Ehunka hildako eragin dituzte Tamil Tigreen eta Sri Lankako Armadaren arteko borrokek otsailetik
Sri Lankako Gobernuak zabaldutako datuak dira. Defentsa Ministerioaren arabera, Tamil Tigreen eta Armadaren arteko borroken ondorioz 500 gerrilari baino gehiago eta 44 soldadu hil dira otsaila geroztik.
2007ko Maiatzaren 21a
KOLONBO-. Sri Lankako Gobernuak ohar baten bitartez jakinarazi duenez, otsailetik 600dik gora lagun hil da Tamil Aberriaren Askapenerako Tigreak (LTTE) izeneko gerrilaren eta Armadaren soldaduen arteko borroketan.
Horietatik, 500 hildako gerrilariak dira eta 44 Gobernuaren soldaduak.
Iragan urrian Genevan Gobernuaren eta gerrilarien arteko elkarrizketek porrot egin zutenetik gogortu egin dira borrokak.
Egunero egunero daude hildako eta zaurituak, batez ere ekialdean eta iparraldean. Bertan nagusi dira tamilak, Sri Lankan zingalesak diren bitartean.
Azkeneko borrokak gaur gertatu dira. Gobernuaren soldaduak Mullaitivu inguruan pratuilatzen ari zirela erasotu dituzte gerrilariek, bi soldadu hilda.
Bestalde, mina batek bi militar hil ditu gaur Omanthai herritik igarotzen ari zen Armadaren kamioi batek zapaldu ostean.




