Ziberguda hotzetik euskararen nazioarteko proiekziora
Haritz Rodriguez
2007ko Maiatzaren 18a
Estoniako zerbitzariek ez dute hilabete xamurra izan. Ezta herrialde horrek Errusiarekin dituen harremanek ere. Apirilaren 27an, Estoniako Gobernuko hainbat sail eta ordezkaritzaren webgune ofizialak eta boterean dagoen alderdiaren Interneteko txokoa bertan behera geratu ziren eraso egin zietelako. Gainera, zenbait banketxe eta hedabideren komunikazioak kaltetu zituen eraso horrek. Agintari estoniarren esanetan, egindako ikerketek Errusiara begira jarri dituzte susmo guztiak. Are gehiago, erasoa Errusiako erakunde ofizialen ordenagailuetatik bideratu omen zuten.
Nazioarteko hedabideek aipatu dute erasoa. «The Economist» agerkariak «Estonia erasopean» izenburuarekin gertatutakoaren inguruko analisia plazaratu du aste honetan. «Estonia herrialde txikia da baina teknologikoki oso garatua. Eta Internetek berebiziko garrantzia du bertan. Baina iragan bi asteotan, Estoniako Estatuko webguneei (eta zenbait gune pribaturi ere) zerbitzu ukapenerako erasoak egin dizkiete. Eraso horren bitartez, helburua bonbardatu egiten da, eta informazio eskari handia jasan ezinik erori egiten da sarea», adierazi du Britainia Handiko agerkariak.
Beste komunikabide askok ere jarri zioten arreta gertakariari. Izan ere, Estoniako agintariek «segurtasun nazionalaren aurkako» erasotzat jo dute sabotajea. Eta bada «Guda Hotz zibernetikoaz» hitz egin duenik ere. Ukaezina da Internet bidezko ekintzak gero eta ugariagoak eta eragingarriagoak direla. Erasoak ez ezik, bestelako ekintza «baketsuak» ere. Eta politikan, nazioartekoan nahiz tokian tokikoan, eragin hazkorra dauka sareak.
«Spiegel Online»k ere nabarmendu zuen erasoa: «Estoniarrek Kremlini egotzi diote erasoaren ardura». Bloomberg.com guneak, bestalde, honakoa nabarmendu zuen: «Estoniak NATOri laguntza eskatu dio Errusiari lotutako ziber-erasoa bertan behera uzteko».
BBCk, berriz, «Ziberpiratak Estonia kolpatuz» idatzi zuen. Beste hedabide batzuek «Estatu baten aurkako lehen ziber-erasotzat» jo zuten Errusiari leporatzen zaiona. Eta Europar Batasunaren aurkakotzat hartu zuten besteek. «The Guardian»ek goiburu deigarria erabili zuen: «Guda ziberespazioan».
Esan bezala, Internet hainbat helburu erdiesteko tresna gisa baliagarria izan daiteke. Baina ez beti erasoen bitartez. Badira eraginkorrak izan daitezkeen beste bide batzuk ere.
ubuntutribe.com
Marketin kanpaina honek erabilitako teknika izan daiteke horietako bat. “Ubuntu Tribe”k film bat izango balitz bezala aurkeztu zuen bere burua jendearen aurrean duela hiru aste. Eta, galdetuko diozue zeuen buruari, zer ikusi dauka horrek nazioarteko sailarekin? Bada, Ubuntu Basque Tribe taldeko kideek, Hazruido.com izeneko txapelketa batean, software librea eta euskara sustatzeko kanpaina abiatu zuten. Horretarako, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egin zuten kanpaina. Nagusiki, webgune bat, aurrerakin edo trailer bat eta promoziorako kartel zinematografiko bat.
Hiru astean filmaren estreinaldia iragarri ondoren, Ubuntu Basque Tribeko kideek aitorpena egin zuten iragan asteartean. Bertan azaltzen dutenez, kanpainaren bitartez, «euskara eta euskal kultura beren berri sekula izan ez duen» jendearengana iritsi da kanpainaren bitartez. Eta software askeak ere, Ubuntu sistema eragileak, «inoiz zeharkatu ez dituen ateak zeharkatu» omen ditu.
Marketin birala deritzaionaren adibide bat da. Ahoz aho funtzionatzen duen publizitate estrategia. Eta, antza, lortu ere lortu dute, bideoa 20.000 bider inguru ikusi baita Youtuben eta beste toki batzuetan, webguneak 68 herrialdetik iritsitako milaka bisitari izan ditu eta ehunka blogek (batez ere nazioartean) “Ubuntu Tribe” proiektuari erreferentzia egin baitio beren blogetan. Nazioartean ez ezik, euskal prentsan ere izan du oihartzunik, sarean eta paperean. Fikziozko publizitatea da, existitzen ez den produktu baten bitartez errealitate bat zabaltzeko modua. Hala ere, kanpainaren bultzatzaileek euskararen eta software eta kultura librearen alde ikus-entzunezko esparrutik ekarpenak egiteko konpromisoa hartu dute (www.ubuntutribe.com).
Bestetik, Pentagonoak Iraken dituen ordenagailuetatik Youtube bezalako webguneetara sartzea debekatu die soldaduei, erresistentziaren bideoen eta beste gauza batzuen beldur. Antza, AEBetako «segurtasun nazionala» mehatxatzen du.




