Bigarren eskuko erosketa. Poltsikoak eta birziklapenak bultzatutako ohitura
Euskal Herrian ez da oso ohikoa bigarren eskuko objektuak erostea, baina Europan hedatua dagoen kultura hori pixkanaka sartzen ari da, batez ere gazteen artean. Arropa, liburu edo altzarien prezio baxuek erakarrita doaz batzuk, ingurumena zaintzeko kontzientzia tarteko, beste zenbait
Xole Aramendi
2007ko Maiatzaren 18a
Europako hiri askotan ohikoa da kalera irten eta bigarren eskuko liburu, altzari edo arropa azokak aurkitzea. Ez da asteburuetako bitxikeria, egunerokotasuna baizik.
«Birzikla itzazu zure ideiak, jakintsuek horixe egiten dute», dio Emausek bere informazio eta sentsibilizazio kanpainan erabili duen leloak. Euskal Herrian hainbat lekutan egiten dute lan, eta duela urtebete, Ecocenter eraikina ireki zuten Donostia kanpoaldeko Belartza poligonoan. «Gazte asko datozela nabaritu dugu. Diruz justu dabiltza eta etxerako zein orain modan dauden lokaletarako altzari bila etortzen dira. Lehendik genituen bezeroek ere jarraitzen dute: alde batetik, prezio baxuetan erosi nahi dutenak, eta bestetik, memoriaren altxor bila ibiltzen diren nostalgikoak. Ingurumenarekin kontzientziatuta dauden pertsonak ere gero eta gehiago dira», azaldu digu Begoña Cabaleirok.
Arropa (%38) eta bazar artikuluak (%32) dira salduenak. Atzetik, liburuak (%18), altzariak (%5) eta etxetresna elektrikoak (%2) datoz. Emauseko kideak pozik daude harrerarekin. «Igoera nabarmena izan da aurreko urteko salmentekin alderatuta. Horrek herritarren artean izandako erantzuna adierazten digu. Iazko apiriletik 478.652 euro jaso ditugu salmentetatik», adierazi dute.
Hogeita hamar pertsonatik gora ari dira lanean Ekocenterren. «Gehienak bazterketa arriskuan daude», nabarmendu dute. Horietako batzuk etxez etxeko bilketan jasotzen dituzten arropak sailkatzen aurkitu ditugu. Kamioietan iristen dira jantziak, eta kalitatearen eta urtaroaren arabera banatzen dituzte. Saltzeko modukoak direnak goiko solairura doaz eta besteekin trapuak egiten dituzte. Izan ere, lantegi handietan oso gustura hartzen dituzte oihal zati horiek. Gainontzekoak zabortegira bidaltzen dituzte.
Etxeetara trasteen bila joateko eskaerak telefonoz jasotzen dituzte. Arropen, altzarien edo etxeko tresnen bila joaten dira, doan. Bada salbuespenik. «Gure esperientziaren arabera ez dela salduko uste badugu, jasotzea kobratzen dugu, guk ere zabortegian ordaindu beharra dugu eta», azaldu du. «Edukiontzietan sartzen ditugunez, askotan pentsatzen dugu arropa mota guztiak birzikla daitezkeela. Aldiz, zati bat besterik ez da birziklatzen: kotoia -gaineratu du-. Lasai geratzen zara zure partea egin duzulakoan eta arrapa edukiontzira bota eta bota segi dezakezulakoan, baina ez da horrela». Datuak argigarriak dira: altzari eta etxetresna elektrikoen %7 doa zabortegira, aldiz, ehunei dagokienez, %35era igotzen da kopuru hori.
Saltokia goiko solairuan dago. Bezeroak objektuak begiratzen ari dira, zer erosiko. Ekocenterrek ia 2.000 metro ditu, gune desberdinetan banatuta. Eraikin handi eta berriak urte askoan Emausek Loiolan izandako egoitza zaharrari hartu dio lekua. Udalarena da eta alokatuta dute. Astelehenetik ostiralera dago irekia, 10:00etatik 20:00etara.
Azokak ere egiten dituzte. Esaterako, Hernanin, Nahas Mahas izenekoa egiten hasi dira hilean behin.
Berrerabilpena osotasunean
Salmentaz harago, objektuen berrerabilpena osotasunean landu dute Ekocenterren. Horren erakusle, birziklatutako gauzekin arte-lanak nola egin erakusten dute, sentsibilizazio alorra lantzen dute eta norberak etxeko gailuak konpontzeko tailer txikia egokitu dute. Eskolaumeak joaten dira berrerabilpena lantzeko tailerretara. Dora kulunkatzeko aulkia dute zain, ongietorria eginez. «Berak kontatzen du kaobazko zuhaitz handia izan zela Kariben eta denboran irautea erabaki duela, bere kideek arbolak izaten jarrai ahal dezaten. Bere gainean kulunkatu diren belaunaldien berri ere ematen die umeei. Era horretan zaborraren inguruan garrantzitsuak diren hiru kontzeptuak aipatzen ditugu: kontsumoa gutxitu, berrerabili eta birziklatu», azaldu du.
Langileak hara-hona dabiltza. Horietako bat zabortegira bidean ziren objektuekin artelanak egiten ari da, tailerretara bisitan etortzen diren haurrei erakusteko. Edozerk balio du: laminazko somierra aulki eroso bihurtu da eta pneumatiko zaharra landareak jartzeko jardinera da margotu ondoren. Alboan berrerabilitako ordenagailuak jarri dituzte bizartegi zahar bateko aulkiekin. Edonork erabil ditzake dohainik.
Emausena kontsumo arduratsuaren aldeko apustua da. Gauza bera egin du Daniela Favarinek. «Dena birziklatzen dut: altzariak, paperak... Beti egin dut horrela. Jendeak erosi eta erosi egiten du, ez dut ulertzen, bizitzeko ez da hainbeste behar -adierazi du-. Gainera, zerbait berria erostean, lehendik etxean dutena bota beharrean aurkitzen dira. Eta arropa hori zaborretara doa».
Bere etxean, zaborretatik hartutako sukalde zaharrean prestatzen ditu otorduak Danielak. Lanean erabiltzen duen garbigailua ere bigarren eskukoa da. Jo eta su aritzen da lanean Ipar Europatik ekartzen dituen jantziak garbitzen. Ostean, Somera Kalean duen Union Recycling dendan salgai jartzen ditu jantzi horiek.
Hamar bat urte pasa dira Daniela Favarine eta Karmelo Aberasturik denda ireki zutenetik. Garai hartan dezente ziren Bilbon zeuden bigarren eskuko saltokiak, baina Danielak zerbait desberdina behar zuen. «Gure artean ireki ziren bigarren eskuko lehen dendetan konpondu gabeko arropa saltzen zuten. Nik beste era batera egin nahi nuen lan. Larruzko txupak, adibidez, ondo garbitu behar dira produktu bereziekin. Konpondu beharrekoa konpondu, garbitu beharrekoa garbitu, estalkiak aldatu, plantxatu, botoiak jarri, tindategira eraman.... Lan asko egin behar da. Ez naiz gelditzen, jendeak ez du imajinatzen zer den! Orduka kobratuko banu ez nuke ezer salduko», azaldu du.
Italian jaioa, urte luzez Belgikan bizi izan zen Daniela. «Han bigarren eskuko arropa denda neukan eta Euskal Herrira bizitzera etorri nintzenean oso argi neukan zer egin -kontatu du-. Hasieran arropa dendei banatzen nien, baina konturatu nintzen hobe zela neuk zuzenean saltzea. Errazegia zen besteentzat eta nik gastu gehiegi nituen. Ez zuen merezi». Alemania, Holanda eta Belgikatik ekartzen du arropa. «60ko hamarkadan espezializatuta dago nire denda. Moda ez jarraitzen saiatzen naiz. Tratu pertsonala ematen diet bezeroei: pertsona aparta bada, arropa berezi eta aparta merezi du», azaldu du.
«Lehen gehiago saltzen zen Euskal Herrian. Garai batean modan jarri zen eta jendeak edozein prezio ordaintzen zuen erabat puskatuta zeuden galtza batzuengatik. Duela hamar urte Bilbo, Donostia, Irun eta Errenterian zeuden dendak, orain ixten joan dira. Garbiketa eta konponketa prozesu osoa egin behar da eta ez da erraza, nahiz eta denden jabeei hala iruditzen zitzaien nik egiten nuenean», esan digu.
«Bruselan egunero daude denetik saltzen duten azokak. Hemen ez da ohiturarik. Pixkanaka ari da sartzen. Galtza batzuk lau euro balio badute zera pentsatu behar duzu: norbaitek ez du bidezko ordainsaria jaso lan hori egitearen truke. 12-14 orduko lanorduak egiten dituzte eta hemen baino hamar aldiz gutxiago jasotzen dute», salatu du.
«Saltzen dudan arropa ahalik eta onena izan dadin saiatzen naiz. Bezeroa gustuko zerbait salduz irabazten dut. Txupa bat erosi eta zaintzen badu, 15-20 urte iraungo dio, erraz. Ez du urtero erostera etorri beharrik», gaineratu du Daniela Favarinek.




