IRLANDAKO HAUTESKUNDEAK / EKONOMIA -

Multinazionalak. "Tigre Zelta" gaixotu egin da, herrialdea eraldatu ondoren

Zerbitzu publiko ahulak, gehiegizko zorpetze-tasa eragin duen kontsumoa eta ordaintzerik ez dauden etxebizitzak utzi ditu fenomenoak uharteko hegoaldeko 26 konderrietan

Soledad Galiana

2007ko Maiatzaren 18a

Celtic Tiger (tigre zelta) gaixotzen ari da, nahiz eta oraindik sasoiko dagoela dirudien. 1977an hasi eta 1987an amaitutzat eman zuten krisi ekonomikoak azken urteotako gorakada ekonomikoari utzi zion lekua. Bertako langileentzat bizimodurik ez izatetik, Europako ekialdeko etorkinak erakartzera pasatu da Irlanda.

Orain hamalau urte Dublinera iritsi nintzenean ikusi nuenak ez du zerikusi handirik egungo egoerarekin; arlo batzuetan, bederen. Madrildik iritsi berri nintzela, langabeziaren paperak konpontzera joan behar izan nuen bulego ofizialera. Lan guztia eskuz, arkatzez, egiten zutela ikusi nuenean, ezin nuen sinetsi, ordurako Madrilen ordenagailuak hedatuta baitzeuden leku publiko guztietan.

Garai hartan, Dublinen banketxe batera joan beharra izanez gero, sukurtsal zehatz batera joan beharra zegoen, kontua zegoenera, bestela jai zen-eta. Orduan esaten zen Internet bi hilabetean zaharkituta geratuko zen asmakizuna besterik ez zela, eta ez zuela merezi.

Orain, berriz, Irlandak duen arazoetako bat da Interneten nabigatzeko banda zabala ez dela bazter guztietara iristen. Irlandarren eskaria izugarria da; zerbitzu gehienak informatizatuta daude; ziber-kafeak nonahi ikusten dira. Gainera, gaur egun Irlanda da Europar Batasunean sakelako telefonoan gehien gastatzen duen herrialdea; haririk gabeko konexioa bazter guztietara iritsi da... Lau milioi biztanle dituen errepublikako ekonomia hazi egin da, argi dago. Beste kontu bat da gorakada horren erabilera egokia egin ote duen, ezkerreko indarrek eta giza mugimendu batzuek aurkako iritziari eusten baitiote: etekinak gaizki banatu direla, ez dela egoera aprobetxatu zerbitzu publikoak indartzeko eta kontsumismoa areagotu besterik ez dela egin.

«2016rantz» da Irlandako Gobernuak, ICTUko sindikatu handiek eta IBEC enpresarien elkarteak sinatu duten azken ituna, Irlandako ekonomiari egonkortasuna eman nahi diona. Soldata igoera txikiak eta zerga gutxiago, laburbilduz.

Hori da Celtic Tiger-en bilakaera esplikatzen duen datuetako bat. Bestea, agian garrantzitsuagoa, Irlandak dituen bezerorik onenek -AEBek, Britainia Handiak eta Alemaniak- zituzten krisi ekonomikoak amaitutzat eman zituztela 1993an.

Iraultza teknologikoa

Garai hartako moneta, punt irlandar libera -gaur egun, euroa-, merke zegoen, eta hori oso ona da inbertsioak erakartzeko. Gainera, Europar Batasuneko laguntzei esker azpiegitura ugari eraiki edo hobetu ahal izan zen. Testuinguru horretan hasi zen iraultza teknologikoa, betiko arlo ekonomikoak -nekazaritza eta ehungintza- albo batera utziko zituena. Konpainia multinazionalek Irlandara begiratu zuten, bertan ordaindu beharreko zergak txikiak zirela-eta. IDA Irlandaren Garapenerako Agentziak herrialdearen propaganda egiten zuen munduan inbertsioak erakartzeko. Urrezko Aroa hasia zegoen. Orduan hasi ziren ekonomiaren hazkunde-tasa handiak, munduko handienetakoak: urtean %7,6ko hazkundea 1993 eta 1998 artean. Hurrengo urteetan ere ekonomiak gora egin du: %7 inguru urtean. 1993an %10ean zegoen langabezia tasa %4ra jaitsi zen 2004rako.

Interes-tasek behera egin izanak jendeak poltsikoan diru gehiago izatea eragin zuen. Kontsumoak gora, eta inflazioak ere bai. Asko, gainera. Ondorioz, Europar Batasunak errieta egin behar izan zion Charlie McCreevi Finantza ministroari.

Jendeak diru gehiago edukitzeak espekulazioaren fenomenoa indartzea eragin zuen. Etxebizitzen salneurriaren gorakada ikaragarria izan da: urtean %100 garestitu dira pisuak azken boladan. Dublinen orain hamahiru urte hiru gelako pisu batengatik 60.000 euro eskatzen zituzten; egun, berriz, 400.000. Hori oso kaltegarria izan da gazteentzat, jakina.

Soldata txikikoak larri, eta aberatsak primeran. Irlandako Bankuak egin duen «Herrialdeko Ongizatea» izeneko txostenak ematen dituen datuen arabera, OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko herrialdeen artean, Irlanda da, proportzionalki, dirudun gehien hartzen dituena, 30.000 inguru.

Irlandan kokatu diren konpainia multinazionalen esportazioak eta turismoa dira gorakada ekonomikoaren zutabeak, lehiakortasunarekin batera. 1993 eta 1998 artean, esaterako, ekoizpen-kostuak %3,2 besterik ez ziren igo, eta esportazioen hazkundea %128koa izan zen.

Horiek hala, Estatuak inoiz baino diru gehiago eduki du eskuetan, eta industrian lan egiten dutenen kopurua 250.000 lagunera iritsi da.

Baina joera aldatzen ari dela dirudi eta egungo hazkundea, begiraleek diotenez, barne kontsumoan oinarritzen da, auto berrien salmentan batez ere. Eta egungo beste arazoetako bat horrexek eragindakoa da: herritarren gehiegizko zorpetzea.

Tigreak katarroa harrapatu du. Lehenengo sintomen artean ageri dira bertako konpainien lehiakortasunak behera egin duela -ekoizpen-kostuak igotzearekin batera-, esportazioak orain arte baino gutxiago hazi direla eta Estatuak berak defizitaren bidea hartu duela.

Gainera, salneurriek etengabe egiten dute gora. Horregatik, batek baino gehiagok dio Celtic Tiger-a «Iruzurren Irlanda» bihurtu dela, kontsumitzaileek ordaindu behar izaten dituzten prezioak ez baitatoz bat jasotzen dituzten produktu edo zerbitzuekin. Jakina, horrek sekulako eragina dauka turismoan, bezeroak izutu egiten dira-eta. Ez da harritzekoa: tabako pakete batengatik 7 euro ordaindu behar dira; kafe batengatik, 3; garagardo pinta batengatik 3,80 euro... Euskal Herritik etorri berri diren lagun batzuek esan didate garagardoa dagoela edateko moduko prezioan, gainerako guztia oso garesti omen dago-eta. Barazkiak eta fruta ere oso garesti ordaintzen dira.

Eraikuntza eta tranpak

Eraikuntza oso garrantzitsua izan da gorakada ekonomikoan, baina arlo horretan ere ez dira gauza guztiak ondo egin. Irlandan indarrean dagoen legediaren arabera, pisuak eraiki nahi dituzten kontratistak babes ofizialeko etxeak egitera behartuta daude: %20, zehazki. Baina legearekin batera tranparako bidea ere egin zuten: diru kopuru bat ordainduz gero, ez daukate babes ofizialeko etxeak eraiki beharrik.

Horregatik iritsi gara gaur egungo egoera larrira: ia ez dago babes ofizialeko etxerik, nahiz eta eskari zerrenda izugarria izan, 50.000 lagunekoa. Hori bai, Irlandako udalek 60 milioi euro poltsikoratu dute. Pisu bat erosteko aukera aztertzen hasteko bi soldata behar dira familia batean, eta horietako bat on samarra izatea. Eta, jakina, sekulako adorea. Beti aipatzen den beste aukera, alokairuarena, ia debekatuta dago: batez besteko alokairua hilean 900 eurokoa izaten da.

Sinn Fein alderdi errepublikanoak zerga politika erabat aldatu nahi duela esan du behin eta berriz, gehien irabazten dutenek gehiago ordain dezaten eta, alderantziz, gutxien irabazten dutenek gutxiago pagatu beharra izan dezaten. Izan ere, «artistek», egungo legediaren arabera, ia ez dute zergarik ordaintzen. Ondorioz, Bono abeslari dirudunak, esaterako, ez du ia ezer ordaintzen Irlandan; herrialde pobretuen zorrari buruz hitz egiten du, ordea.

Irlandan nagusitu den politika ekonomikoaren eraginez, zerbitzu publikoak oso eskasak dira. Garraio publikoaren kalitate txarrak autoa hartzera behartzen ditu irlandarrak, esaterako.

Osasun arloan, ez da harritzekoa erietxeko larrialdietako zerbitzura joan eta «bihar itzul zaitez» entzun behar izana, bestela hamar ordu edo gehiago itxaron beharko dira-eta. Egunotan erizainak greba egiten ari dira 35 orduko lan astea lortu nahian. Bere garaian erietxeetako garbiketa zerbitzua pribatizatu zutenez, egun garbitasun eza nabarmentzekoa da. Ondorioz, erietxeko birusek irlandar bat baino gehiago gaixotu dute.

Lehen mailako arreta ez da doan osasun zentroetan: kontsulta bakoitzeko 45 euro ordaintzen dira. Botikak ere ordaindu egin behar dira.

Ezkerreko begiraleek esaten dute Estatuak gehiegi inbertitu duela Osasun arloko administrazioan, eta gutxiegi beharrezkoak diren beste gauzetan.

Hezkuntzak ere badu krisia, eskola asko itxi egin baitira, kasu gehienetan hirigintza-espekulazioaren eraginez. Etorkinek eusten diote jaiotze-tasari, baina gero arazoak dituzte eskola egokia aurkitzeko. Ia haurtzaindegirik ez dago, eta daudenak, oso garestiak: 1.000 euro hilean ume bakoitzeko.