-

Animaliak espazioan

Ana Galarraga - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

2007ko Maiatzaren 18a

Askok uste dute Laika izan zela lau hankako lehen astronauta. Izan ere, garai hartan izugarri ospetsua egin zen. 1957. urtea zen, eta Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren arteko Gerra Hitza borborka zegoen.

Laika orbitan jartzeak are gehiago berotu zuen giroa, teknologikoki etsaia baino aurreratuagoak zeudela frogatzeko erabili baitzuten sobietarrek. Estatubatuarrei, noski, ez zien inolako graziarik egin. Nolanahi ere, ez zen espazioratutako lehen animalia izan; haren aurretik beste 142 izan ziren. Lehenak estatubatuarrek bidali zituzten.

Hain juxtu, 1947an estatubatuarrek fruta-euliak bidali zituzten V2 kohetean, arto-ale batzuekin batera. Grabitaterik ezak eta erradiazioak nola eragingo zien ikusi nahi zuten. Izan ere, gizakiak espaziora bidaltzearekin amets egiten zuten, eta horretarako, kalterik ez zutela jasango frogatu behar zuten aldez aurretik. Horrenbestez, animaliak erabili zituzten, eta ez fruta-euliak bakarrik: berehala hasi ziren animalia handiagoak espazioratzen, bereziki tximino txikiak, txinpantzeak eta txakurrak.

Horietatik lehena Albert I tximinoa izan zen. Estatubatuarrek jarri zuten espazioan, 1948ko ekainaren 11n, propaganda handirik gabe. Hil egingo zela susmatzen zutelako, akaso? Haren ondotik, urte eta erdiren epean, beste hiru tximino bidali zituzten (Albert II, III eta IV). Denak hil ziren. Aipatzekoa da anestesiatuta bidaiatzen zutela. Gainera, azkenari osasun-parametroak neurtzeko tresnak ere jarri zizkioten. Horien bidez, hegaldiak ez ziola kalterik egin eta lurreratzeko inpaktuan hil zela frogatu zuten. Beste Albertek ere patu berbera izan zuten, nonbait.

Baina tartean arrakasta bat ere izan zuten: 1948ko abuztuan, anestesiatu gabeko sagu bat bidali zuten. Bidaian, argazkiak atera zizkioten, eta horietan ondo zegoela ikusi zuten. Hala ere, zera izan zen onena: lurreratzeko inpaktutik bizirik atera zen! Gerora bidalitako sagu gehien-gehienak, ordea, hil egin ziren.

Estatubatuarrek tximinoak eta saguak bidaltzen jarraitu zuten hurrengo urteetan. Sobietarrek, berriz, arratoiekin eta saguekin probatu ondoren, txakur txikiak bidaltzea erabaki zuten, hegaldian tximinoak baino lasaiago egongo zirelakoan. Gainera, emeak aukeratu zituzten, haien eginkariak arrenak baino errazago biltzen baitira.

1951 eta 1952 urteen artean, bederatzi kohete bidali zituzten, bakoitza txakur pare batekin. Hiru txakur, gainera, bi aldiz joan ziren espaziora; beraz, hegaldiek ez zietela kalterik egiten frogatu zuten. Hegaldi guztiak suborbitalak izan ziren.

Halako batean, 1957an hain zuzen, txakur bat orbitan jartzea lortu zuten. Laika izenarekin egin zen ospetsu, nahiz eta berez Kudriavka izena zuen (Kizkurtxiki euskaraz). Estatubatuarrek, berriz, Muttnik deitu zioten: gutxi gorabehera, «txakur zikin errusiarra».

Egia esan, kaletik hartutako txakur gris txikia zen. Ia batere entrenatu gabe, Sputnik 2aren kapsulan sartu zuten, eta ez zuten kontrolatutako itzulera prestatzeko denborarik hartu. Laikak hamar egun egin zituen Lurraren orbitan.

Denbora horretan, jaten eta zaunka egiten ikusi zuten kameren bidez. Hori bai, ez dago bere heriotzaren irudirik. Lurraren atmosferan sartzean suntsitu zen, kohetearekin batera.

Laikaren ondoren, gutxienez beste hamar txakur bidali zituzten hegaldi orbitalak eta suborbitalak egitera, 1961eko apirilaren 12ra arte. Egun hartan, espaziora bidaiatu zuen lehen pertsona bihurtu zen Juri Gagarin. Sobietarra zen, jakina.

Sobietar Batasunak eta Estatu Batuek ez ezik, beste herrialde batzuek ere espazioratu dituzte animaliak. Adibidez, Frantziak arratoi bat bidali zuen espaziora 1961ean. 1962an beste bi arratoi bidali zituen, eta, urtebete geroago, Felix katua. Katuari elektrodoak jarri zizkioten buruan, garunaren jarduerari jarraipena egiteko. Bizirik atera zen espazio-bidaiatik, baina bidali zuten hurrengo katua hil egin zen.

Beste espezie batzuetako animaliak ere bidali dituzte esperimentu bereziak egiteko. Batzuetan, emaitzak benetan bitxiak izan dira. Esate baterako, 1973an estatubatuarrek bi armiarma bidali zituzten, Anita eta Arabella. Armiarma-sarea egiteko ea nola moldatzen ziren jakin nahi zuten.

Hasieran, Anita eta Arabella noraezean ibili ziren, eta sare txikiak egiten zituzten. Pixkanaka, sare handiagoak egiten hasi ziren, baina akatsak zituzten. Hiru aste behar izan zituzten sare itxurosoak egiteko. Interesgarriena, ordea, zera da: haria ohikoa baino askoz ere ahulagoa zen. Grabitaterik ez zegoenez, ez zuten hari hain indartsua behar, eta, nolabait, hariaren gogortasuna egokitzeko gai izan ziren.

Garai hartan, bi arrain ere bidali zituzten, grabitaterik gabe nola orientatzen ziren ikusteko. Aurrena bata bestearen inguruan jira-biraka ibili ziren, baina azkenerako sabela ur-ontziaren paretei begira zutela egiten zuten igerian.

Orain, Nazioarteko Espazio Estazioan espezie askotako animaliak daude, denak txikiak: euliak eta beste intsektu batzuk, zizareak, itsas trikuen larbak, arrainak eta horrelakoak.

Animalia txikiak diren arren, parte hartzen duten esperimentuek balio handia dute; beraz, ez dira hutsalak.