Igor Jauregi
Iazko martxoan jokatu zuen Realarekin azken partida. Hilabeteak eman zituen sortu zitzaion asteniaren arrazoi bila eta gaixotasuna psikosomatikoa zela ikusi zuenean bakarrik hasi zen buelta ematen. Paseatu, musika entzun eta irakurri egiten du, baina ezin du ahalegin fisikorik egin oraindik. Lotsatia, baina izugarri komunikatiboa, bere ezaugarri nagusia lehiakortasuna da eta exijentzia horrek eraman du gaixotzera
Joxean Agirre
2007ko Maiatzaren 18a
Osagarri kontrajarriak ditu Igor Jauregik. Lotsati erabatekoa dela dio eta, kontatzen dituenak egiak badira, sinistu egin behar zaio. Baina aldi berean espresiboa da arras, komunikatiboa, eta aurrean duena liluratzeko moduan hitz egiten daki, distira puntuak eta umore tantak nahasiz. Iazko martxoan jokatu zuen azken partida Realarekin eta geroztik sendagilez sendagile ibili zen jasaten zuen astenia kronikoa nondik zetorkion asmatu ezinik. Berea psikosomatikoa zela esan zion psikologo batek eta haren laguntzarekin ari da sendatzen. Oraindik ezin du ahalegin fisiko handirik egin. Paseatu egiten du. Tarteka Hendaia aldera joaten da ezagunengandik ihesi. Duen ilusioetako bat aurki mendi buelta batzuk egiten hastea da, baina odolean omen darama lehiaren grina eta kosta egiten zaio mendian lasai ibiltzea. «Neskarekin joan izan naiz mendira. Bera, nekatu egin dela-eta, bide bazterrean eseri ohi da tarteka. Nik oraindik ez dut ikasi hori egiten», azaldu zigun Igorrek.
Osagarri kontrajarriak dituela esan dugu. Bere ingurukoek lasaia dela uste dute. «Kanpoko itxura baizik ez da, barrenetik oso urduria bainaiz», esan zuen.
Ezer izatekotan, Igor definitzen duen ezaugarria lehiakortasuna da. «Nik bizia eman diot futbolari. Ez dut esaten zaleei edo Realari. Hori bakoitzak baloratuko du, baina nik bizitza eman diot, exajeratu gabe. Beti izan naiz perfekzionista, beti izan naiz nire buruarekin oso exijentea eta gogorra eta exijentzia maila hori beharbada gehiegizkoa izan da. Aldi batez jasan dezakezu, baina puntu batetik aurrera gorputzak porrot egiten du. Gorputzak berak ematen du abisua: `Geratu hadi eta kudeatu ezazu hobeto heure bizitza', esaten dizu eta ez duzu jokamoldez aldatu beste erremediorik», jarraitu zuen Igorrek.
Bere izaeraz, gaixoaldiaz eta aurki sendatzeko duen itxaropenaz hitz egin zigun bere etxean. Antigua auzoan bizi da, Zubimuxu parkera ematen duen etxe argitsu eta eder batean. Etxeak, ederra izanik ere, badu halako utzikeria sano bat. Bertatik igarotzen diren emakumeek, asko maite dutelako-edo, ez dizkiote nonbait aurpegiratzen kristaletako lausoak edo moketan pilaturik duen hautsa.
Tolosarra da. Seme bakarra. Ez zuen etxean futbol zaletasun berezirik. Gurasoak mendizaleak ziren eta neguan iraupeneko eskia egiten zuten. Laskorain ikastolan ibili zen Igor eta nota onak ateratzen zituen. «Oso umetatik izan nahi nuen, hala ere, futbolari. Hamar bat urterekin Realeko elastikoarekin agertzen naiz argazki batean. Hondartzan Tolosako taldearekin futbolean hasi nintzenean utzi nion igandetan gurasoekin mendira joateari», dio. Tolosako taldean hasi eta uztekotan ere ibili omen zen 14-15 urterekin, oso argala zelako, baina barruan zerbaitek aukerak izan zitzakeela esaten zion. Aukerak berandu samar etorri ziren, ordea. Hirugarren mailan jokatu zuen urte batzuetan. Hernanira aldatu zen 21 urterekin eta handik Bigarren Mailako Gasteizko Aurrera taldera egin zuen jauzia. Profesional izatera, berriz, Eibarrek fitxatu zuenean pasatu zen. 24 urterekin egin zuen debuta Realean eta bederatzi urte eman ditu bertan.
Zulo baten amaiera
«Urte gogorra izan nuen Gasteizko Aurreran. Ingeles Filologia egiten ari nintzen Deustuan. Arratsaldetan entrenatzera joan eta gaueko hamaiketan itzultzen nintzen Bilboko pisura. Garai hartan norbaitek galdetu izan balitz, gerorako zer asmo nituen, irakasle izango nintzela erantzungo nion. Gauzak agertzen eta ulertarazten ona naizela uste dut. Ondo ibili nintzen Gasteizko Aurreran eta Eibarrek fitxatu ninduen. Bigarren Mailan jokatzea gauza handia izan zen niretzat eta utzi egin nituen ikasketak. Aurretik enpresa ikasketak ere probatuta nengoen, baina beti hobeto moldatu izan naiz letretan», esan zuen.
Azken partidua iazko martxoan jokatu zuen eta zortzi hilabete eman zituen gaixoaldiaren arrazoiak aurkitu nahiean. Orain sei hilabete argitu zuen egoera. «Zer gertatzen zitzaidan konprenitu orduko hasi nintzen bide onean jartzen. Ondoa jo nuen eta hortik aurrera, gorabeherak izango direla jakinik ere, badakit aterako naizela. Orain hobeto sentitzen naiz. Gehien torturatzen gaituena zalantza eta ezjakintasuna dira eta zeri aurre egin behar nion jakiteak sekulako indarra eman zidan», esan zuen.
Nola atera zulotik? «Niri gauzak kontrolpean edukitzea gustatzen zait eta gorputza pixka bat deskontrolatu zitzaidanean, asaldatu egin nintzen. Badakit etapa bat izango dela eta sendatuko naizela. Oraingoz mesede handia egiten didana paseatzea da. Nire burua larritzen ikusten dudanean, paseatzera joaten naiz. Hasieratik gomendatu zidaten. Arnasketak ere egiten ditut. Baina oraindik ez dut egin ahalegin fisikorik, korrika saiorik eta horrelakorik», esan zuen.
Egun batetik bestera entrenamendurik gabe, futbolik gabe, erabat hutsik sentitu omen zuen bere burua. «Oso arraroa da. Goizean jaiki, gosaldu eta entrenamendura joatera ohituta nengoen. Gorputza eta burua ohitzen dira gauza batzuk egitera, eta horrekin hausten duzunean, hutsik sentitzen zara. Nik ere, mundu guztiak bezala, banituen zaletasunak, baina zaletasun horiei tartetxoak eskaintzen nizkion. Berriro hasi behar duzu ikasten, izaera berri bat eraikitzen eta horretan ari naiz azken sei hilabete hauetan», adierazi zuen.
Indar pixka bat gehiago duenean mendira joaten hasiko da. «Baina oraindik lauan nabil, jubilatuak bezala. Zertxobait irakurtzen dut, ez asko ere, musika entzuten dut, era guztietako musika, baina dena plan oso lasaian egiten dut. Lehen, futbolean ari nintzenean, aisia ere modu aktiboagoan bete behar izaten nuen. Lehen dena abiadura handian egin behar izaten nuen eta orain rallentira jaitsi dut. Zarata dagoen lekuetara oso noizbehinka joaten naiz. Niri norbaitek gaitz hau zuela esan izan balit, ez nion erabat ulertuko. Ulertzeko hurbiletik bizi behar da», adierazi zuen.
Uztailean bukatzen zaio Realarekin duen lan-hitzarmena. Hasiera batean horixe omen zen bere kezka nagusia. «`Ea azkar sendatzen naizen' eta gisako galderak nerabiltzan buruan bueltaka eta oraindik ere galdera horiek hor ditut, baina gauzak lasaiago hartzen ikasten ari naiz. Badakit sendatuko naizela eta orduan hasiko naiz lanarekin pentsatzen», esan zuen.
Futbola bukatzean? Gauza berriak deskubritzen ari omen da eta leiho batzuk ikusten ditu. Hitz egiten beroa bada ere, izaeraz neurtua omen da. «Eztabaida guztietan erdi bidea bilatzen saiatzen diren horietakoa naiz», dio. Donostiako Kafe Antzokiaren proiektuan sartuta ibili da. «Euskarari eta euskal kulturari laguntzea modu naturalean ateratzen zaidalako». Bertsorik? «Bertso saioetara bai, joaten naiz, baina ez dut sekula bertsorik bota». Dantzarik? «Gaztetan udalekuetan trikitixa jo eta lagun guztiak dantzan hasten baziren ere, nik ez nuen sekula dantzarik egiten. Denborarekin disimulatzen ikasten da». Libururik? «Azken aldian nire gaixoaldiaren inguruko gauzak, helduleku bila. Asko laguntzen didate. Liburu dendetan denbora asko pasatzen dut begira». Bidaiak? «Udan egin izan ditut, ihesbide bezala. Hegoamerika ezagutzen dut zerbait. Brasil gustatzen zait asko. Orain ere egin dut bidaiatxoren bat. Azkena Perigorden egon nintzen egun batzuk».




