Kanpainaren erdira iritsita
Iņaki Altuna
2007ko Maiatzaren 18a
Foru eta udalerrietako hauteskundeetako kanpainaren erdialdera iritsi gara. Aldez aurretik espero zitekeen bezala, ezker abertzalearen hautes-zerrendak legez kanpo uztea izan da aipamen nagusia, epaileen ebazpena izan baikenuen kanpaina hasieran -Abertzale Sozialisten eta EAE-ANVko zenbait zerrendaren kontrakoa- eta epaileen ebazpena izan baitugu oraingo honetan ere bai, Auzitegi Gorenak ASB alderdi berriak izena ematea eta legeztatzea eragotzi duela-eta.
Estatuko botereek eta, modu zehatzean, epaileek ezker abertzaleari egurra emateko gogo bizia dutela erakutsi dute. PPk, zer esanik ez. Horregatik, beharbada, PSOEko Gobernuak egindako gehiegikeria (Conde Pumpidok berak ere urrutegi joan direla onartu berri du) ez dela hain handia izan dirudi hedabide zenbait entzunda. EAJk botatako asmakeriak -EAE-ANVk leku jakin batzuetan ez zuela aurkeztu nahi esanez edota gai honetan PSOEren eta Batasunaren arteko ezkutuko ituna izan dela iradokiz- horixe bera indartu nahi izan du.
Azken batean, eragile horiek guztiek esandakoak sortutako burrunbak funtsezkoa den zerbait estali nahi du: boz eskubidea murriztua dagoela Euskal Herrian, eta milaka eta milaka lagunek jazarpen zuzen-zuzena jasaten dutela. «Biktimismoa» deitzen diote horri zenbait ordezkari politikok eta hedabideetako iritzi-agerlek.
Gaurko errealitatea
Ezker abertzalearen zerrendak galeraztea prozesua kinka larrian jarriko zuela esan zuen Batasunak kanpaina hasi aurretik; baina, halere, fiskal nagusiak eta Estatuaren abokatuak aurrera egin zuten. Orain, epaileen azken erabakiak direla-eta, PSOEko Gobernuak ostikoz jo diola prozesuari berretsi du ezker abertzaleak.
Esan bezala, ordea, PSOE Batasunari erakundeetan sartzen uzten ari zaiola esanez zenbaitek egiten duten zaratak errealitatea desitxuratzen du, neurri batean bederen. Lizarra-Garaziko garaian horren moduko zerbait gertatu zen: krisia agerikoa izan arren eta EAJ atzera egiten ari bazen ere, Mayor Orejak eta enparauek botatakoek jelkideak inoiz baino abertzalego eta ausartago bihurtzen zituzten. Orain ere, Rajoyri eta ingurumariko hedabideei entzunda, Rodriguez Zapatero Euskal Herriari independentzia emateko puntuan-edo dagoela dirudi.
Espainiako presidenteak ere joko hori elikatzen du tarteka. Ilegalizazioaren estrategia gogorraren ondoan, elkarrizketari aipamena egin zion Gasteizen egindako hitzartzean. Botila erdi betea ikusi nahi dutenek esan dezakete Rodriguez Zapaterok ez duela prozesua erabat amaitutzat jo nahi eta esanguratsua ere badela bera izatea, ez bigarren mailako bozeramaile bat, elkarrizketaren beharra aldarrikatzen duena.
Usteak erdi ustel izan ohi dira; baina, tira, etorkizunak esango du botilatik zer edanik badagoen. Bien bitartean, errealitateari egin behar zaio so.
PSOEk Batasunarekin izandako harremanetan konponbide politikoari heltzeko asmoa agertu zuen. GARAk atzo jakinarazi zuenez, 25 bilera izan zituzten. Aldi berean, konponbidearen ibilaldia egiteko ETArekin ere berme eta betebehar zenbait hitzartu zituen Gobernuak, orain dela hilabete batzuk jakin ahal izan genuenez. Beraz, konponbiderako oinarriak finkatu zituzten, oinarri sendoak Jesu Egigurenek berak bere garaian aitortu zuenez.
Su-etenaz geroztik, oinarri horiek indartu beharrean, eztandarazi egin ditu Gobernuak: indarkeriarik gabeko egoera lortzeko bermeak bete ez dituelako (polizien eta epaileen jarduera errepresiboak ez du etenik izan); indar guztien parte-hartzea galarazi duelako (ezker abertzalearen kontrako jazarpenari jarraitu dio eta ilegalizazioak berretsi ditu), eta akordio politikoa ekidin duelako (alderdien mahaiaren sorrera eragotzi du eta gatazka askatzeko gaiei ez die heldu nahi).
Gatazkatik konponketarako bidea beti berrosa badaiteke ere, oztopo galantak jarri dituzte tartean. Hori dugu, gaur egun, ditxosozko prozesuaren errealitate gordina.
Zer dago jokoan Nafarroan?
Inork ez du gogoratu baina, konponbiderako mahaiaren osaketa hizpide zenean, bakarren batzuek Nafarroan berezko mahaia egingo zutela eta mahai hori hauteskundeotatik -Batasuna bertan izango zenez- eratuko zela adierazi zuten. Ahaztuak dituzte orain mahaiak, prozesua eta prozesuaren ondokoak. Nafarroaren status juridiko-politikoaren aldaketa ere ez dute aipagai. Gobernu aldaketa da orain garrantzitsu.
Kanpaina hasierako inkestek jarri zuten gaia dantzan, UPNk gehiengoa gal dezakeela baitzioten. CISeko inkestak, gainera, bigarren postua Nafarroa Bairi eman zion, eta soka luzea ekarri du horrek. Bigarrena izanda ere, Patxi Zabaleta Purasi presidentzia emateko prest omen legoke. Zabaletak ez duena ezin dezakeela eskaini erantzun du Purasek. Hirugarrena balitz, hamar eserlekurekin-edo, ez lukeela Gobernua egingo esan du ere PSNko hautagaiak. Inkestak inkesta, Purasek bigarren postua lortzea ez litzateke batere harritzeko izango. Orduan, zer egingo luke Nafarroa Baik, PSNren aurretik izanda ere Purasi presidentzia emateko prest agertu ondoren? Merke lortu ditu bozak PSNk, alderdiaren politika aldatzeko borondaterik erakutsi gabe ere. Oraingoz, UPNk ez du zergaitik beldurtu behar.




