Imanol Artola, euskal xiloteka handiena duen basozain zegamarra
Zazpi urte eman zituen gaur Zegamako Zur Museoan ikusten diren 173 zuhaitzen enborrak bildu eta prestatzen. orain, mundu osoko egur zatiekin xiloteka bat osatzen ari da, Internet bidez beste hainbat bildumagilerekin zatiak trukatuz. 600 bat urteko pago, haritz eta gaztainondoak ditugu Euskal Herrian
Joxean Agirre
2007ko Maiatzaren 25a
Munduko xilotekarik (egur bildumarik) handiena Samuel Jamesena da, itxuraz. Record Memorial Colletion deritzo eta Yaleko Unibertsitatearen Baso Eskolan dago, Connecticuten. 60.000 egur mota daude han. Bigarren handientzat Belgikako Tervurenen dagoen bat jotzen da. Orain hiru urte, 57.161 egur mota zituen. Imanol Artolaren xiloteka ez da neurri horietara hurbiltzen, ezta hurrik eman ere, baina Euskal Herriko handiena izango da, zalantzarik gabe. Mundu osoko ohol zatiak ditu etxean: 836 mota. Eta, gainera, beste 250 erreplika ditu, munduko beste bildumazaleekin Internet bidez trukatzeko. Horretaz gainera, Zegamako Zur Museoari Euskal Herrian bildutako 173 zuhaitzen bilduma utzi dio.
«Badira hamabost urte basozain hasi nintzela. Lanean hasi eta urte batzuetara, ilargiaren faseak zuhaitzetan zer eragin zuten ikertzen hasi ginen talde bat. Euskal Herrian sinesmen handia dago eragin horretan. Aldundiko teknikari batzuek eskatu ziguten lan hori egiteko. Enborrak biltzen hasi nintzen, betiere, enbor bakoitzaren fitxan ilargiaren zein fasetan botatakoa zen jarriz. Izerdiarekin du zereikusia ilargiak, baina gaur egun inork ez dio begiratzen horri, etengabe atera behar da egurra eta lehortzeko areto industrialak erabiltzen dira. Gure ikerketa hori bertan behera geratu zen, baina nik bilduma egiten jarraitu nuen. Museo honetan ikus daitezke gaur Euskal Herriko 173 zuhaitz motaren enborrak. Zuhaitzak barrutik nolakoak diren erakusten da, muinaren, gizenaren, giharrarren eta azalaren berri jakiteko balio du bildumak; zuhaitz bakoitzaren ezaugarriak ikusteko, alegia», esan zuen Imanol Artolak, Cedrus Glauca ikusgarri baten enborraren ondoan pausatu zelarik.
Zuhaitz enbor bakoitzaren mozketak, izenak, noiz botatakoa den, zein tokitan, ilargiaren zer fasetan, zuhaitz horren jatorria, egurrak zertarako balio duen eta beste hainbat zertzelada agertzen da bakoitzaren fitxan.
Gandiagaren laguntza
Oñatin Udalaren mendiak zaintzen ditu Artolak, Antzuolan Udalarenak eta partikularrenak. Garbiketa eta landaketa antolatu eta kudeatzea da bere lan nagusia. Arantzazuko seminario zaharrean hasi zen enborrak biltzen. Gandiaga izan zen gehien animatu zuenetakoa. «Gandiagagatik izan ez balitz, ez zen aurrera aterako bilduma hau. Ni nire enborrak hartuta hara joaten nintzen bakoitzean agertzen zen. Anaia modelista dut eta harengana eramaten nituen enborrak, moztu eta txukuntzera, eta seminariora itzultzen nintzen bakoitzean agertzen zen Gandiaga. Agertzen ez zenean, neu joaten nintzaion bila. Ume txiki batek bezala eskuekin egurra ukitu eta usaintzen aritzen zen. Oso gizon berezia zen eta sekulako tertuliak egiten genituen biok. Seminario zaharra bota eta Gandiagaren izena daraman topagunea egiten hasi zirenean, nire enbor hauek oztopoan zeuden eta hortxe izan nuen Zegamako Udalaren gonbidapena museo honetan uzteko», gogoratu zuen.
Zuhaitzik zaharrenak
Zuhaitzei buruz edozer gauza galdetzen diozula ere, Imanolek badu zer kontaturik. «AEBetan daude zuhaitzik zaharrenak, 4.900 urteko batzuk ere aurkitu dituzte. Eraztunei begira jakiten da zuhaitzaren adina, eraztun bakoitzari urte bat dagokiolako. Ez dira oso handiak. Mikroskopioarekin begiratu behar dira eraztunak. Sekuoiak dira. Oraindik ez daukat egur hori nire bilduman. Euskal Herriko zaharrenak? Gaztainondoak, haritzak eta pagoak ditugu 600 bat urtekoak, baina hortik gorakorik ez dut uste dugunik. Hemen basoari egurra ematen diogu. Eta perimetrorik handienak? Ubera aldean badira Insignis batzuk hiru metro eta erdikoak», jarraitu zuen.
Zazpi bat urte eman zituen Imanol Artolak orain Zur Museoan erakusten den bilduma osatzen. «Egur zati bakoitzak bere historia du, nondik eta nola inguratu dudan gogoratzen banaiz. Batzuk oso bitxiak dira. Hemen dagoen cunninghamia hau Arrasaten jaso nuen. Erorita zegoen eta agiña zela ematen zuen, baina garbi nuen ez zela. Egur izugarri fina du, ukitzeko berezia», esan zuen.
Agiñari buruz galdetu genion, gutxitzen ari den mota delako. «Gutxi ikusten da. Europan dagoen teixadal bakarra Galizian dago, Teixador de Casaio deitzen diote. Eta ez ditu bi hektarea edukiko. Kantauri ertz osoan errespetatzen da zuhaitz mota hori. Asko irauten du. Ez da ikerketarik egin agiñari buruz, baina mereziko luke. Diotenez, etxeetako arkuak egiteko erabiltzen zuten eta ingelesak honaino etortzen omen ziren egur horren bila», erantzun zuen.
Guretzat haritz guztiak berdinak edo berdintsuak dira, baina 12 mota berezi ditu Artolak bere bilduman. Egur mota bakoitzak zertarako balio duen adieraztea da Imanol Artolaren helburua. Izaiaren azpian, esaterako, Stradivarius bat jarri du, biolin mota hori gabon pinuarekin egiten dela adierazteko. «Nire hasierako asmoa enbor bakoitzaren parean egur mota horrekin egin daitezkeen gauzak jartzea zen eta neurri batean egin dugu. Urkiarekin, esaterako, kaikuak egiten dira. Zergatik urkiarekin, eta ez beste egur mota batekin? Esaten dute egur honek esneari ez diola gusturik ematen eta beste gehienek bai. Argizaiola, esaterako, haritzarekin egiten da eta gauza bakoitzak du bere egur mota egokia. Pozik ikusiko nuke museo hau gehiago jantzita, baina lan hori nik ezin dut egin», esan zuen Imanol Artolak.
Ba omen daude zeta egiteko harrarentzat balio zuten masustondoak, oraindik ere aberats izandako etxe atarietan ikusten direnak. Indianoek beren kategoria soziala markatzeko Ameriketatik ekarritako zuhaitz mota guztiz exotikoak ere badaude. Haziak eta landareak ekartzen zituzten, nonbait, beren maletan. Mendeetako historia idatzi daiteke zuhaitzei begiratuz.




