GASTRONOMIA -

Nolako dieta, halako osasuna

Joxean Agirre

2007ko Maiatzaren 18a

Martin Berasategik eta Gurutz Linazasorok joan den astean kaleratu zuten liburuak «No te comas el coco» izenburu polita dauka. Liburua euskaratu beharko balitz, «Ontsa zahartzeko bidea» izenburu egokia litzateke, Tartasen «Ontsa hiltzeko bidea» liburuari jarraiki.

Osasuntsu zahartzea, ordea, ez dago edonoren esku. Egiletako batek, Linazasoro neurologoak, esan zuen moduan, dietaz gain, beste hainbat eragilek ere erabakitzen dute hori, hala nola herentziak eta bizimoduak.

Dieta, ordea, oso garrantzitsua da. Hori da, behintzat, elikadurari buruzko ikerketek diotena. Linazasorok André Holley, Lyoneko unibertsitateko biologoa eta Gustuaren Zientzien Zentroaren sortzailea, ekarri zuen gogora. Hura izan zen «cerveau gourmand» edo «garun gozozalea» kontzeptua modan jarri zuena. Holleyren ustean, garunak, hautaketa naturalaren bidez, gorputzak behar dituen elikagaiak aukeratzen jakin du. Hala egin izan du hainbat mendetan. Egun, ordea, industriak prestatutako elikagaiek, osasunari kasu askorik egin gabe, hautsi egin dute orekaz elikatzeko modu naturala. Gustua ahultzen eta hondatzen ari zaigu.

Sendagileak liburuko zati teorikoa idatzi du, eta sukaldariak, berriz, errezetak bildu ditu. Berasategi bere estiloan mintzatu zen liburuaz. «Sendagileak emandako aholkuei jarraituta egin ditut 55 errezetak. Dieta osasungarria ezinbestekoa da. Ondo eta osasungarri jaten duen herria alaiagoa da», esan zuen.

55 errezeta

«Holleyren teoriak gorputzak behar duena eskatzen duela dio. Baina, dirudienez, egungo gizartean mekanismo horrek ez du behar bezala funtzionatzen. AEBetako ikerketen arabera, litekeena da 2040an bertako biztanle guztiek gizentasun arazoak izatea, baldin eta egungo joerei eusten bazaie. Espainiako Estatuan, biztanleen erdiak arazo horiek pairatzen ditu dagoeneko. Adinean aurrera egindako jendearen artean ohitura bihurtu da, gosaritan, osagarri bitaminikoak hartzea, eta, azken ikerketen arabera, horrek ere kalteak eragin ditzake. Dieta orekatuetara itzuli behar genuke. Hori da medikuek diotena. Hori da liburu honen helburuetako bat», esan zuen Gurutz Linazasorok. Arriskuen adibide gisa, AEBetako gizartea jarri zuen behin eta berriz Linazasorok. «AEBetako jateko ohiturak nagusituko al dira gurean ere?», galdetu genion. «AEBak kritikatu eta haien ohitura txar gehienak inportatzen ditugu. Gizentasuna izurrite bilakatu zaigu hemen, baina haiek gu baino lehenago bizi izan dute izurrite hori, eta, egun, irtenbideak aurkitu nahian dabiltza. Arlo honetan egiten diren ikerketarik onenak estatubatuarrenak dira. Mezu horiek ulertzeko gai izan behar dugu. Ni baikorra naiz eta, neurri handi batean, egoerari buelta ematen hasita gaudela uste dut. Hala ere, egoera kontraesankorra da. Haiek gure esku dauden osagaiak eta jakiak erabiltzen hasi dira arazoa konpontzeko, eta, gu, aldiz, haiek baztertu nahi duten jateko modua geureganatzen ari gara», jarraitu zuen.

Liburuak hitzaurrean ematen du dietaren eta osasunaren arteko lotura estuaren berri, eta bertako hainbat ataletan aholku orokorrak ematen ditu. Era berean, alzheimerra, parkisona, osteoporosia edo hipotentsioa bezalako gaitzak nola saihestu ere azaltzen du. Aurkezpenean, hala ere, behin eta berriz esan zuten hau ez dela gaixoei bakarrik zuzendutako liburua, baizik eta gaitzak saihesteko idatzi dutela. Horretan, hezkuntzak zeregin handia izan dezake.

Eta, jarraian, errezetak daude. «Garunaren osasuna zaintzeko aholkuak eman zizkidan Gurutzek, eta horiek praktikan jarri besterik ez dut egin. Igaliak, barazkiak, arrainak, haragiak, fruitu lehorrak eta produktu integralak erabili ditut. Liburu honen atzean beste bizitzeko modu bat dago, eta hori eskolatik ikasi behar dute gure seme-alabek. Elikadurak eskola guztietako ikasgai izan behar luke», esan zuen Martin Berasategik.

Errezetak lau ataletan banatu ditu sukaldariak. Lehenengo, sarrerakoak daude, jarraian, arrainak eta, ondoren, haragiak. Liburuaren amaieran postreak eta edariak daude. Errezeta bakoitzean, orrialde batean, osagaiak eta platera egiteko modua daude eta, bestean, ikusita bakarrik prestatzeko gogoa ematen duen plateraren argazkia. «Nik bat edo beste egin ditut. Martini bezain ondo ez zitzaizkidan aterako, baina prestatzeko errazak iruditu zaizkit», esan zuen neurologoak.

Liburuaren irabaziak Aspargi elkartearentzat izango dira.