Munduko mapa birtualaren desorekak
Iratxe Esnaola - Informatikan ingeniaria
2007ko Maiatzaren 18a
Maiatzaren 17a egun seinalatua omen da urtero Internet erabiltzaileontzat: Interneten Munduko Eguna. Izenak berak dio: lekuan lekuko errealitatea oinarritzat hartuta, mundu guztian igarri beharko litzatekeen eguna da. Eta ez da harritzekoa; izan ere, distantziak inon desagertzen badira, Interneteko leihoan lausotzen eta galtzen dira. Edozein txoko klik bateko distantzian kokatzen duen tresna da Internet; dena gertuago dago eta dena azkarrago doa. Hori eta hura leku berean daude hemen. Eta gure komunikazioak berehalako bilakatzen ditu: informazioa, dagoen lekuan dagoela, berehala jasotzea eta eskuratzea ahalbidetzen digu. Munduko txoko guztiak lotzeko eta konektatzeko gaitasuna duen teknologia gaztea da Internet. Baina izaera globala duen eta eragin demokratizatzailea izan dezakeen tresna informatikoa bada ere, munduko Internet erabiltzaileen dentsitateak herrialdeen arteko desoreka itzelak agerian uzten ditu. Informazio eta ezagutza iturri infinitu den sare erraldoia ezerezean geratzen da eskuragarria ez bada. Garapen bidean dauden herrialdeen alfabetatze teknologikorako oinarri izan behar duen tresna munduko herrialdeen garapenean jazotzen diren desorekak areagotzen ari da. Maiatzaren 17a, beraz, ospatzeko eguna izateaz gain, salaketa eguna ere bada.
Duela oso gutxi, IPlingece erakundeak [www.ipligence.com] munduko Internet erabiltzaileen dentsitate mapa kaleratu zuen [ikus argazkia]. Bertan kokatutako bolatxoen tamainaren eta kolorearen arabera, begirada batean erabiltzaileen sareak identifikatzea ariketa erraz bihurtzen da. Dentsitate mapa hori eratzeko geolokalizazioa deitzen zaion teknika erabili dute. Geolokalizazioa Internetera konektatutako ordenagailua, gailu mugikorra edo erabiltzailea munduko mapan kokatzea ahalbidetzen duen sistema da. Konexio birtualak mapa errealean lekutzen dituen metodoa da geolokalizazioarena. Munduko mapa horretan zerbait nabarmentzen bada, munduko Internet erabiltzaileen dentsitate desoreka da. Desoreka erabiltzaileen banaketan, eta desoreka herrialde zein herrien garapenean. Baita dentsitate errealaren eta dentsitate birtualaren artean ere.
IPligence erakundeak dioenez, egun, 1.000 milioi Internet erabiltzaile baino gehiago daude munduan, eta etengabe goraka doan zifra da. Ez da harritzekoa hori ere. Gero eta informazio zein ezagutza gehiago eskuragarri egin eta gero eta zerbitzu gehiago eskaintzen dituen tresna baita Internet. Gero eta gehiago erabiltzen dugu, eta gure zeregina ere aldatzen doa Interneten garapenarekin batera; izan ere, egun, erabiltzaileok geure eduki propioen ekoizleak ere izan gaitezke, Web 2.0 fenomenoaren baitan.
Egindako azterketaren arabera, munduko erabiltzaileen erdiak baino gehiago [ %55,9 ] herrialde bakar batean biltzen dira; AEBetan, hain zuzen ere. Hurrengoa, bere osotasunean, Europa da, %21,5eko erabiltzaileen kuotarekin. Jarraian, Asia dago, %14rekin. Baina desorekak are nabarmenagoak ere izan daitezke. Ozeanian, esaterako, erabiltzaileen %2,8 biltzen dira, Afrikan %1,5, Ekialde Ertainean %0,5 baino gutxiago eta, azkenik, Erdialdeko Amerikan %0,09koa da aipatutako zifra. Adierazgarria. Erabiltzaileok mundu guztian barreituta gaude, egia da. Baina herrien arteko desorekak deigarriak dira oso. IPligencek kaleratu dituen datuen arabera, munduko erabiltzaileen %77,4 AEBetan eta Europan kokatzen da fisikoki. Baina dentsitate birtualean erdiko edo azkeneko postuetan dauden herri asko gainpopulazioaren protagonistak dira dentsitate errealean [esaterako, Afrika, India eta Txina]. Betikoa: gutxi batzuen eskuetan dago dena.
Gu Internet erabiltzaileen %21,5 biltzen duen eremuan gaude. Eta hor, Internet eta teknologia berriak gure bizimodua aldatzen ari diren tresnak dira. Etengabe, gainera: aldaketa da konstante bakarra. Munduaren jarioa denboran oinarritzen bada ere, kontraesanen arabera doa aurrera eta, ezer guztiz galtzen ez bada ere, ezerk ez du betiko irauten, aldaketak izan ezik. Hala diote, behintzat.
Argi eta garbi dago Interneten hedapena ez dela dentsitate errealaren araberakoa, herriaren garapenaren eta bizi-kalitatearen araberakoa baizik. Berez, teknologiaren demokratizazioa, informazioaren eta ezagutzaren eskuragarritasuna eta bizi-kalitatea hobetzea eragin dezaketen tresnak munduko desoreken isla bihurtzen ari dira; ispilu birtuala bezain errealak dira. Mundua konektatzeko ahalmena duen sare erraldoia eta alfabetatze teknologikoaren oinarri den softwarea, distantziak laburtzeko erabili beharrean, aurrez urruti genituenak urruntzen ari da; hots, ikusezin bilakatzen ditu. One laptop per child bezalako ekimenak [www.laptop.org] ongietorriak bitez. Interneten Munduko Eguna deitzen diogu, baina, oraingoz, Interneten Eguna izendatzearekin nahikoa eta gehiegi izango da.




