Tamilen aurkako bonbardaketa gehiago
Sri Lankako Armadak aire erasoa egin du Kilinochchi eskualdean LTTE gerrillak omen duen entrenamendu eremu baten aurka, Defentsa Ministerioak esan duenez. Rasiah Ilanthirayan LTTE Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreak taldeko eledunak adierazi du, bere aldetik, kanpamendu ondoko oihanean erori direla bonba guztiak, eta gerrillariek ez dutela kalterik jasan. Aire erasoa goizeko 6.25etan hasi da.
2007ko Maiatzaren 23a
Armadak gerrillarien esku zeuden hainbat posizio berreskuratu ditu azken asteotan, baina tamilek ere arazoei aurre egiteko gaitasuna dutela erakutsi dute eta, hegazkin txikiak erabiliz, beraiek ere aire erasoak egin dituzte: bi Kolonbo hiriburuko instalazio militarren aurka (martxoaren 26an eta apirilaren 29an) eta bestea Armadak Jaffna penintsulan dituen instalazioen kontra (apirilaren 24an).
Gerrillarien aire erasoek sekulako garrantzia dute, begiraleen iritziz. Iazko urrian bake negoziazioek porrot egin ondoren, bazirudien Armada nagusitzen ari zela, baina tamilen aire erasoek kontu guztiak berraztertzera behartu dituzte adituak.
LTTEk asteburuan gogorarazi duenez, Armadak bere erasoaldiarekin jarraitzen duen bitartean, gerrillariek ez dute onartuko negoziaziorik. «Inozoa da LTTE ahulduz gero, tamilek onartu ezin duten egitasmo politikoa onartuko dutela pentsatzea», esan zuen igandean S. P. Thamilselvan eledunak www.tamilnet.com webgunean.




