, ikasle askok estresa, lo egin ezintasuna, antsietatea eta hiperaktibitatea baitzituzten, mugikorren erruz, antza. Garunetara doan erradiazio elektromagnetikoak oroimena, arreta eta kontzentratzeko gaitasuna oztopatzen dituela diote. Erradiazio hauen arriskua ume eta nerabeengan handiagoa da, burezurra finagoa baita, eta 25 urte bete arte ez baita garunaren garapena amaitzen.
Nerabeen %93k mugikorra dute
«Nola liteke 12 urteko mukizu batek punta-puntako mugikor bat edukitzea?». Izan ere, guraso batzuek egiten duten galdera hori da. Honaino nola iritsi garen galdetzea bidezkoa bada eta adin horretan sakelako multimedia terminala izatea astakeriatzat hartu badaiteke ere, errealitatea oso tematia da: Estatu espainolean egindako inkesta baten arabera, nerabeen %93k telefono mugikorra dute eta, %73k, azken generaziokoa; hots, WAP teknologiaduna. Hori bai, %80ri gurasoek ordaintzen diete telefonoa.
Datuak hauek izanik, ez da harritzekoa nerabeekin erabiltzen diren topikoak errepikatzea. Nerabeak mugikorren mende daude. Baina baita helduak ere: MIT Sloan etxeak egin duen ikerketak erakusten duenez, hamar exekutibotik bederatzi posta elektronikoa, Internet eta hari gabeko beste hainbat zerbitzu eskaintzen dituen BlackBerry motako telefono inteligenteekiko dependentzia erakutsi dute. Onartutako adikzioa, burtsa exekutibo hauek beren adikzioa «konpultsiboa» zela aitortu baizuten.
Gero eta zailagoa omen da nerabeekin harremanetan jartzea. Komunikaziorako jaiotako erraminta batek sortzen duen inkomunikazioaren paradoxa. Hizkuntza propioa dute, eta argiaren abiaduran idazten dituzten SMS mezuen bidez erlazionatzen dira. Komunikazio arazoa, beraz, ez da beraiena soilik.
«%100 Ingurune Mobila»
Amaste agentziak eta Synmarc elkarteak sortutako ekimenaren xedea egoera honi buelta ematen laguntzea da. Ivan Barrio Amasteko kideak argitu digu «ez-ohiko komunikazio moduetan eta bitartekotza zein berrikuntza soziokulturalera bideratutako sormenean espezializatutako agentzia» dela Amaste. Synmarc, berriz, «gizarte zibilaren parte-hartzea eta elkarreragina oinarritzat duten proiektuen bidez, kultura aniztasuna bultzatzen duen elkarte bat da». Bien artean «Ia 18» izeneko egitasmoa sortu dute eta honen barruan «%100 Ingurune Mobila» proposamena garatu dute, Lakuako gobernuaren, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietako gazteria sailen, Gasteizko Artium museoaren eta Egaztearen laguntzarekin.
««%100 Ingurune Mobila» nerabeek bizi diren lekuei buruz sortutako mobilmetraien lehiaketa da. Mugikorrarekin grabatutako minutua baino gutxiagoko bideo hauen bidez edukiak ikuspuntu sortzaile, ludiko eta konstruktibotik sortu eta zabaltzeko ekimen parte-hartzailea da», esan du Barriok. Bertan, hilaren 31 arte, 12 eta 18 urte bitarteko gazteek hartu ahal izango dute parte. Hain justu, «denon ahotan dagoen «mobil-bullying»az gain, nerabeek mugikorra gero eta gauza gehiagotarako erabiltzen dutela erakusteko».
Hitza nerabeei ematea da kontua, «hiritar eraginkor gisa, inguruan duten munduaren definizioa egiten lagun dezaten, beren iruditegia, balioak, interesak eta kezkak agerraraziz». Gidoia erabiliz edo guztiz inprobisatuz. Akzioa, zientzia-fikzioa, iragarkia, dokumentala, beldurrezko filma... dena da zilegi. Nerabeek, gazteek oro har, «argazkiak ateratzeko, bideoak grabatu eta editatzeko erabiltzen dute mugikorra gero eta gehiago. Izan ere, nerabeak dira mugikorrei etekin handiena ateratzen dakitenak: konta diezagutela nola ikusten duten haien ingurua, hiria, herria... nora joaten diren parrandan, nola ikusten duten etorkizuna, lagunak, familia, euren txoko kutuna, zer atsegin duten eta zer ez, nola erakutsiko lioketen beraien ingurua ezagutzen ez duenari edo aspaldian etorri ez denari...», adierazi du Barriok.
Antolatzailearen arabera, «konfiantza osoa dugu haien irudimenean, sormenean eta eskubide osoko hiritar bezala, mundua definitzen parte hartzeko duten gogo izugarrian. Helduen mundutik sortzen diren estereotipoetatik haratago, nerabeak aintzakotzat hartzen baditugu, esateko asko dutela ikusiko dugu. Gainera, helduen ikuspuntua baino askoz askeago den ikuspuntu batetik», gehitu du Barriok.
Erreportari-mobila
Parte-hartzea. Ikuspuntu elkarreragilea. «Erreportari mobila»ren kontzeptuarekin lotutako proposamena ere badugu. Herritarren kazetaritza eta web 2.0 kontzeptuetan oinarrituta, herritarrak hartzaile soil papera jokatzetik zerbait gehiago izatera, parte-hartzeko aukera izatera pasatzea da. Edukiak igortzeko posibilitatea du, komunikazio kanalak horizontalagoak egiten dira, parte-hartzea eta ikuspuntuen aniztasuna sustatzen dira eta giza-komunitate sareak sortu. Hau guztia garatzeko, azpiegitura teknologiko zabala zuten hainbat tailer egin dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako institutuetan, gaztelekuetan, merkataritza- guneetan eta kultur etxeetan. Besteak beste, teknologia berriak eskura ez dituztenek ere parte har zezaten.
Mugikorrek komunikazio aukera handiak ematen dituzte; erreminta erabilgarriak izan daitezke, baina baita norbere oskolean itxi eta adikzioa sortu ere, besteengandik banandu eta taldetik kanporatzeko. Sakelako multimedia terminalak nerabeen esku daude. Zein erabilpen ematen zaien, hori beste kontu bat da.




