Hauteskundeak. Paretek ere hitz egin nahi dutenean
Kaleetan barna, errepideetan zehar, zikindutako paretak ageri dira han eta hemen. Zerbait esan nahian, zerbait saldu nahian. Kolore eta forma jakinak dituzte, neurtuak, ordu askotan hausnartutakoak. Eman ezazu hauteskundeen gaineko zure iritzia hemen.
Amagoia Mujika
2007ko Maiatzaren 18a
Paretak hizketan ari dira azken egunotan. Hala gertatzen zaie beti hauteskunde kanpainak izaten diren sasoietan. Ez dira egunero izaten kanpainak, baina herritar gehienak egunero balira bezala pasatzen dira kaleetatik, paretetara gehiegi begiratu gabe.
Berriki egindako ikerketa baten arabera, hauteskunde kanpainak «garestiak, nahasgarriak eta demagogikoak dira». Gainera, hautesleen %80 inguruk oso garbi izaten du nori eman botoa kanpaina hasterako. Hala ere, kanpainak egin egiten dira: «demokraziaren erritual» bihurtu dira.
Goio Telletxea diseinatzailea da. Egunero mila irudi, mila mezu, pasatzen dira bere begien aurretik. Hainbeste informazio jasotzera ohituta dauden begi horien bidez ikusi nahi izan dugu puri-purian dagoen hauteskunde kanpaina.
Orokorrean, alderdi gehienak «aseptikoak» direla uste du Telletxeak. «Ez dute asko arriskatzen». Hartara, ahalik eta jende gehiena kontentatzea eta ahal dela inor ez haserretzea da alderdien helburua. Ez dituzte beraien boto-emaileak asaldatu nahi kanpainako mezuekin edo irudiekin. «Publizitatean berdintsua gertatzen da. Gure bezeroek nahiago dute aseptikoak izatea, ez gehiegi arriskatzea, badaezpada ere», gaineratu du.
Kanpaina gainetik begiratuta, zaila da alderdien arteko antzekotasunik topatzea. Hori bai, batzu-batzuk, egon, badaude. «Tipografiak, orokorrean, oso garbiak dira. Mezua ere fondo garbien gainean sartu dute gehienek, ezerk ez dezan oztopatu», egin du lehen hausnarketa Telletxeak.
Gainontzean, dudarik gabe, Internet da nagusi aurtengo kanpainan: han edo hemen, alderdi politiko guztiek aipatu edo nabarmendu dute. Bide berriak sortu dituzte bertan. «Aurreko kanpainetan hasiak ziren Internet erabiltzen, baina aurtengoan areagotu egin da, batez ere web sozialaren kontuagatik».
Hauteskunde kanpainak oso garestiak dira, oso neurtuak eta asko hausnartutakoak, nahiz eta batzuek besteek baino gehiago asmatu. Hala ere, ez dute herritarren botoarengan hainbesteko eraginik. Horren erakusle dira kanpainen gainean egindako hamaika ikerketa. Ahalegina, ekonomikoa eta lanarena, ez dago inondik inora justifikatuta.
«Nire ustez alderdi bakoitzak bere irudia osatzeko eta saltzeko erabiltzen du kanpaina, eta horretarako, diseinuak eskaintzen dizkion hamaika aukera baliatzen ditu. Baina, konbentzitu, inor gutxi konbentzitzen dute. Gogoratzen al gara, esaterako, alderdi politikoen mezuez? Akaso baten bat hartuko dugu gogoan, baina gehienak ez. Esan bezala, kanpainaren helburua alderdiaren irudia indartzea da».
Lehen begiratu azkarra
Hainbat alderdiren kartelak begi aurrean hartuta, lehen gogoeta azkarra egin du Telletxeak. «PSE oso kontinuista ageri da, bistan da ez duela aldatzeko behar handirik sentitu. EAJ ere dezente mantendu da bere horretan, baina badago aldaketa txikiren bat. Modernoak direla adierazi nahi izan dute segur aski. Aralar eta Ezker Batuaren kasuan, mezua hurrengoa izan da: `Badakigu zein den gure norabidea eta indarrak batu ditugu'. EAk aldatu du pixka bat estiloa: segur aski, hauteskunde hauetan ez doalako koalizioan eta nolabait bere nortasuna markatzeko beharra sentitu duelako. Jarrera gogorxeagoa ageri du agian. ANVren mezua bistakoa da: `Betikoak gara eta borrokan jarraitzeko prest gaude'».
Telletxearen ustez, hauteskunde kanpainetan ez dira deseinuarekin lotutako berritasun handiak izaten. Ez diote, beraz, ezusteko handirik sortzen. «Nahiko aseptikoak izaten dira», berretsi du.
EAJren kanpaina bide horretatik doala uste du. «Aurrera begira dauden gezi horiek akaso modernitate itxura eman nahi diote. Baina, berez, kartelek ez daukate baliabide grafiko asko modernoak direla esan ahal izateko. Botoiak kenduz gero, apenas dute ezer modernotik», esan du.
Pastel koloreetara jo du EAJ alderdiak oraingo honetan, kanpainako arduradunak berak nabarmendu duenez. «Segur aski kolore horien kontuak izugarrizko eztabaidak sortu ditu alderdiaren barruan, izugarri kontu garrantzitsua bihurtuko zen. Hala ere, berez, ez dauka halako garrantzirik. Diseinuaren munduan askotan gertatzen dira halakoak: hain garrantzitsuak ez diren kontuen inguruan korapilatzen gara eta ez diegu behar bezalako pisua ematen benetan garrantzitsuak diren kontuei».
EAJren hautagaiak jakarik gabe -gizonezkoak- eta karpeta bat eskuan hartuta ageri dira. «Hori nahiko gauza berria da. Lanerako prest daudenaren irudia eman nahi dute», esan du Telletxeak. Gainontzean, ez du berritasun zantzu nabarmenik ikusten EAJren kanpainan.
Berdintsua gertatzen da PSEren kasuan. «Ikurrinaren antzeko zerbait sartu dute atzealdean, euskalduntasunaren tonu hori emateko. `Euskaldunak gara' da eman nahi izan duten mezua». Gainontzean, ez dauka bestelako zantzu berritzailerik, nahiko aseptikoa da kartela. Argazkia nahiko zaindua eta dezente ukitutakoa da, baina ez du batere berritasunik. «Duela hogeita hamar urteko kartelen antzekoa da ia», esan du Telletxeak.
Oso antzekoa da CDN alderdiarena. Kasu horretan, ez dago inolako mezurik atzealdeko fondoan eta hautagaia jakarik gabe ageri da, EAJrenak bezala. Horixe, akaso, nabarmentzeko moduko bakarra.
Kolore gorria, jaun eta jabe
Aralar eta Ezker Batuaren kartela asko desberdintzen da aurretik aipatutakoetatik. «Irudiak zuri-beltzean jarri dituzte kolore korporatiboa, gorria kasu honetan, nabarmentzeko. Diseinuaren munduan, gorriaren, zuriaren eta beltzaren arteko konbinazioa bikaina da, ia beti izaten du arrakasta», esan du Telletxeak. Horregatik-edo, gorria hauteskunde kanpainetako erregea izaten da. Oraingoan ere nahikoa bistakoa da hori, kasik alderdi gehienek erabili baitute. «Indarra eta intentsitatea adierazten du kolore gorriak», gaineratu du diseinatzaileak.
Gorriaz aparte, urdina ere dezente ikusten da. Akaso ez karteletan propio, baina bai kanpainaren baitan alderdi politikoek antolatzen dituzten ekitaldietako oholtzetan-eta. PPk, PSOEk eta EAk, esaterako, joan den asteburuan egindako ekitaldi zenbaitetan urdinez atondu zuten oholtza. «Urdinak baretasuna, lasaitasuna eta bake giroa adierazi nahi du, kolore atsegina eta lasaia da, eta horregatik erabiltzen dute hainbeste alderdik», iritzi dio Telletxeak.
EB-Aralar koalizioaren kartelera bueltatuta, ekintza bat adierazten du: bi gazte sokari tiraka. Hori ere nahiko berritzailea dela uste du Goiok. «Irudiak badauka esanahi bat. EAJren eta PSEren kasuan hautagaia ageri da irudian, eta `oso ona naiz eta niri bozkatu' esaten du, inolako ekintzarik egin gabe. Kartel honetan, berriz, ahalegina eta lana irudikatzen saiatu dira», gaineratu du.
Bi pertsona ageri dira EB-Aralar koalizioaren kartelean, bi alderdi direlako segur aski. «Gainera, justu bi alderdien logotipoen gainean ageri dira parekatuta sokatiran ari diren bi gazteak». Eta ez kasualitatez, segur aski, hauteskunde kanpainetan ia ezer ez baita kasualitatearen esku uzten. «Fondo zuriari esker atentzio eta arreta guztia ekintzan jartzen da eta, gainera, garbitasun, gardentasun eta zintzotasun irudia indartzen du zuri horrek», azaldu du Telletxeak.
Beste alderdietako kolore zoragarrien, hautagai dotoreen eta photoshopak perfektu bihurtutako aurpegien parean, bai EB-Aralar koalizioak, bai ANVk nahiago izan dute kolore gogorxeagoetara jotzea, beltzak, zuriak eta grisak baliatuz.
Kolore bizietan bizienak erabili dituena ASB izan da, nahiz eta bere kanpaina erdiz erdi hautsita geratu den. «Izar mordoa ageri da, kolore guztietakoak eta forma guztietakoak. Horrek, aniztasuna adierazi nahi du. Gainera, izar batzuen puntak leundu eta samurtu dituzte, ez dira angelu zuzenak eta gogorrak, eta horrek ere esanahia izan dezake: beraien irudia suabeagoa eta leunagoa egiteko nahia adieraz dezake. Hala ere, bestelako izar puntadunak ere ageri dira, beraz, aniztasunaren ideia da nagusia», iritzi dio Telletxeak. Fondo berdea da nagusi, itxaropenaren kolorea delako segur aski.
Ezker abertzalea eta tipografia
«Nabarmentzekoa iruditzen zait tipografia. Ezker abertzaleak beti oso tipografia txukunak, bereziak eta ondo aukeratutakoak erabili izan ditu. Ez da edonola aukeratutakoa, beste inork ez duen tipografia da, seguru. Hautatu duenak ere hori bilatuko zuen. Dituen forma eta erremateengatik, tipografia horrek sendotasuna eta garbitasuna islatzen ditu», agertu du adituak.
ANV-EAE alderdiaren kartelean ezaguna den irudi bat erabili dute, aurretik beste lan batzuetan erabilia izan dena. «Adineko emakume horrek bere ideietan eta borrokarako arrazoietan konfiantza mantentzen duela adierazten du. Ez da irudi perfektua, ikono bat da, eta ez dauka zerikusirik beste alderdiek erabilitako irudiekin, batez ere hautagaien irudi perfektuekin. Estarcido deitutakoen antza hartzen diot», agertu du Telletxeak.
Logotipoari dagokionez, ANV-EAEk betikoa erabili du, «betikoak direla adierazteko. Gainera, logotipoak indar handia dauka, nahiz eta oso folklorikoa den». Goioren ustez, ANV-EAEren kartelak, «ez dauka zerikusirik beste kartelekin».
EAren kartelean ere ikus daiteke estarcido deitutakoaren modukorik. Eredu batekin margotutako zuri-beltzeko irudiak erabili ditu Eusko Alkartasunak. «Akaso beren irudia pixka bat gogortzeko erabili dute. Baina, hori kenduta, nahiko garbia eta aseptikoa da kartela. Irudia da indarra duen bakarra», agertu du diseinatzaileak. EAk ere fondo zuriaren alde egin du. «Seguruena, jende garbia dela esateko».
Hala ere, gauza bat pantaila garbian elegante ageri den kartela da, eta bestea, beste mila mezuren tartean pareta bat zikintzen duena. Asko aldatzen da kontua.
Ondorengo orrialdeetan zenbait alderdiren kanpainari begiratua eman diogu, baina diseinatu duenaren begietatik. Begiratzeko modua, noski, desberdina da.
Kanpainako arduradunak
Mezua laburra, zehatza eta zuzena da. Motzean esan behar da, lehenengo kolpean harrapatzea delako helburua.
Gure mezua ere argia izan da: «Ezkerrera». Lehenengo, «Hona Ezkerra», eta kanpainan barna, «Herria ezkerrera ekarri». Azalpenik behar ez duen mezua delako aukeratu dugu.
Kanpainaurreko irudia bi zapatila gorriena izan da. Ezkerreko bi hanka alderdi biak ezkerrekoak garelako, eta bi zapatila ezberdin alderdi biek ibilbide politiko ezberdina dugulako, batzuk independentistak gara eta besteak federalistak. Baina, horren guztiaren gainetik, ezkerreko politikak garatzeko eta ezkerretik eragiteko asmoz ari gara elkarlanean: gehiengo absolutuak apurtzeko eta politika sozialak egiteko.
Neska eta mutila ageri dira, eta biak gazteak. Ezkerra beti izan da berritzailea eta ausarta eta, gehienetan, bi ezaugarri horiek gaztetasunaren ezaugarri dira. Horregatik eman nahi izan diogu gaztetasun kutsu hori.
Koloreei dagokienez, zuria eta gorria dira nagusi. Indarra duen kolorea izateaz gain, alderdi bietako iruditeriaren zatirik garrantzitsuena gorria delako aukeratu dugu gorri kolorea. Zuri asko dago, gainera, pankartan. Zuriak garbitasuna, zintzotasuna adierazten du. Gure logotipoetan ere zuriaren gainean egindako markak erabiltzen ditugu. Beraz, argi zegoen erabili beharreko koloreak zeintzuk izango ziren.
Sokatira saioa ageri da karteletan, baina kanpaina lasaia izatea nahiko genuke. Hori bai, jakina da ez dela egoera normal batean egingo den kanpaina izango, aukera guztiek ez dutelako hauteskundeetara aurkezteko eskubiderik izan.
Ez da zaila izan bi alderdiren mezua kanpaina bakarrean biltzea, hasieratik argi geneukalako adierazi nahi genuena. Ezkerra eta herria, herria ezkerretik eraikitzea, ezkerretik eragitea. Bereizten gaituena alde batera utzita baina ahaztu gabe, argi izan dugu hauteskunde hauetan jokoan dagoena politika sozialak, fiskalitatea eta gertuko politikak direla.
Gure kanpainaren tasun nagusiak Euskal Herria Ezkerretik, Justizia Soziala, Bakea eta Autodeterminazioa dira. Gure helburua, berriz, herrialde guztietan ezkerretik eragitea eta EAJren gehiengo absolutuekin apurtzeko moduko emaitzak lortzea da. Eraginkorrak eta eraikitzaileak izan nahi dugu.
ASB: Badator Euskal Herri berria. Bazetorren
Kanpainako arduradunak
Udaberriarekin bukatu dute, akabo udaberria. Kanpaina horren baitako ideia ezker abertzalearen oinarrian dagoen kontzeptua da, historikoki defendatu duen ideia: ekaitzaren ostean barealdia etorriko da; uholdearen ostean, ortzadarra agertuko da; tunela pasatu eta gero, argia ikusiko dugu; negu hotzaren atzetik etorriko da udaberria.
Ezker abertzaleak etengabe eta hitzetik hortzera ibili du ahoan gatazka gainditu ondorengo egun hori, egun zoragarri hori. Eta kanpaina honetan, egun horretan pentsatzen jarri gara, egun hori etortzea posible dela garbi dugulako. Udaberria egokia iruditu zaigu hori islatzeko, esanahi asko baititu. Asko dauka berritik, berritutik...
Bestetik, izar bikoitza ageri da: bat gorria, eta horren barruan, zuria. Independentzia eta sozialismoa dira izar horiek. Buztan txiki batekin, izar hori krabelin bihurtzen da, udaberri zoragarri horretako lehen lorea hain juxtu.
Udaberriak eraberritzea eta bizitza berria dakar berarekin, horregatik aukeratu dugu. Oinarrian ideia bakarra dago: azkenean eta behingoz herri honek dena atzean utzi eta aurrera egiteko modua izango du. Ideia benetan baikorra dago oinarrian eta horregatik erabili ditugu hainbeste kolore. Baina, bistan denez, ez da posible izan. Hortaz aparte, ezker abertzaleari kanpaina normalizatu samarra egiten utzi dioten bakoitzean, koloreen aldeko apustua egin du. Izan ere, koloreak oso herriarenak dira.
Kolore biziak erabiltzen dira herriaren artisautzan. Kolore biziek aniztasuna adierazi nahi dute, baita herritarren arteko lotura ere. Herri anitza eta koherentea garela esan nahi dugu. Ezker abertzaleak beti maite izan ditu kolore biziak, baina, esan bezala, maiz kanpainan sortu zaizkion egoerak dezente beltzagoak izan direnez, kolore gehiegi erabili gabe gelditu behar izan du. Oraingoan, ordea, berreskuratu egin nahi izan ditugu.
Asmoa ona zen, prestatu genuen kanpaina, oso ona, baina tamalez, bere horretan gelditu behar izan du azkenean. Izugarrizko pena ematen digu, euskal herritarren aurrean agertu behar genuen kanpaina ikusgarria zelako, eta mezua, benetakoa.
ANV: Baiezko borobila
Edurne Aranbarri, hauteskunde taldeko kidea
Aurretik erabilitako irudi bat erabili dugu, ezaguna askorentzat. Egoera erabat antidemokratiko baten aurrean, azken berrogei urtean Euskal Herriaren eta demokraziaren alde borrokan aritu direnei omenaldia egin nahi izan diegu modu horretan. Beltzaren ama frankismo ondorengo ikono garrantzitsua da, duintasunaren ikonoa. Irudi horrek, ikono horrek, primeran laburbiltzen du Euskal Herriaren azken 40 urtetako borroka, baita borrokarako arrazoiak oraindik ere indarrean daudela. Hori da mezua.
Irudi horrek izugarrizko indarra dauka bere horretan, gorputzaren jarrerak izugarrizko adierazgarritasuna du. Irudiak bakarrik edonor hunkitu dezake, ez du mezu askozaz gehiagorik behar. Esanahia dauka irudiak berak. Horregatik aukeratu dugu.
Gainera, jakitun gara inguruan aurpegi politak eta irudi edertuak baino ez dituela izango. Horrelakoak dira gainontzekoen kanpainak.
Guk ez dugu hautagaien irudirik erabili, oso garbi baitaukagu, hautagai honen edo haren aukeraketaren gainetik, hauteskunde hauetan jokoan dagoena beste zerbait dela, garrantzitsuagoa: erakunde demokratikoak bai edo ez, hori da hauteskunde hauetako galdera. Ikusi egin beharko dugu herri honek beste lau urtetan erakunde antidemokratikoak egotea onartuko ote duen.
Kolore gorria da nagusi. Ezin zuen bestela izan. ANV-EAE alderdiaren kolorea beti izan da gorria, kaikuak ere beltzak eta gorriak zituzten.
Emakumearen kartelaz gain, beste bat izango da kalean egunotan. Atzealdean miliziano batzuk ageri dira, eta lehen lerroan neska gazte bat. Mezua garbia da: borrokak jarraitu egiten du. Horrelako irudiak ikusten ari gara egunotan kaleetan eta manifestaziotan, orduko eta oraingo borrokalariak, denak elkarrekin. Eta, azkenik, goiko irudian ageri den triptikoa prestatu dugu. Eskumutur itxitik esku zabaldura garamatzana. Hori da gure mezua, hori daukagu eskaintzeko.
EA: Euskal Herria egitea
Rafa Larreina, hauteskunde kanpainako arduraduna
Euskal Herriaren eraikuntza prozesuan erabateko inplikazioa daukagu, erabat horretara gaude jarriak, eta hori izan da islatu nahi izan dugu ideia. «Euskal Herria egitea» da gure asmoa, helburua, helmuga.
Euskal Herria eraiki nahi dugu herri eta hiri bakoitzetik, eta gure modura, EA alderdiaren modura, gure sinadurarekin.
Koloreetan gorria, berdea eta zuria erabili ditugu, errotik euskaldunak garelako, errotik demokratak, eta guztien giza eskubideen alde gaudelako erabat.
Batez ere jende gaztea ageri da gure karteletan. Izan ere, gurean jende gazte asko dago lanerako prest eta gogoz. Gure proiektu propioa bakarka aurrera ateratzeko apustua egin dugu. Hain juxtu, horretarako indarra soberan daukagula ikusi dugulako, jende gazte asko dagoelako Eusko Alkartasunaren proiektuaren alde lan egiteko prest. Indarra eta ilusioa soberan ditugu.
Hala ere, adin desberdineko jendearen itzalak erabili ditugu karteletan, guztiak ditugulako kontuan gure proiektu politikoan. Zuriaren gainean egin dugu kanpaina, argitasuna, garbitasuna eta gardentasuna maite ditugulako. Lana maite dugu, leialak gara eta garbiak gara. Beste alderdi batzuek, eskumakoek batez ere, nahiago dute pastel koloreak erabiltzea.
Kanpaina bakarrik egitea ez da arrotza izan guretzako. Aurten ez goaz EAJ alderdiarekin koalizioan, baina, gure historian oso ohituak gaude hauteskundeetan bakarrik aurkeztera. Estatistikak ikusi besterik ez dago bakarrik koalizioan baino askoz gehiagotan joan garela ikusteko.
Gainontzean, guretzako nahiko erraza izan da kanpaina diseinatzea. Izan ere, hasieratik oso garbi geneukan zer eta nola esan nahi genuen. Gure mezua benetan garbia da.
NABAI: Navarra aldatu!
Itziar Gomez, hauteskunde arduraduna
Erreinu Zaharraren armarriaren gaineko jokoa erabili nahi izan dugu Nafarroa Berria kultura politiko berrian oinarritu behar dela nabarmentzeko. Betikoa den zerbait baina berritu beharrekoa. Nafarroak behar duen aldaketa hori gauzatzeko etorkizunean garrantzitsuak diren balioak hartzen ditu kontuan. Guk behar- beharrezkoak direla pentsatzen dugun balio sorta. Nafarroako armarriak berak duen baina agerian ez dagoen elkarlotutako kate sorta.
Kartelean hondo zuria erabiltzeak badu bere zergatia, gure herrian bizi dugun ernegaziotik, krispaziotik ihes egiteko, mezuari baretasunezko hondoa eman nahi izan diogu. Azken batean, banaketa orekatuaren bidez eta «zaratarik» gabe, komunikazioa erraztea dugu helburu. Koloreei dagokienez hauek ere orekatuak erabili ditugu, ideien, balioen eta sentsibilitateen polikromia zabaldu nahi izan baitugu. Ez dira kolore min-minak, ezta apalak ere. Kolorea da bai, emozioa, baina baretasunez.
Formei dagokienez, biribila erabiltzerakoan oinarrizkoetako bat dela hartu dugu kontuan, baita forma puruetako bat dela ere, samurrena agian. Planetaren forma da, gainera, eta horrek zerikusi handia dauka «mundua gogoan, ekintza auzoan» esaldiari berez atxikita dagoen mezuarekin.
Hizkuntzaren erabilerari dagokionez, euskararen eta gaztelaniaren erabateko konbinazioa egin dugu, biak bat eginda. Begi-bistakoa da bi hizkuntzek komunikaziorako dituzten aukerak erabiltzen jakin behar dugula.
Nafarroako bi hizkuntzak nahasiz asmatutako hitz horiekin denengana iristea da helburua, euskaldunena eta ez euskaldunena ere bai, batak zein besteak aurreneko bista-kolpean ulertzen baitu helarazi nahi dugun mezua. Eta batez ere ideia hau zabaldu nahi dugu: etorkizuna aurrerantz begira asmatu behar dugula. Noski baietz.
Orokorrean, gure kanpaina osotasunean hartuta, pertsonen adimenari zuzendutako kanpaina egin nahi izan dugu, eta baretasuna eta gardentasuna ardatz hartu ditugu, emozioen gainetik. Adimena, orain taktikoki, arrazionalki jokatu eta aldaketa eragiteko. Adimena, etorkizun berria eraikitzeko.
CDN: 100% por Navarra
Hauteskundeetako taldea
Juan Cruz Alli da foru eta udal hauteskundeetarako prestatu dugun kartel honen protagonista. Lehen planoan ikus daiteke bera eta gure hautagaia ezagutaraztea da erabaki honen helburua.
Hautagaiari argazkietan ez zaio besorik ikusten; horixe nabarmendu digute, baina horrek ez du esanahi berezirik. Horrela egitea erabaki dugu argazkiak aginduta, ez dauka bestelako intentziorik.
Bere irudiaren atzealderako granate korporatibo kolorea aukeratu dugu. Ez da gorri nafarra, ezta pasiozko gorria ere, granate korporatiboa baizik.
Juan Cruz Allik daraman gorbata ere kolore berekoa da, Emilio Botinera bezala. Gorbata bai, baina gure hautagaiak ez darama jakarik soinean; lanean ari dela adierazi nahi dugu horrekin, Kennedy style-ri jarraikiz.
Hauteskunde kanpaina honetan erabili dugun mezuari dagokionez, «100% por Navarra», ikonikoa da eta oso zehatza. Gainera, argi dago benetan hori esan dezakeen alderdi bakarra gurea dela.
PSE: Gipuzkoak aldaketa behar du
Gipuzkoako PSEko hauteskundeetarako lantaldea
«Gipuzkoak aldaketa bat behar du» mezuak Gipuzkoako gizartean gero eta zabalduagoa dagoen sentimendu eta behar bati erantzuten diola uste dugu.
Azkenaldian erabat harrituta gaude gertatzen ari diren irregulartasun mordoa ikusita, guztiak ere Foru Aldundiari lotutakoak. Hori guztia aldatzeko garaia dela uste dugu, eta hortik dator gure lelo nagusia.
Alarmista ote den? Ez da alarmista, gizartean alarma sortzen duena gipuzkoarron dirua lapurtzen ari direla jakitea da. Hori bai dela asaldatzeko modukoa.
Hala ere, gure kanpainaren oinarria ez da beste alderdien akatsak nabarmentzea. Izan ere, gobernu programa sendoa dugu. Kanpaina aurrera joan ahala bistaratuko da hori. Batzuek kontrakoa uste duten arren, gurea ez da kanpaina erasokorra edo bortitza, eta horren adibide garbiena gure hautagaiaren profila da, Miguel Buenen profila eta izaera. Bere sinadura ageri da karteletan eta horrek konpromisoa adierazi nahi du, Gipuzkoara benetako aldaketa ekartzeko konpromiso irmoa. Agian irudi serio samarra da, baina, egia esan, Gipuzkoa ez dago txantxetarako.
Trajez eta gorbataz jantzita ageri da Miguel Buen karteletan, irudi serioa eta kaudimen politikoaren irudia eman nahi baitugu. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundirako benetako alternatiba gara.
Ez zaigu asko kostatu kanpaina adostea eta egitea. Hala ere, nabarmendu behar dugu leloa eta diseinu orokorra ez dituela inongo publizitate enpresak egin, partiduko bertako lanaren fruitua da. Dena partiduan bertan egin dugu.
EAJ: Egin behar dugu
Joseba Aurrekoetxea. Hauteskunde arduraduna
«Egin behar dugu» leloaren azpian ideia nagusi bat dago: «Gu ez gara oso hiztunak, nahiago dugu gauzak egitea. Eta gauzak egin egin behar dira, Euskadi egin beharra dago». Hitzak baino ekintzak maite ditugula agertu nahi du mezu horrek. Kanpaina duela urte batzuk martxan jarritako web orrialde baten haritik dator. Oinarrian kezka bat dago: herritarren eta politikarien arteko deskonexioa. Horren aurrean, herritarrei adierazi nahi diegu gu egiteko prest gaudela, gobernatzeko prest, liderrak izateko prest.
Hala ere, ez da erraza gure balio guztiak hitz gutxitan laburbiltzea hamabost egun eskas irauten duen hauteskunde kanpaina batean.
Kanpaina prestatzen aspaldi hasi ginen, eta jendaurrera agertu aurretik, begi askoren aurretik pasatu da. Horrela izaten da prozesua. Ez da erraza kanpaina osoa egitea, herri bakoitzeko egoera eta ezaugarriak hartu behar dira kontuan -gobernuan gauden edo oposizioan, esaterako-. Euskalkien garrantzia ere ezin da ahaztu. Bi lelo pentsatu behar dira, gazteleraz eta euskaraz, itzulpenek ez baitute balio, artifizialak dira.
Karteletan Interneten ohikoak diren zeinuak erabili ditugu: aurreratzeko eta gelditzeko botoiak. Jende gazteak erraz identifikatzeko moduko lengoaia da, eta zaharxeagoentzat ere nahiko gertukoa da.
Koloreen aldetik ere aldaketa sumatzen da. Orain arteko irudi tradizionalarekin -zuria eta gorria ziren nagusi- hautsi eta estetika modernoago batera jotzen saiatu gara. Horregatik erabili ditugu pastel koloreak. Irudi berria politika egiteko modu berria adierazteko, betikoak gara, betiko baloreekin, baina itxura eta modu berriekin gatoz. Duela 112 urteko alderdi berdina gara, baina gaur egungo gizartearentzako erantzunekin, gaur egungo formekin.
Hautagaien itxurari dagokionez, alkandora eta gorbatarekin ageri dira, baina jakarik gabe, lanera datozelako, lanerako prest daudelako. Bulegoetan lanean dabiltzanek ere jaka kendu ohi dute. Hori da ideia, hori da jarrera, gauzak egiteko benetako jarrera. Egin behar dugu, eta horretara gatoz.




