Profila: John Wayne
Xole Aramendi
2007ko Maiatzaren 25a
Ehun urte beteko lituzke gaur John Waynek. Izan ere, 1907ko maiatzaren 26an jaio zen. Marion Robert Morrison izena jarri zioten gurasoek, baina bere ostean jaiotako anaiari ere Robert izena jarri ziotenez, Marion Michael Morrisonekin geratu zen. Aita, Clyde Leonard Morrison, eskoziar eta irlandar familiako farmazialaria zen. Ama, Mary Alberta Brown, irlandar jatorrikoa zen.
Ikasle ona izan zen. Bere adinerako oso garaia zen eta kiroletan nabarmendu zen. Aitak tuberkulosia zuenez, Iowako Winterset herritik Kaliforniara joan ziren eguraldi hobearen bila. Gauzak ez ziren ondo joan aitak erositako arrantxoan -bertan ikasi zuen semeak zaldiz ibiltzen- eta Glendale hirira joan ziren. Han Little Duke (Duke Txikia) zakurra alboan zuela ibiltzen zen. Hori dela eta, bizilagunek Wayne Big Duke (Wayne Duke Handia) deitzen zuten. Berak Marion baino gogokoagoa zuen Duke, eta ondorioz, bizi osorako geratu zen izenarekin.
Tom Mix western aktoreak bere filmetan espezialista moduan lan egitera gonbidatu zuen, eta Marion, papertxoak egitera animatu zen futbol sarreren truke. Fox estudioetan John Ford ezagutu zuen eta hark zineman John Wayne izena erabiltzea proposatu zion. Oso lagun egin ziren biak eta zuzendariaren hogei pelikula baino gehiagotan egin zuen lan. Henry Hathaway eta Howard Hanksen aginduetara ere aritu zen. Aktore moduan Oscarra irabazi zuen «True Gift» (1969) filman egindako lana dela eta.
Hasieran, film mutuetan agertzen zen Wayne. B serieko hainbat western ere egin zituen. Lehen arrakasta, aldiz, zinemagintzan hasi eta bederatzi urtera heldu zitzaion: John Forden «La diligencia» ospetsua. Makina bat film protagonizatu zituen sheriff, cowboy, militar edo gaizkile rola jokatuz. Guztira 250 pelikuletan hartu zuen parte, horietatik 150 baino gehiagotan protagonista gisa.
Zuzendari eta produktore lanetan ere aritu zen «El Alamo» (1960) -Ekoizpen Onenaren Oscar saria-, «Los Comancheros» (1961) eta «Boinas Verdes» (1968) bezalako filmetan. Azken hori Vietnamgo Gerraren aldekoa zen: AEBetako indar militarren parte hartzea babesten zuen. Waynek zuzendutako lanetan guztiz agerikoa da bere ideologia kontserbadorea. Alderdi Errepublikanoak presidentetzarako hautagai izatea proposatu zion 1968an, baina ez zuen onartu.
Hiru aldiz ezkondua, zazpi seme-alaba izan zituen Waynek. Pantaila handian bata eta bestearen aurka aritu zen, baina bizitza errealean borroka gogorrena minbiziaren aurka izan zuen. Izan ere, 1964 urtean biriketako minbizia aurkitu zioten eta ezker birika eta bi saihets-hezur kendu zizkioten. 1978an, berriz, bihotzeko ebakuntza larria egin zioten. Hurrengo urtean, urdaila kendu zioten.
1976an Don Siegelen «El ultimo pistolero» egin zuen. Azken lana izango zuen. Patuaren ironiak: minbizia duela eta ez zaiola bizitza askorik geratzen esaten dioten pistolero zahar baten istorioa kontatzen da. 1979ko ekainaren 11n hil zen. Heriotzaren aurretik gazteleraz idatzitako epitafioa eskatu zuen: «Itsusia, Sendoa eta Formala». Bere nahia ez zen bete. AEBetako Kongresuak hil ondorengo domina eman zion -oso pertsona gutxik jaso dute-. Bertan, ondorengoa irakur daiteke: «John Wayne, amerikarra».




