ESTATU ESPAINOLA / UDAL HAUTESKUNDEAK -

Madrileko ezkerrak. Bozen inguruan giza mugimenduek abian jarritako hiru ekimen

Etxebizitza Duinaren Aldeko Batzarrak, Telemadrid telebista kateko langileek eta LaDinamo kultur elkarteko kideek hauteskundeen inguruan zer egin eztabaidatu dute

David Garcia Aristegi

2007ko Maiatzaren 18a

Testu hau idazterakoan ez dut helburu izan hilaren 27an Madrilen egingo diren udal eta autonomia hauteskundeetara aurkeztu diren alderdi eta zerrenda ezohiko guztiei buruzko lan sakona egitea, ezta honelako hauteskundeen inguruan sarri mahairatzen diren eztabaida kolektibo guztiak islatzea ere. Hau da, «abstentzioa bai ala ez», «boto erabilgarria», «boto zuria»... Nire asmo bakarra hauteskunde deialdi hau dela-eta Madrilen sortu diren ekimen eta eztabaida interesgarrienen berri ematea izan da. Besterik ez.

Oraingoan aspaldi gertatzen ez zena jazo da: udal eta autonomia hauteskundeen deialdia hiriko giza mugimendu baten agendan sartu da. Hain zuzen ere, Etxebizitza Duinaren Aldeko Batzarra da mugimendu hori. Hauteskundeetan ezohikoak diren ezaugarriak ditu Batzarrak, bertako gazte gehienek ez baitute inolako esperientziarik tankerako zereginetan. Batik bat lan prekarietatea eta etxebizitza izateko ezintasuna dela eta mobilizatu izan dira gazte horiek orain arte. Historikoki, giza mugimenduek «politika konbentzionalaren» eta kideen jarduera militantearen arteko bereizketa zorrotza izan dute ezaugarri. Ondorioz, kideek hauteskundeetan esku hartu behar zuten ala ez eztabaidatzea saihesten zuten. Giza mugimendu berriek, aldiz, osaketa oso heterogeneoa dute eta ez dituzte militantzia «formalak» eragindako mugak. Hori dela eta, hautestontzien aurrean posizioa komunak hartzeko aukera eztabaidatzen hasi dira.

Hauteskundeei buruzko Etxebizitza Duinaren Aldeko Batzarraren lehenengo bilera apirilaren erdialdean egin zen. Abstentzioaren alde azaldu ziren esku hartu zutenak. Apirilaren bukaeran egin zen bigarren bileran, ordea, proposamena hankaz gora jarri zuten lehenengoan parte hartu ez zutenek, erabakia hartzeko denbora gehiago eta prozesuan esku hartzeko aukera eskatu baitzituzten.

Etxebizitza duinaren aldekoak

Jarrera aldaketa horiek ulertzeko, Batzarrak erabakiak hartzeko duen sistema hartu behar da kontuan. Bakoitzak bere burua baino ezin du ordezkatu bileretan, ez baitira onartzen kolektiboen edo joera politikoen ordezkariak. Talde politikoen edo alderdien interferentziak saihesteko pentsatuta dago eredua eta kide denek bilera guztietan esku hartzea exijitzen du. Hori ez da beti posible izaten, eta ondorioz, aztertzen ari garenaren tankerako iskanbilak sortzen dira.

Hauteskundeen auzian ez aurrera ez atzera geratu da Batzarra. Batzuk salatu dutenez, abstentzioaren aldeko jarrera nagusitu zen bileran ez omen zen gutxieneko quorumik izan. Aukera horren garaipena oso boto gutxiren aldearekin gertatu zenez, oso jarrera kontrajarriak egon ziren bileran eta batzuk kanpaina egiteko erabakia hartu zuten. www.vdenovotes.net webgunea fenomeno horren isla garbia da. Ataria lehenengo bileran abstentzioaren alde egin zutenek jarri dute abian, ez baitzaie onargarria iruditzen adostasunaren izenean eztabaidak etengabe luzatzea. Zabaldutako webguneak abstentzioa eskatzen du, eta horretarako, garai batean Estatu espainol osoan botoa eskatzeko Herri Batasunak erabili zuen esaldi berbera erabiltzen ari dira: «Min handiena egiten diena».

Salvemos Telemadrid

Angel Pestaña anarkosindikalistak 1932an sortu zuen eta Herri Frontearen barruan bi diputatu izatera iritsi zen Alderdi Sindikalistaren eraginik ez du Salvemos Telemadridek, hauteskundeetara aurkezteko CCOO, UGT eta CGT sindikatuetako enpresa batzordeko kideek sortutako aukerak. Telebista kate publikoek doan eskaintzen dituzten hauteskunde saioak erabili ahal izatea izan da bozketetara aurkezteko izan duten arrazoi bakarra. Horrela, Madrileko kate publikoan bizi duten zentzugabeko egoera Telemadriden bertan salatu nahi izan dute.

Salvemos Telemadrid izeneko plataforma telebista kate horretan gero eta prekarioagoak diren lan harremanak, kudeaketa ez eraginkorra eta albistegietako manipulazio lotsagabea salatzeko asmoarekin sortu zuten. Ekimena ez zaie batere gustatu sindikatu batzuei eta Izquierda Unidari. Horren erakusle da CCOOek kaleratutako prentsa-oharra. «Ezkerreko alderdiei botoa emateko eskatzen dugu, gure iritziz horiek baitira Madrileko zerbitzu publikoak defendatzen dituztenak», dio hitzez hitz.

LaDinamo proiektuak era guztietako ekimen kulturalak eta politikoak hartzen dituen lokala du. Aldizkaria eta webgune propioa ere baditu. Bertako batzarrak ere aztertu zuen hauteskundeetan zer egin.

Batzarkideen ustez, egun ez dago Madrilen jendearen haserrea biltzeko moduko proiektu politiko alternatiborik. Hala ere, hauteskundeak derrigorrez kontuan hartu beharreko gertaera saihestezinak direla onartzen dute. Orain arte, hauteskundeei ematen zaien erantzuna indibiduala izan da beti, baina beraiek erantzun kolektiboa, antolatua, eman nahi dute, batez ere Madrilen dagoen testuingurua dela eta. Izan ere, PP gero eta harroago dago, PSOE patetiko batek mago kapela batetik ateratako hautagaia aurkeztu du, eta ez da baztertu behar barne antolakuntzako arazo larriak dituen IU Parlamentutik kanpo geratzea -azken unera arte zerrendak ezin adostu ibili ziren-.

«Jose Mono» txinpantzea

LaDinamokoek giza mugimenduek bultzatu beharreko «kanpaina alternatiboa» jarri zuten mahai gainean. Hasiera batean, «Madril hondotik ateratzeko» 30 puntu proposatu zituzten itxurazko hauteskunde programa bat osatzeko. Felipe Gonzalez edo Julio Anguita bezalako izeneko hautagaiak bilatzekotan ere izan ziren. Gero, zerrenda egiteko ezohiko era mahairatu zuten: ordena zozketa bidez erabakitzea. Zerrendaburu «Jose Mono» txinpantzea jartzea ere aztertu zuten. Txinpantzeak platanoak banatu behar zituen mitinetan. Azkenean baina LaDinamoren ekimenak ez zuen arrakastarik izan Madrileko giza mugimenduen artean eta oso pertsona gutxi bildu ziren gaia aztertzeko bileretara. Gainera, elkartutakoen artean, oso jarrera kontrajarriak zeuden. Ideia aldatu eta etorkinen botoaren aldeko ekimena egitea pentsatu zuten, baina emaitza bera izan zen. Azkenean, proiektua ezerezean geratu zen.