FORU ETA UDAL HAUTESKUNDEAK -

M-28, promesen ondorengo eguna herritarren parte hartzea, euskara eta ingurumena, kezka nagusiak

Hauteskunde bezpera. azken asteotan entzun dugun promesa sortaren oihartzuna oraindik belarrietan daukagunean, Gaur8k irakurleongana jo du hautagaiengandik zer espero duten jakiteko

Xole Aramendi

2007ko Maiatzaren 25a

Hauteskunde kanpainaren gurpil eroak egin ditu azken metroak. Isildu dira bozgorailuak, itzali dira argi-fokuak, kendu dituzte oholtzak. Maiatzaren 26a da, Udal eta Foru Hauteskundeen bezpera. Atseden eguna da gaurkoa, bihar euskal herritarrok hautestontziekin dugun hitzorduaren aurretik. Hautagaiek lasai egoteko aprobetxatuko dute eta herritarrok eskertu egingo dugu esloganik, mitinik eta kanpainako ekitaldirik gabeko eguna.

GAUR 8k, pausu bat aurrera egin eta maiatzaren 28ra egin du salto, behin eta berriz alderdi politiko desberdinen aldetik entzun ditugun promesen ondorengo egunera. Herritarrok agintariei zer eskatuko diezuen jakin nahi izan dugu, baita gobernu taldeei inolako iradokizunik helaraziko diezuen eta Euskal Herriko egoera politikoak zuen ustez zein neurritan baldintzatzen duen herrietako udalen jarduera ere. Erantzunen bila irakurleongana jo dugu. Zuek izan zaituztegu lagun erreportaje hau egiteko unean. «Zuk zeuk egina» saioaren lehen saiakera izan da. Ea azkena ez den.

Hauteskundeen ondoren, zuen herriko udal ordezkariei eta foru instituzioetako hautetsiei zer eskatuko zenieketen galdetuta, herritarren parte hartzearekin, euskararekin eta ingurumenarekin lotutako kezkak nagusitu dira. Hizkuntz normalizazioari dagokionez, Uhinen Hizkuntza izena hartu duen irakurle batek honokoa dio: «Euskararen normalizazioan aurrera egiteko ekintza eraginkorrei hasiera ematea eskatuko nieke agintariei».

Bada euskarak agiri ofizialetan duen presentzia urria dela eta minduta azaldu denik ere. «Euskararen presentzia duina bermatzea» eskatzen die agintariei, batez ere «txosten formaletan edota sail ezberdinen informazio eta webguneetan. Batzutan min egiten du», nabarmendu du irakurle horrek. Dei berezia egiten die beste batek «nazionalistak» direnei: «Gure hizkuntza sustatzeko eta bermatzeko beharrezko pausuak ematea».

Horrekin batera, herritarren parte hartzea da GAUR 8ko irakurleek duten kezka nagusietakoa. Honela dio Danik: «Udal ordezkariei herritarren partaidetza benetan berma dezatela eskatuko nieke». Beste irakurle batzuk «ustelkeria» amaiarazi nahi dute.

Hainbat proiektu handikiro iragarri eta gero ezerezean geratzen direla ere nabarmendu dute. «Zerbait hasiko baduzue, jarraitu horrekin. Askotan gertatu da emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutako ekimenak edota Internet bidez udal kontuetan parte-hartzekoak desagertzen joan direla behin komunikabideetan agertu ostean. Txartel digitalarekin halakorik ez gertatzea espero dut».

Han eta hemengo makroproiektuak ere kezka iturri dira. Koldotxuk SuperSur proiektua ahaztea nahiko du: «Ezin dezakegu foru ogasuna horrela hipotekatu. Diru hori auto eta kamioi kopurua murrizteko erabili behar da, Bizkaibusa indartuz -nahiko ahaztuta dago- eta merkantzien burdinbide bidezko garraioa bultzatuz. Ez esan Bizkaibusek dirua galtzen duela, horrela izan behar du! Garraio publikoa da! Hor azpiegitura erraldoiak egiten eta mantentzen baino askoz gutxiago galtzen da!».

Proiektu handiek eragindako kaltea kezka iturri da. Horren erakusle, irakurle batek emandako iritzia: «Gelditzen zaigun ingurune apurra zaindu behar dugu. Udal batzuek barrabaskeri itzelak egitea baimentzen dute. Batzar Nagusiek eta Aldundiek hori kontrolatu beharko lukete».

Uraren gestioa ere hobetu beharreko puntuetako bat bezala ikusten dute. «Ezin dezakegu horrenbeste ur galdu hodien mantenu ezagatik», adierazi dute.

Horrez gain, «legegintzaldi honetan Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun sailean egondako ustelkeri kasuak (Irungo bulegokoa, adibidez) ondo iker ditzatela ere eskatu dute gure irakurleek.

Internet herritarrekiko komunikazioa errazteko tresna ala propaganda helarazteko bidea besterik ez den jakin nahi izan dugunean, hurrengo iritzia jaso dugu: «Egia da teknologia berriak gero eta garatuago daudela, eta egia da halaber Internetek komunikatzeko gero eta leiho gehiago irekitzen dituela. Hori bai, alderdiek batez ere hauteskunde garaian (kontuan hartzeko datua) Internet bidezko parte hartze eta eztabaida bultzatzea propaganda hutsa iruditzen zait».

Xabik hurrengoa uste du: «Komunikatzeko ez dago Interneten beharrik, komunikatzeko gauza interesgarriak izatea, eta beraiek zabaltzeko eta gizartearen erantzunak jasotzeko gogoa izatea da garrantzitsuena. Bitartekoa ez da mezua, nahiz eta askotan horrela dela eman».

Legegintzaldia hasita, udaleko gobernu taldearen kudeaketan parte hartuko al zenuke, adibidez, iradokizunak helarazteko? Internet bezalako tresnek herritarren parte hartzea ahalbidetu dezaketela uste al duzu? Horiexek gure hurrengo bi itaunak. Erantzunen artean, ondorengoak: «Elkar-komunikazioa eta interaktibitatea ez dira elektronikarekin jaio. Parte hartzea bultzatzeko gogoa besterik ez da behar», dio batek. Hona beste irakurle baten iritzia: «Egia da Internetek egundoko aukera ematen digula etxetik mugitu gabe jendearekin edo erakundeekin harremanetan jartzeko, kontutan hartu behar da gainera hainbat udalek euren webguneetan herritarren proposamenak, kexak... jasotzeko txokoak jarri dituztela. Hori guztia oso ondo dago, baina zerbaiterako balioko al du? Ni ezezkoan nago. Izan ere, hainbat erakundek, gehiegik, argi eta garbi erakutsi dute bost axola zaiela herritarren iritzia: eurek euren proiektuak inposatzen dituzte, adibidez AHTa. Beraz, ez dut uste Internet bidez egindako proposamenei jaramon handiegirik egingo dietenik agintariek. Euren postontzi elektronikoak kolapsatuko bagenitu akaso...».

Bada besterik ere. «Udal batzuk (eta Legebiltzarra, agian, hori ez dut ondo gogoratzen) Hiritarrok2005 ekimena hasi zuten. Internet bidez zure proposamenak bidaltzeko aukera zegoen herriko beste internautek irakurtzeko eta bozkatzeko, alderdiek proposamenak plazaratzen zituzten, iruzkinak egin zitezkeen... Nahiko erabilgarria zirudien. Zertan gelditu da hori guztia? Auskalo! Nahi dituzten beste foro, tabloi eta blog egin ditzakete, baina funtsean, garrantzitsuena, horiei kasu egitea da. Gauza herritarron parte hartzea, inplikazioa bada, zergatik ez dira egiten udal batzar irekiak hilean behin? Bertan, zinegotziek euren proposamenak plazaratu beharrean, herritarrok gure ideiak eman beharko genituzke eta aktan geratu beharko lirateke», proposatu du.

Egoera politikoaren eragina

Euskal Herriko egoera politikoak udalen jarduera baldintzatzen duen galdetuta, hurrengoa erantzun digute: «Dudarik gabe. Gatazkaren konponbidea lortu arte ez dut uste benetan bere zentzu sakonenean udalgintza egiterik dagoenik. Normalizazio demokratikoa lortu arte herrietako egoera baldintzatuta egongo da, halabeharrez».

«Udalen papera funtsezkoa izan daiteke gatazka politikoa gainditzeko, baina horretarako, noski, borondatea behar da, eta nire aburuz, oso borondate gutxi dago horretarako», dio gure galdetegiari erantzun dion beste pertsona batek. Horrekin bat dator Endika. «Alderdi batzuek borondate gutxi azaltzen dute. Beraien ardura ekonomikoak gure Euskal Herria baino askoz handiagoak dira. Horrela ez gara inora joango», esan du.

Azkenik, legez kanpo utzitako hautes-zerrendak dituzten udalerrietan, eguneroko politikan parte hartzen saiatuko zinateketen galdetu dizuegu. Irakurle baten iritzia honokoa da: «Saiatu egin beharko da, baina nola egin ere asmatu beharko da. Ez da erraza udalaren eguneroko erritmoa baldintzatzen saiatzea kanpotik. Agian gauza puntual batzuetan egin daiteke, baina nola jarraitu eguneroko gai mordoen erritmoa bitartekorik gabe? Hortxe dago erronka».