BELFASTETIK GAZARA HEGALDIRIK EZ
Iņaki Soto
2007ko Maiatzaren 25a
Gatazkan bizi diren herriek, lantzean behin, beraien eguneroko arazoetatik burua altxatu eta kanpora begiratzen dute, beraien gatazka konpontzen lagunduko dien eredu bila. Sarri esaten da eta, ziurrenik, errepikatzea beharrezkoa da: ez dago herri batetik bestera, gatazka batetik bestera, integralki inportatu daitekeen konponbiderako eredurik.
Hortik gatazka bakoitza gauza bat dela eta izendatzaile komunik ezin zaiela aurkitu esatera, ordea, alde handiegia dago. Zintzoak izan nahi baldin badugu, gutxien-gutxienez gatazka horiek guztiek izaera politikoa dutela eta, ondorioz, konponbide politikoa behar dutela onartu behar da.
Behin baino gehiagotan salatu dugu orriotan nazioarteko komunitateak azkenaldian darabilen salbuespenaren kontzeptua guztiz okerra iruditzen zaigula. Salbuespenaren ideia horretatik Estatuek inpunitatea inferitzen dutelako, batez ere.
Belfast. Aireportua: Stormont
Gainera, kanpainan argi geratu da gainontzeko alderdientzat Sinn Fein dela benetako arerio politikoa. Hori, berez, sintoma ona iruditzen zait. Azken batean, edozein gatazkan konponbidea erdiesteko, aldeek etsai izatetik arerio izatera dagoen bidea ibili behar dutelako.
Tony Blair lehen ministro postua uztera doanean, bere ibilbide politikoaren balantzea eginez gero, Irlandako auzian mahai gainean zuen aukeraren neurria ulertzea eta erantzukizunez jokatzea bere lorpen onena eta bakarra dela esan daiteke.
Palestina. Aireportua: Beirut
Paradoxikoa da gatazkaren alderdi ilunetako bat Libanoko hiriburuan agertzea. Paradoxikoa, lehenengo aldiz 2002an plazaratu zen eta ondoren 2007an berretsi zen `Beiruteko bake proposamena' palestinarren eta israeldarren arteko gatazka konpontzeko behin betiko planteamendua delako. Esana dut honezkero: akordioaren estruktura dena dela, orain eman edo hemendik 50 urtetara eman, bakea hor ezarritako terminoen barruan egongo da. 1967ko mugen onarpena, palestinar erbesteratuen etorrera negoziatua eta Israelgo Estatuaren onarpena dira proposamen horren ildo nagusiak.
EH. Aireportua: Anaitasuna
Hori onartzeraino egindako bide malkartsuak ‘debaldeko’ sufrimendua areagotuko du. Onartu ala ez onartu, bi aldeak dira horretaz kontziente. Arduretaz luze hitz egin genezake. Pertsonalki, Israelgo gobernuari eta armadari, nazioarteko komunitateari eta Fatahri egozten diet nik ardura, hurrenez hurren.
Zergatik hautatu ditut, oraingoan, bi gatazka hauek? Nire ustez, Euskal Herrian konponbide justu eta egonkor batekin konpromisorik ez duten politikariek Belfastetik Beirutera zihoan hegazkina Gazara desbideratu dutelako, nolabait esateko.
Hasiera batean esan dudan bezala, gatazka desberdinen artean dagoen aldea onartzen dut, jakina. Nabarmena denez, toki horietan zegoen eta dagoen gatazka, gurearekin konparatuz, beste liga bat ez, baizik eta beste kirol bat dela onartzen dut, jakina. Baina, azken batean, kasu batean eta bestean ‘kirolaz’ ari garela ere esan nahi dut.
Baldintza horiek guztiak onartzen ditudan arren, konparaketari eusten diot. Une honetan mahai gainean dagoen bake proposamen bakarra, Anaitasunakoa, Irlandan Stortmonteko akordioaren eta Palestinan Beiruteko proposamenen mailakoa dela uste dut. Horregatik, egitate horiek ukatu nahi dituzten politikarien jarrera salatu behar dela uste dut. Beraien esku dagoelako, hein handi batean, indartsuenen kirolean ibiltzeari utzi eta, politikari dagokionez, behin betiko xakean hastea.
Azken apunte bat egin nahiko nuke: atzerrira begiratuz, guztiok, alde batekook eta beste aldekoek, kontuan hartu beharko genuke une honetan, termino erlatibo zein absolutuetan, Euskal Herriko gatazka dela munduan irekita daudenetatik eta dimentsio militarra dutenetatik konpontzen errazena. Bide batez, nazioarteko komunitateari honela dela jakinarazten eta arduraz jokatzeko eskatzen esfortzu berezia egin beharko genukeela uste dut. Argi dago biolentziaren eta sufrimenduaren nazioarteko estandarrak oso goian daudela. Ondorioz, nazioarteari begira, gure gatazkaren konponbidea lehentasun politikoa ez ezik, lehentasun morala ere bada.




