-

Bihar jokoan dagoena

Josu Juaristi

2007ko Maiatzaren 25a

Foru eta udalerrietako hauteskundeetako kanpainaren amaierara iritsi gara. Alderdi eta komunkabide gehienek ezkutatu nahi izan badute ere, ezker abertzalearen hautes-zerrendak legez kanpo uztea izan da aipamen nagusia. Egoera estaltzen saiatu direnak haserre antzera ikusi ditugu gainera; beren aurpegia zuritzen-edo ikusi baditugu ere, sutan ibili dira salbuespeneko egoeraren salaketaren aurrean. Hala, kanpainaz ari zirela «boikota» eta «bortxakeria» eta «eskubideen urraketa» hitzak edo terminoak aipatzen zituztenean ilegalizazioaren eta «putxerazoaren» salaketa ekintzetaz ari ziren, ez ilegalizazioaz edota legez kanpo utzitako ehunka hautes-zerrendaz.

Jakina, herri honetako eskuinari ez zaio gustatzen eskuina legez aritzen dela entzutea. Eta sozialdemokrata omen diren batzuei ere ez, itxura batean. «Baina guk esan dugu horren aurka gaudela! Eta, gainera, beraiek (ezker abertzaleak alegia) sortu dute egoera!». Hau da, legez kanpo geratu izana beraien errua da, beraiek nahi izan balute bezala, «geratu» hori zerbait abstraktoa balitz bezala, berez edota ezinbestean etorritako zerbait balitz bezala.

Estrasburgorako bide amaigabea babestea edo deklarazio erretorikoak egitea ez da nahikoa, azken hilabeteotan egin izan diren hamaika bileratan erakutsitako jarrera eta bultzatutako bidea beti norabide bakarrekoa izan denean, presionatu behar zenean, beti, Euskal Herria bazterrean uzten zenean.

Horren guztiaren ondorio ere bada egungo egoera kezkagarria. Eta egoerak definizio erraza du: oinarrizko eskubideak dira, gaur eta hemen, bortxatuak daudenak. Oztopo galantak jarri ditu Estatu espainolak (batzuen eta besteen laguntzaz) lehenengo egunetik. Joan zen astean Iñaki Altunak hementxe bertan zioen bezala, «hori dugu, gaur, ditxosozko prozesuaren errealitate gordina». Esanguratsua da oso, ordea, horren salaketak horrenbesteko amorrua piztea, baina ez salatzen denak, edo salaketa eragin duen egoerak. «Bale, esan duzue behin, orain joan zaitezte etxera eta utz gaitzazue bakean, eserleku asko ditugu-eta banatzeko geure artean, diru asko eta asko gestionatu behar dugu-eta geure artean».

Finean, herri honetako eskuina aspalditik ari da, hiri eta herrietan, gustuko ez dituen gizartearen hainbat eta hainbat espresio bide eta molde moztu nahian. Azken lau urteotan nabarmen ikusi da hori leku askotan.

Hori ere jokoan dago hauteskunde horietan.

Aukera eta susmoak

Bistan da (zen) azken urteotan landutako eta irekitako aukera apartekoa dela (zela). Aditza orainean bakarrik uzteko orain arte erakutsitakoa baino askoz gehiago erakutsi eta egin beharko luke batek baino gehiagok, egoera honetan eroso antzera dabiltzatela egon daitekeen susmoari pisua kentzeko.

Horrexegatik agian, edo seguru asko, hauteskundeak eta prozesua ahalik eta gehien urruntzen saiatu dira batzuk, bozketa horrek prozesuaren osasun egoera neurtzeko ez duela balio esanez. Ez da horrela izango, beharbada, auskalo non egon daitezkeen marra gorriak, baina egoera edo urrats berriak bultzatzeko edo babesteko bozak baliagarriak izan daitezkeela begi bistakoa da.

Baldin eta, jakina, foru eta udalerrietako hauteskundeak oso era mugatuan eta interesatuan ulertzen ez baditugu. Beste lau urte poltsikora, alegia.

Errealitateaz ari ginen, ordea. Eta horren beste zati bat eskaini berri digu GARAk, PSOE zertara konprometitu zen jakitera eman duenean. Zertara konprometitu eta, tamalez, zer ez duen egin, adostutakoaz ezer gutxi bete baitzuen PSOEk, GARAk ostegunean argitaratutakotik ondoriozta daitekeen bezala.

Eta hori guztia Barajasko T4 hankaz gora jarri zuen lehergailua baino askoz gehiago gertatu zen, ETAren su-etenera iristeko adostutakoa ere askoz lehenago gertatu zen bezala.

Zenbat denbora «irabazi» nahi du PSOEk? Zenbat PNVk? Beste lau urte?

Konponbide politikoa da mahai gainean dagoena, eta egongo dena.

Prozesua «kinka larrian» dagoela adierazi zuen herenegun Iruñean ezker abertzaleko ordezkaritza zabal batek.

Eta prozesuaz hitz egiten denean, prozesu politikoa eta demokratikoa egin behar dela esaten denean, herri oso baten gehiengo zabalak babesten eta eskatzen duen zerbaitetaz ari gara. Ez da, beraz, ezker abertzalearen nahiren bat blokeatu nahi dena, Euskal Herriko gehiengoaren nahia baizik.

Horixe da, agian, apurtu nahi dutena; errealitatea narraztuz eta jendea bera nazkatuz herri baten aldeko apustua da apurtu nahi dutena. Hori ere jokoan egon daiteke hauteskundeotan.

Baina oztopoak etengabe jartzen direnean, eskubide urraketen kostoa (sufragio eskubidea bera bortxatzen denean, bihar gertatuko den bezala) hain merke pasatzen uzten denean, azterketa eta hausnarketa nekez muga daitezke bakarrik Estatura, ezin gaitezke gera Estatuari begira bakarrik.

Kontuak kontu, gizartearen zati handi batek (botoa eman dezakeenak -edo nahi duenak- behinik behin) hitz egingo du bihar. Batzuei, askori, «demokraziak» ez die botoa ametituko, baina horien hitza ere ozen entzungo da.

Horren guztiaren azterketa, emaitzek erakuts dezaketeena, astelehenetik aurrera ikusi beharko da.