-

Arkitekturaren bigarren bizitza?

Ibai Gandiaga - Arkitektura ikaslea

2007ko Maiatzaren 18a

Bi gertaera izan ditut gogoan artikulu hau idazterakoan. Batetik, Donostiako Arkitektura Eskolako 5. mailan ikasten ari den lagun bat ariketa bat eskuz presentatzera derrigortu dute irakasleek -hau da, kartaboi, rotringa eta gainontzekoak erabili behar izan ditu-. Bestetik, Second Life (SL) mundu birtualak arkitekturarekin harreman handia hartu du azkenaldian The Arch ikerketa taldea dela medio.

Lehendabizi, kontzeptuak argi ditzagun. Arkitekturak eta ingeniaritzak izugarrizko eraldaketa bizi izan dute azkeneko hamarkadan Computer Aided Design (CAD) edota Ordenagailuz Lagundutako Diseinua sistema dela eta. CAD sistemaren iraultza, ekoizpenean, banaketan, talde lanean, ereduen kontzepzioan eta lan jarioaren handitzean nabaritu da oro har. Ordenagailu eta inprimagailu berriei esker, edonork antola dezake etxean arkitektura estudio txiki bat oso diru gutxirekin. Diseinu grafikoan ere gauza bera gertatu da. XXI. mendeko diseinuaren demokratizazioa.

Baina noski, nahiz eta plataforma berriek diseinu modu ezberdinak ahalbideratu, ezagutza hori ez da bat-batekoa. Egungo ikasleen marrazketa mailaren kexu dira aurreko belaunaldiko arkitekto asko. Arkitekturan, marrazkiak beti izan du garrantzi handia, arkitekto batentzat beharrezko gramatika baita bere istorioak idazteko. Teorian, zenbat eta hobeto marraztu, orduan eta gauza gehiago eta modu ederragoan adierazi ahalko dituzu.

DBHko ikasgeletan Autocad bezalako CAD programak eguneroko gauza bihurtu dira jada adar teknikoa aukeratu duten ikasleentzat. Beste hainbat programa are eta urrunago doaz, eta ez dute Autocadek ezartzen duen marrazketa teknika trinkoa ezartzen. Adibide batekin azaltzeko: Autocadek egurrezko maketa birtualak egitea ahalbideratzen du, baina beste programa batzuk plastilina, kea, airea, ura, harria edota burdina bezalako materialekin ere lor ditzakete espazio berriak. Zertaz ari naizen oraindik ulertzen ez baduzu, erosi arkitektura aldizkari bat etxe aldameneko liburudendan: bertan arkitekturak bat egiten du puxika moduko egiturekin, hazkunde organikoko altzairuzko habeekin, fraktalen eredua jarraitzen duten hiri-altzariekin. Lege fisikoen kateak apurtu nahian dabiltza guztiak. Science Fictionen ordez, Architecture Fiction.

Boullé arkitektoaren adibideari helduz, egungo proiektu askok ezintasunaren irudiak hartzen dituzte helburutzat. Honek bigarren albistera garamatza zuzenean. SL mundu birtualean, grabitateak ez du zentzurik. Eguzkiak ere ez. Ondorioz, beste iturrietako argi artifizialetatik ezberdintzea ezinezkoa da. Espazioaren pertzepzioak ere aldatu egiten dira pantailak 1440x900 edota 800x600 pixel izanez gero. Arauak aldatu egiten dira. Second Lifen balio erantsiek hartzen dute garrantzia. Horrela, Frank Lloyd Wrighten etxeen kopiak saltzen dira edota Le Corbusierren maisu lanak. Altzarigintzan aspaldi hasitako artearen eta industriaren arteko muga horren ezabaketan beste urrats bat eman du SLk. Horrenbestez, edonork eduki dezake Modernismoaren Apostoluen obra bat etxean. Egia esan, baita etxea bera ere!

Txorakeria badirudi ere, SL munduak diru asko mugitzen du. Enpresa asko hasi dira mundu honetan muturra sartzen, eta, behin martxan jarrita, ez dirudi geldituko denik. Arkitekturari dagokionez, eta adibide praktiko bezala, zenbait arkitektura estudiok etxeen diseinua «probatzeko» aukera eskaintzen diete bezeroei. Horretarako, 3D eredu bat sortu eta SLn ezartzen dute. Bezeroak etxearen barrutik mugi daitezke, espazioak «bizi» ditzakete. Azken finean, guztia bere gustura dagoen ala ez egiazta dezakete. Teknologia ez da berria, eta errealitate birtual hau jada gure irudimen modernoaren zati da. Horregatik, esanguratsuena probatzeko aukeratzen den plataforman eta eraikinen diseinuan izan daitezkeen aldaketetan dago.

Nire ikuspuntuaren arabera, arkitekturari ez dio mesede handirik egiten. Hori bai, onartu beharra dut ikerketa aldetik txundituta naukan gaia dela. Mundu berri horretan arkitekturak ihes egiten dio artea bilakatzeko hain funtsezkoa duen horri: eraikuntza eta lege fisikoak. Alde batera uzten du Firmitas, eta Venustas inoiz baino gehiago besarkatzen du. Egungo eraikin ospetsu askok horrelaxe erantzun diote arkitekturaren deiari. Adibide gisa Guggenheim Bilbao museoa edota Sidneyko Opera House maisu lana daude. Hasieratik irudi moduan sortu zituzten (erreparatu, bestela, mila bider erakutsi dizkiguten Gehry edo Utzonen bozetoei). Irudiaren menpe dauden bi eraikinek izugarrizko arazoak saihestea eta ingeniaritza esfortzu itzelak egitea eragin zuten, egungo itxura paregabea lortzeko.

Jazoera erlatibizatuta, arkitekturaren eta SLren arteko amodioa beste pauso bat besterik ez da plug & play arkitekturan. Joko horretan erortzen gara eguneroko bizitzan ere: gaur, Barroko estiloko gela nahi dut, bihar Eskandinaviar itxurako saloia, etzi Mugimendu Modernoaren ondorioz, zuriz margotutako logela. Ordenagailuaren desktoparen itxura aldatzea bezalakoa balitz bezala. Benetako hainbat eraikin aldatzea hain erraza izango balitz...