-

Munduko hainbat emakume, gertuago

Ines Intxausti

2007ko Maiatzaren 25a

Bizitakoak banatuz gure auzoetako kideek kontatutakoak» (Histoires partagées racontées par des voisins) lelopean asteartero kontu kontari aritu dira San Frantzisko auzoko lagun etorkinak. Aljeria, Maroko, Angola eta Kolonbiako lekukoen ostean, datorren asteartean Ijitoen Ekimena eta San Frantziskoko Auzokideen Batzordea izango dira (eta izan dira) protagonistak. Beraiekin amaituko da programa.

Kontu kontari idatzi dudan arren, entzundakoak ez dira ipuinak izan, bene-benetako istorio gordinak baizik. Egunkari honen bidez berriaren oihartzuna izan zenuten orain dela gutxi. Horrexegatik, oraingo honetan, parte hartu duten emakumeez hitz egingo dut. Hiru besterik ez dira izan. Hirurak emakume kementsuak. Eta hiru arrazoi erabat ezberdinek ekarri dituzte Angola, Kolonbia eta Boliviatik Bilbora.

Esperanza Zolana emakume eder eta irribarretsua 1961ean hasi eta 2002an bukatu zen Angolako gerraren ondorioz heldu zen gure artera orain dela hamabi urte. Sei urte lehenago heldutako senarra zuen zain. 42 urte ditu. «Iritsi ginenean beltz gutxi zegoen hemen. Ez zen paterarik. Horrexegatik arrotza eta arraroa iruditu zitzaidan. Ez naiz inoiz integratuta sentitu. Izan ere, nire azal koloreak identifikatu egiten nau. Batzuek gaur goizean heldu izan banintz bezala hartzen naute».

Pedagogoa da. Eta eskarmentukoa gainera. Zairen eta Angolan garatu zuen bere esperientzia. «Angola oso aberatsa da. Beraz, printzipioz angolarrek ez dute inolako arrazoirik hemen bizitzeko», dio gerra ahaztu gabe. Azken hamabi urteetan ez da Angolara joan Esperanza. Senarra, berriz, bai: bi aldiz joan da Gurutze Gorriarekin, hiltzear ziren bi herrikide Angolara eramateko. «Nik ere ez dut hemen betirako geratu nahi. Horregatik, hara joango naiz ni ere hiltzera». Munduko Emakumeen Biltzarrari esker lortu du lana. Eta etxe bat egokitu zaio Miribillan. Pozik bizi da.

Bibiana Duque Kolonbiako Belen de Umbrian jaio zen. 32 urte ditu eta azken bostak Euskal Herrian pasa ditu. Ameriketan negozio propioak zituen: billarrak zituen taberna baten eta loteria postu baten jabea zen. Senarrak dena suntsitu zuen. Zorrak kitatzeko edonora joateko prest zegoen. «Nire errealitatetik ihes egiteko etorri nintzen». Lagun baten aita Europara zetorrela jakin zuenean, zera galdetu zion: «Nora zoaz?». Erantzuna jasotakoan, helmuga bazuen jada. Aitonarekin mintzatu zen abiatu baino hamabost egun lehenago, eta hark, Madrilen lehengusina bat zuela esan zion. Hegazkina hartu eta bertan agertu zen. Zuen lana ordea, oso eskasa zen. Etxe batean sartu eta berehalaxe konturatu zen esklabutza hutsa zela berarentzat. Herrikideak ere ez zeuden laguntzeko moduan. Santanderrera joateko proposamena egin zioten, prostituzioan aritzeko. «Baietz esan nuen inolako zalantzarik gabe». Goizez pisuetan aritzen zen, eta gauez, klubetan. Naturaltasun osoz kontatu digu, baina jendaurrean esperientzia hura gogoratzekoan lan iraingarriagorik ez dagoela onartu du guztiz hunkiturik. Santanderretik La Palancara etorri zen, ogibide berdinean aritzera. Bertan, maitasuna bilatu zuen (zergatik ez?). Hori bai, ez zen arazorik gabeko harremana izan. Haurdun geratu zen, eta sei hilabetera, banatu egin zen. Erditu arte lan berean jarraitu zuen arren, elizara joan zen laguntza eske. Miraria.

Gizarte laguntzaileen eta Argindegi batzarraren eskutik sukaldaritza ikastaro bat egin zuen, eta 2005. urtean, Ainara alabatxoa jaio zenean, Atxuriko elizan hasi zen lanean sukaldari gisa. «Beste bi seme utzi ditut Kolonbian eta hona ekarri nahi ditut nirekin. Nik ez dut bertara itzuli nahi». Herenegun ezkondu zen Bibiana, familia elkartzeko tramitea errazteko asmoz. Ez da kexatzen.

«Norberaren herrian lana eta etxea duten kolonbiarrei ez nieke aholkatuko hona edo hara joatea, etorkina izatea oso gogorra da eta. Ezagutzen ditut hemen kalean eske, kalean lo, ibili direnak. Ez hori bakarrik, bananduta bizitzera derrigortutako bikote asko dago Bilbon: bata gela ziztrin batean bizi da, eta bestea, gela are eta ziztrinagoan».

Amparo Menatxo boliviarra beste arrazoi bat tarteko heldu zen Bilbora 1994an: emankortasun tratamendu bat jarraitzea -Bolivian oso garestiak dira-. Senarra azpiegitura prestatzera etorri zen, eta bera geroxeago ekartzea pentsatzen zuen. Asko kosta zitzaion. Hiru saiakera, hain zuzen ere. Urrian heldu zen Madrilgo aireportura. Goizeko 7ak ziren. Dokumentu guztiak kendu eta gero, behin eta berriz galdekatu zuten arratsaldeko 5ak arte. Berriro bidali zuten La Pazera. «Etortzeko egindako zorra eta amets guztiak hondatuta itzuli nintzen, baina azaroan berriz saiatu nintzen, Frantziatik». Askoz txarragoa izan zen. Poliziek barre egin zieten ilaran zeuden guztiei. «Gu bezalako txiroentzako ez zegoelako lekurik hemen». Narkotzat hartu zituzten. Abendua zen Madrilen azken poliziak «gonbidapena duzu?» galdetu zionean. Berak ezetz borobila bota zuen inkontzienteki, eta besteak, «pasa». Ez du ahaztuko inoiz hitz hori. «Zuek bezalaxe, guk ere idealak eta ametsak ditugu, hemen edo han betetzeko». Autoestimuko irakaslearen hitzak gogoratu ditu: «Motorretik erortzean beti altxatu behar duzu. Eta berriro erortzen bazara, gauza bera: beti altxatu», esaten du Ainhoa alabatxoari begira.