AFRIKA -

Afrika futbolaren erakusleihorik gabe geratuko al da?

2010eko Munduko Txapelketari begira makina bat proiektu jarri dira abian Hegoafrikan, baina estadio berrien eraikuntza uste baino garestiagoa da eta mundiala bera arriskuan dago

Jose Angel Oria

2007ko Maiatzaren 25a

Hegoafrikako eskualderik populatueneko garraioa erabat aldatuko duen azpiegitura proiektua» aurkeztu dute aste honetan Johannesburgon. 2010eko Munduko Futbol Txapelketa hasi baino lehen gauzatuko omen da «iraultza» hori, 1.300 milioi euro inbertitu ondoren. Errail bakarreko tren «hegalariak» Soweto eta Johannesburgo lotuko ditu eta, bertako agintarien arabera, Gauteng probintziako garapen ekonomikoa bultzatuko du. Afrikako garraio publikoko proiekturik handiena gauzatzeko lanak irailean hasiko dira, aurten inoiz baino bortitzago eta lehenago iritsi den negua amaitutakoan. Bi urtetan 39 geltoki eta 44,7 kilometro errail eraikiko dituzte. Trena lanean hastean, egunean milioi eta erdi pertsona eramango ditu Sowetotik Johannesburgora.

Munduko Futbol Txapelketa gauza guztien erreferentzia bihurtu da Hegoafrikan. Begiraleek hurrengoa nabarmendu dute: 2006 urteak herrialdeari eman zion pozteko moduko berri bakarra mundiala Hegoafrikan egingo zela jakitea izan zen. Politikarien ustelkeriak eta gizartean oraindik nagusi den desberdintasunak (nahiz eta Apartheid sistema bukatu zenetik hamar urte pasatu diren) kezkatzen ditu gaur egun hegoafrikarrak, bertako hedabideen arabera.

Ekonomia? Ondo esan behar

Ekonomia ondo doala diote adituek -hazkunde tasa handia da, %5 ingurukoa, eta inflazioa, txikia-. Estatuak inoiz baino diru gehiago biltzen du zergen bitartez eta, horri esker, hegoafrikar pobreenei eskaintzen zaien zerbitzu maila ere asko hobetu da. Ez nahikoa, ordea.

Rand Hegoafrikako moneta garestiegia da oraindik eta, ondorioz, bertako industriak behera egin du: uste da 100.000 lanpostu inguru galdu direla esportazioek behera egin dutelako. Eta langabezia tasak, berriz, gora egin du: %26koa da datu ofizialen arabera -%40 lanpostu prekarioenak ere kontuan hartuz gero-.

Egoera hori kontuan hartuta egin dituzte kalkuluak Munduko Futbol Txapelketa antolatu behar dutenek eta, guztiak harritzeko moduan, zera adierazi dute: ez dela baztertu behar azkenean mundiala beste nonbait egitea. Zergatik? Estadio berrien eraikuntza lanak aurreikusi baino garestiago ateratzen ari direlako. FIFA Nazioarteko Futbol Federazioak berak egitasmo alternatiboak prest ditu, badaezpada, Joseph Blatter presidenteak esan berri duenez. Hala ere, FIFAk Hegoafrikako agintariengan konfiantza osoa duela esan du Blatterek. «Gauza bera egin genuen Alemaniako mundialaren aurretik, edozein gauza gerta baitaiteke: hondamendi natural bat edo sekulako aldaketa izatea gizarte batean, esaterako mundu guztia futbolaren aurka jartzea. Baina oraingoz gure B egitasmo bakarra Hegoafrika da», adierazi zuen BBC telebistan.

Hegoafrikako Gobernuak 935 milioi euroko aurrekontua onartu zuen bere garaian Munduko Futbol Txapelketa antolatu ahal izateko beharrezko estadioak berritzeko edo eraikitzeko. Orain egin diren kalkuluen arabera, kopuru hori baino 225 milioi gehiago gastatu beharko dira, dena behar bezala egon dadin. Hasiera batean egin ziren kalkuluak kontuan hartuta, Durbango Senzangakhona estadioa eraikitzeko aurrekontua %18 hazi da, Lurmutur Hiriko Green Point instalazioena %54 eta Port Elizabetheko Nelson Mandela estadioarena %19,5.

Kontratistak behartu

Arazoak konponduz gero, txapelketako azken partida Johannesburgoko Soccer Cityn jokatuko da. Eraikuntza lanak hasi berriak dira eta berehala aipatu da aurrekontua txikiegi geratzeko aukera. Kasu honetan, arazoa kontratistak diseinua eta aurrekontuak berraztertzera derrigortuta konpondu dute. Bilera ugari egin dituzte azken asteotan aurrekontuen arazoa aztertzeko. Antolatzaileek uste dute azkenean estadio eta instalazio guztiak prest edukiko dituztela Afrikak inoiz hartu duen ospakizunik garrantzitsuena hasi baino lehen. 2009an egingo den Herrialdeen Txapelketarako ere prest edukitzea espero dute. Mexikok, AEBak, Estatu espainolak, Ingalaterrak, Japoniak eta Australiak zain jarraitu beharko dute.