Aitzindariak: metropoliko hiriburuaren aurkako aire erasoak egiteko gai den lehen gerrilla
Mundu osoko zerbitzu sekretuak kezkatuta ditu Tamil Tigreen Aire Indarrak. Izan ere, gerrillariek hegazkinak Sri Lankako uhartera eramatea eta erasoak Kolonbo hiriburuan bertan arazorik gabe egitea lortu dute, mundu osoko segurtasun indarrek kontrol neurri zorrotzak hartuta dituzten arren
Jose Angel Oria
2007ko Maiatzaren 25a
Martxoaren 26an gertatu zen Sri Lankako gatazka tragikoa erabat alda dezakeen aire-erasoa. Goizaldeko ordu bata baino lehentxeago, Euskal Herrian igandeko arratsaldeko zortziak izateko minutu batzuk falta zirenean, bi hegazkin txiki Kolonbo Sri Lankako hiriburuko nazioarteko aireportuaren ondoko base militarreraino iritsi ziren, eta zeramatzaten bonbak bota zituzten. Bertsio ofizialaren arabera, erasoak hiru hildako eta hamasei zauritu utzi zituen. Hori bai, erantzunik gabeko makina bat galdera ere utzi zituen: nola lortu dituzte hegazkinak, pilotuak, aireportuak, erregaia...?
AEBen aurkako 2001eko irailaren 11ko atentatu ikaragarrien ondoren mundu osoko segurtasun indarrek hartutako neurriak kontuan hartuta, horrelako zerbait egitea ezinezko zela pentsa zitekeen. Gerrilla batek aire eraso bat egiteko gaitasuna izango zuela pentsatzeak ere ausartegia zirudien. Beraien herriaren askatasunaren alde borrokan ari diren tamil tigreek, ordea, aurreikuspen guztiak kolokan jarri dituzte. Ondorioz, etorkizunean zer gertatuko den aurreratzea eta asmatzea inoiz baino zailagoa bihurtu da.
Oihaneko «aireportuak»
Erasoaren egileak, jakina, oso pozik daude, batez ere Kolonbora bidali zituzten bi aparatuak arazorik gabe iritsi zirelako uharteko iparraldeko punturen batean kokatutako aireportura, oihanean zabaldutako pistara alegia. LTTE Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreak erakundeko Aire Indarreko hegazkinek Katunayakeko base militarra erasotu zuten, gerrillariek plazaratutako agiriaren arabera. Instalazioak eta bi helikoptero kaltetu zituzten. Ondoko Bandaranaike nazioarteko aireportuak ez zuen kalterik izan, baina agintariek Kolonbora zihoazen hegaldi guztiak desbideratu zituzten, badaezpada.
Sri Lankako Aire Armadak lehenago ere jasan behar izan ditu tigreen atzaparkadak. 2001ean, Armadak zituen hegazkinen erdiak suntsitu zituzten gerrillariek. Baina oraingo erasoa askoz ere larriagoa da, amesgaiztorik gaiztoena gauzatu duelako. Gainera, Armadaren ahaleginak ezerezean utzi dituzte tamilek. Tigreek aire indarra zutela zioten zurrumurruak aspaldikoak ziren, eta horrexegatik, Armadak behin eta berriz bonbardatu ditu iparraldean kokatutako Mullaitivun gerrillariek garbitutako eremuak. Alfer-alferrik, bistan denez.
«Prebentzio bonbardaketek» ezer ez dutela lortu ikusi ondoren, Armadako buruak gertatutakoaren esplikazioak ematen hasi dira. Palitha Fernando jeneralak, esaterako, hegazkinak Sri Lankan zatika sartu eta tamilen kontrolpean dauden lekuetan muntatu dituztela uste du. «Ez dago kezkatu beharrik, segurtasun indarrek egoera kontrolpean dutelako eta aurki LTTEkoen aire gaitasuna suntsitzeko prestatzen ari direlako», erantsi zuen Fernandok.
Beste bi eraso apirilean
Gerrillarien lehenengo aire erasoaren ondoren, Sri Lankako Defentsa Ministerioak esan zuen tigreek aire erasoak egiteko gaitasuna izatea mundu guztiarentzat dela arriskutsua, «nazioarteko talde terroristek LTTEk egiten duen guztia imitatzeko joera baitute». Eraso suizidak ekarri zituen gogora Ministerioak plazaratutako idatziak. Izan ere, tigreek eraso mota hori «patentatu» ondoren, gaur egun herrialde askotan erabiltzen da.
Ez kezkatzeko eskatu zuten Armadako buruek, baina geroztik beste bi aire eraso egin dituzte tamilek. Lehenengoa, uharteko iparraldeko Jaffna penintsulan Armadak duen base garrantzitsuenaren kontra, apirilaren 24an. Erasoan zazpi soldadu hil ziren, baina Armadak esan zuenez, artilleria erasoa izan zen eta tigreek bidalitako bi hegazkin txikiek ez zuten lortu bonbak jaurtitzerik. Gatazka honetan hain maiz gertatu bezala, LTTEk aurkako bertsioa defendatu zuen.
Edonola ere, bigarren aire erasoa ez zen izan lehenengoa bezain esanguratsua, tamilak nagusi diren eskualdeetatik gertu dagoen Jaffnara iristea baino askoz ere zailago baita hegazkinek uharte osoa iparraldetik hegoaldera zeharkatzea hiriburua erasotzeko.
Hirugarren aire erasoa izan da erabakigarriena, tamilen ikuspuntutik begiratuta bederen, bi orduz Kolonboko zeruaren jabe izan baitziren. Gainera, hiriburuko alderdi politikoen arteko kontraesanak agerian utzi ditu. Tigreen bi hegazkin apirilaren 29ko goizaldean iritsi ziren Kolonbora eta Armadak dituen erregai-ontzi batzuk suntsitu zituzten.
Hiria argindarrik gabe geratu zen, militarrak erasotzaileen aurka saiatzen ziren bitartean. Armadak tiro asko bota zituen: tigrerik ez zuen harrapatu, baina Kolonboko biztanle ugari zauritu zituen. Beldurra nagusitu zen 600.000 biztanleko hirian. Batzuek kazetariei esan zietenez, gerrilla hiri osoan hedatuta zegoela zirudien, tiroak bazter guztietatik iristen baitzitzaizkien. UNP oposizioko alderdiak salatu zuen Armadak kale egin zuela erasotzaileen ekimena oztopatzeko garaian eta, beranduegi zenean, nora ez zekitela tiroka hasi zirela militarrak, bost zibil eta bi soldadu larri zaurituz. Gobernuak ez zion erantzun salaketari, baina onartu behar izan zuen milaka lagunek ihes egin zutela beren etxeetatik Armadaren erantzunaren eraginez.
Aipatu hiru kasuetan, tigreen abioiak arazorik gabe iritsi dira Vanni eskualdeko oihanean omen dituzten baseetara, aurreikusita zituzten jomugak kaltetu ondoren. Ez dute ezer lortu Armadako buruek ezintasunak eraginda agindutako bonbardaketek. Kolonboko Gobernuak adierazi du bere lehentasuna «gerrillarien aire indarra» suntsitzea dela. Izan ere, tarteka, radarrek mugimendu susmagarriak sumatzen dituzten bakoitzean, Kolonboko nazioarteko aireportua itxi behar izaten dute erasoen beldur.
LTTE erakundeak bospasei hegazkin txiki baino ez ditu, adituek eman dituzten datuen arabera. Helizezko Zlin Z-142 aparatu zaharrak, Txekiar Errepublikan egindakoak, egokitu dituzte ingeniari tamilek. Beste iturri batzuek Pilatos PC7 eta Pilatos PC21 hegazkinak ere aipatu dituzte. Edonola ere, mundu osoko zerbitzu sekretuak hurrengoa dela eta daude kezkatuta: nola sartu dituzte hegazkinak Sri Lankan gaur egun bazter guztietan hartzen diren segurtasun neurri zorrotzak kontuan hartuta? Begiraleek uste dute hegazkin horien piezak desmuntatuta iritsi zirela uharteko iparraldera, autoen ordezkoak balira bezala. Ondoren, gerrillariek beren kontrolpean duten lekuren batean muntatu zituzten pieza guztiak eta pistak zabaldu zituzten oihanean hegazkinak aireratzeko. Kontuan hartu behar da hegazkin txikiek ez dituztela kilometro askoko pistak behar.
Tamilen aire erasoak 2001eko irailaren 11ko atentatuekin alderatu dira, baina hori ez da zuzena, orain sei urteko erasoen egileak bertan hil baitziren. Beraz, beste eraso bat egiterik ez dute. Pilotu tamilak, aldiz, arazorik gabe itzuli dira baseetara eta berriz erasotzeko prest daude. Horixe da India eta Sri Lankako agintariak gehien kezkatzen dituena. Izan ere, edozein unetan laugarren aire erasoa iritsiko da, ez piloturik, ez hegazkinik ez baitute harrapatu edo suntsitu.
Tamilek ere badakite hori eta horregatik iragarri dute aire eraso gehiago egingo dituztela. Sri Lankako Armadako buruek oso serio hartu dute iragarpena. Eta adituak mahai gainean dauden galderak erantzuten saiatzen ari dira.
Sri Lankako Aire Indarreko buru ohi Direckze komandanteak nabarmendu du tigreek dauzkaten bospasei hegazkin horiek erasoak egiteko moduan mantentzeko ingeniari sail «eraginkorra» beharrezkoa dela, baita pilotuak gaitzeko eta lehergailuak prestatzeko talde on bana ere. «Ezin da esan aire indarra denik, mehatxua baizik», esan zien komandanteak kazetariei.
Aditu guztiak bat datoz diasporak tamilen eraso ahalmenean duen garrantzia nabarmentzerakoan. Sri Lankako agintariek ezarritako zapalkuntzak milaka tamil bidali ditu atzerrira. Fenomenoa orain hogei urte hasi zen eta ez dauka bukatzeko itxurarik. Horietako askok Mendebaldeko herrialde industrializatuetan egiten dute lan eta, adituek esaten dutenez, diru asko bidaltzen dute tigreen jarduerari eusteko.
B. Raman Indiako funtzionario ohia urrutirago iritsi zen «Nazioarteko Terrorismoaren Kontrola» izeneko aldizkarian argitaratu zuen artikuluan. «Tigreen pilotuak diasporakoak dira eta horregatik daude hain pozik mundu osoko tamilak», idatzi zuen martxoan.
Pilotuak eta erregaia
Pilotuek non egin zituzten hegazkin praktikak? Indiako eta Sri Lankako espioiek ez al zuten ezer sumatu? Posible al da entrenamendu egokirik gabeko pilotuek hiru erasoaldi egin eta arazorik gabe itzultzea? Tankerako galderak egin dira asteotan Asiako hedabideetan.
Hipotesien arabera, tigreak Afrikako herrialderen batean, Hegoafrikan agian, erositako aparatuak erabiltzen ari dira. Diasporak ordaindutakoak lirateke eta piezak itsasontziz heldu ei ziren uhartera, auto edo kamioiak balira bezala.
Erregaiari dagokionez, adituek uste dute tigreen ingeniariek hegazkinen motorrak egokitu dituztela, gasolioarekin funtziona dezaten. Iturri batzuek beste aukera bat ere mahairatu dute: Indiako hegoaldean dagoen Tamil Nadu estatuko agintariek (etnia berekoak dira) tigreei erregaia eman izana.
Tamilen diaspora tigreentzat dirua biltzen ari zenean, horren aurka ezer egin ez izana egotzi diote Australiako Gobernuari. Hori bai, Australiak nahikoa lan du jada bere «estremistekin», Irakeko okupazioan esku hartzeagatik Gobernua erasotu nahi duten musulmanekin.




