Olivier matadi, Kongotik etorkizun bila
Xole Aramendi
2007ko Maiatzaren 18a
Kongoko Errepublika Demokratikoko hiriburukoa naiz, Kinshasakoa. Guda zela eta oso egoera zaila bizi genuen eta lan bila atera nintzen, emaztea eta alaba han utzita. Guda hasi aurretik ondo nengoen, baina gero gauzak asko okertu ziren. Etorkizunean ez dakit zer gertatuko den nire herrian.
Kongoko hiriburura, Brazzavillera, jo nuen, eta handik, Marokora. Baina ez nuen ezer aurkitu. Marokon nola emango zidaten lanik, beraientzat ez dute eta? Ceutako hesia salto egin eta Algecirasera iritsi nintzen. Gogorra izan zen, baina egin beharra zegoen. Handik, Bilbora. Nire herritik irteterakoan ez nuen Europa buruan: etorkizun bila atera nintzen. Hasiera batean, Afrikan geratu nintzen, baina gero planak aldatu behar izan nituen.
Bebe Kimpulu emaztea eta Benedicte alaba neurekin ekartzea nahi dut, baina oraingoz ezinezkoa dut, ez daukat horiei zer eskaini. Alabak ikasketak egin ditzan dirua bidali behar dut etxera, baina ez daukat ezer aurreztuta.
28 urte ditut. Familiarengandik urrun bizitzea ez da erraza, baina ez nuen beste irtenbiderik. Lau urte eta erdi daramatzat beraiek ikusi gabe. Telefonoz hitz egiten dugu, baina ez da nahikoa. Hona etorri ahal izateko zain daude eta denbora luzatzen ari da. Paperak lortzen ditudanean hobeto egongo naiz...
Lanerako baimenik ez dut eta ikasten aritu naiz, igeltsero lehenik eta argiketari ondoren. Oraintxe amaitu ditut praktikak lantegi batean. Beste zerbait aurkitu beharko dut: ez zait gustatzen etxean egun osoa ezer egin gabe egotea.
Bilbon bi urte eta erdi daramatzat. Hemen oso ondo tratatu naute. Izangai elkartekoek nigatik egin dutena eskertzen hasi eta ez nuke inoiz amaituko. Beharrezko dokumentazioa lortzen lagundu didate, pasaportea horien artean, baita lo egiteko tokia ere. Etxebarri auzoan egon naiz bost hilabetez, hango apaizari esker. Orain San Frantziskon bizi naiz, beste bi lagunekin. Bat Angolakoa da, bestea Gineakoa. Oinarrizko errenta jasotzen dut, horri esker etxea ordaintzeko eta janaria erosteko aukera dut. Bilbora iritsi nintzenean ez nuen inor ezagutzen. Orain, aldiz, lagun asko ditut. Hasiera oso zaila izan zen, baina pixkanaka, ari naiz.
Jendearekin dudan harremana atsegin dut batez ere, giza-harremanik gabe ezin gara bizi. Hemengo gizartean integratu nahi dut eta Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako koordinakundean lan egiten dut. Ez dakit besteek, baina nik ez. dut arazorik izan nire kolorea dela eta. Dena den, nahiago dut kalean ez ibiltzea San Frantziskon, badaezpada. Izan ere, edozein istilu sortzen bada eta han inguruan ikusten banaute, arazoak izan ditzaket poliziarekin.
Etxean telebista ikusten egoten naiz eta Amezolako parkera joatea gustuko dut, lasai eserita egotera. Euskal Herriko jakiak prestatzen ditut etxean, patata tortilla jatea asko gustatzen zait. Etxean ez nuen inoiz janaririk prestatzen -arrebek edota emazteak egiten zuten-. Ondorioz, ez dakit Kongoko platerik egiten.
Egunen batean etxera itzuli nahiko nuke. Han dago nire familia: gurasoak, anaia eta arreba Kongon bizi dira. Nire herria nire herria da.




