Gezur ugari Boliviako aberatsek pribilegiorik gal ez dezaten
Jose Angel Oria
2007ko Maiatzaren 25a
Benetako boterea edukitzea eta herrialde bateko Gobernuan egotea gauza bera ez direla askotan esan izan da Latinoamerikan. Brasilen, batez ere, begirale ugarik esan dute herrialdeko aberatsenek tresna asko dituztela esku artean gobernukideen jarduera baldintzatzeko, eta Lula presidenteak bere agintaldian izan duen arazo larrienetako bat horixe izan dela: probilegiorik galtzeko prest ez daudenen erasoak.
Ezinbesteko tresna
Intelektual horientzat, Latinoamerikak aspaldi honetan bizi duen trantsizio prozesuak aurrera egin dezan hedabideek egin dezaketen lana ikaragarri garrantzitsua da, behar bezala eginez gero. Baina aldaketa horien aurkako jarrera hartu dute komunikabide handienek, «kapitalismoarekin inolako disimulurik gabe bat eginez». Giza mugimenduekin lan egingo dute «manipulazio makina» horren eragina ahalik eta txikiena izan dadin. Berentzat ez da zilegi «Iparamerikako inperialismoaren» laguntzarekin hedabideek dirudunen alde egiten duten lana, eta Estatuari dagokio herriak jasotzen duen informazioaren gardentasuna bermatzeko neurriak hartzea.
Era berean, beharrezko ikusten dute aldaketa prozesuen aldeko lana egiten duten kazetariak babesteko Estatuak neurriak har ditzan, dirudunek bidalitako sikarioen jarduerak bat baino gehiago isilarazi baitu.
Proposamenik eztabaidagarriena Komunikazioaren Zaintzarako Epaitegia eratzearena da. Instituzio horrek kazetari eta hedabide «alternatiboak» babestu beharko lituzke eta dirudunen mesedetan lan egiten dutenen manipulazioa salatu. «Benetako egoera ezkutatu eta informazioa manipulatzen duten komunikazio gaizkileak» epaitu nahi dituzte.
ABI Boliviako Informazio Agentziak Rafael Puente topaketetako esku-hartzailearen hitzak jaso ditu: «boteretsuek gehien gorrotatzen dutena da, egungo indioak garai batekoak bezalakoak ez direla eta orain, geratzeko asmoarekin itzuli direla». Puentek Cochabamban eskaini zuen diagnostikoaren arabera, egungo Bolivian hedabide handiak Gobernuaren aurka borrokan ari dira, «eta horregatik berei interesatzen zaiena besterik ez dute argitaratzen, eta herriak hain beharrezkoa duen egia ezkutatu egiten dute»
«Itxurazko Bolivia»
Hedabideek eskaintzen duten «itxurazko Bolivia» horretan, esaterako, ekialdeko eta mendebaldeko herritarren artean sekulako gorrotoa dago. Rafael Puenteren iritziz, ordea, «benetan daukaguna da beren interesak defenditzen dituzten oligarken eta herrialdeko edozein bazterretan justizia eske dagoen herriaren arteko borroka».
Jaime Iturrik Bolivian hedabideen inguruan azken hogeita hamar urteetan gertatu den fenomeno harrigarria deskribatu zuen topaketetan. 1980an herrialdean hamar telebista kate zeuden, Canal7 izeneko telebista publikoa eta unibertsitateetako bederatzi. Gaur egun, 286 daude. «Nolabaiteko boterea lortu nahi zuenak, diputatu edo senatari izan nahi zuenak, edo Justizia ministro edo beste edozein goi kargu, bere hedabide propioa jartzen zuen abian».
Iturrik adierazi zuen hedabide horiek dirudunen interesak defenditzen dituztela, baina ez direla haiek aditzera ematen duten bezain boteretsuak. «Boteretsuak bai, baina ahalguztidunak ez, azken hemezortzi hilabeteotan ez baitute lortu Gobernua hankaz gora botatzea eta, are gutxiago, Evo Morales Ayma presidenteak duen onarpen-maila aldatzerik». Hirietan, Iturrik emandako datuen arabera, presidentearen onarpen-maila %64koa da, eta herrietan handixeagoa, %70ekoa. Gainera, beste datu positibo bat eman zuen: Canal7 publikoa gero eta jende gehiagok ikusten du, «boliviarrak manipulazioaz nazka-nazka eginda daudelako eta hedabide eta informazio alternatiboak behar dituztelako».




