SERBIA / POLITIKA -

Belgradotik kronika. Herritar politikazaleak eta aparte bizi diren politikariak

Serbiarrek politikan beste inork baino interes handiagoa dutela esan daiteke. Kafeetan, parkeetan,... nonahi jendeak politikaz dihardu, jo eta ke. Gogor egiten dute, ozen hitz egiten eta eskuak alde batera eta bestera mugitzen. Halere, interes horrek ez du estaltzen politika ofizialarekin duten desenkantua

Iñaki Soto

2007ko Maiatzaren 18a

Zlatko 25 urteko fisikaria da. Belgradon zehar ibiltzen garen bitartean herrialdearen egoeraz mintzo da, deigarria den lasaitasunarekin eta mingostasunarekin aldi berean. Gaueko hamarrak dira eta kaleak jendez lepo daude. Hiriko kale nagusiak igaro eta gero, gotorlekurantz abiatu gara. Gazte koadrilak eta bikoteak ikusten dira, kaleetan bezala parkeetan. Terrazak ere beteak daude. Jendea lasai dago eta ez da besteez arduratzen.

«Serbia herri kontraesankorra da; herri paradoxikoa da», esaten du Zlatkok. «Alde batetik, beste edozein herrialdetan baino politikarekiko interes handiagoa dago. Jendeak asko eta sutsuki hitz egiten du politikaz», azaldu digu. Serbo-kroaziera ez ulertu arren, ideia hori baiezta dezakegu, ondoan ditugun taldeen elkarrizketetan «Madlic», «Kosovo», «Kostunica» edo «Radikal» hitzak etengabe entzun ditugulako. «Beste aldetik, ordea, jendea politikariez eta hizki larriz idatziako Politikaz nazkatua dago; zeharo etsituak gaude».

Etsipen hori parte-hartze politikoari buruzko datuetan islatzen da. Hain herri politizatua izateko, abstentzioa oso handia izan da azken hauteskundeetan. Baita Kosovoren auziarekin erabat lotua dagoen Konstituzio berriari buruzko erreferendumean ere.

Zlatko mutil azkarra da eta serbiarren artean komuna den hasierako hoztasuna gainditu ondoren, adeitsua eta lagunkoia izan da.

Gizarte zibil ahula

Politikarekiko jarrera kontraesankor horren lehendabiziko ondorioa gizartearen desmobilizazioa izan da. 90eko hamarkadan Serbiako gizarte zibila Europako indartsuenetakoa zen. Orain, ordea, gizartea guztiz desaktibatua dago. Gutxi dira egun joera progresistadun elkarteetan antolatuak daudenak. Ondorioz, elkarte horien eragina oso mugatua da.

Gainera, azkenaldian feministen, gayen eta, orokorrean, progresisten aurkako eraso faxistak ugaldu egin dira. Belgradok hasi zuen genozidioa salatzen lan handia egin duen Women in Black elkarteko egoitza, adibidez, bilgune klandestinoa izatetik gertu dago. Pisu batean elkartzen dira; inon ez da beren benetako helbidea agertzen; ez postontzian eta ez inon ez zaio elkarteari erreferentziarik egiten, eta bisitariak hartzean neurri zorrotzak erabiltzen dituzte.

Erasoen beldur dira, baina aurrera jarraitzeko uste osoa dute. Emakumeek gerra beste inork baino gehiago sufritu dutela diote, eta bakearen alde ere inor baino gogorrago egingo dutela baieztatzen dute.

Halere, gizartean politikarienganako dagoen mesfidantza gizarte mugimenduko hainbat erakundetara zabaltzen da. Zlatkok berak, adibidez, «trantsizioaren» aterkiaren azpian sortu diren gizarte mugimenduen lanari buruz iritzi negatiboa du. «Teorian ados egon naiteke haiekin, baina gero eta argiago dut elkarte horietatik asko gutxi batzuentzat bizibide eta negozio bihurtu direla», esan du. Elkarte horien finantzabideak aztertu behar direla esaten du -gehienak mendebaldeko gobernuen eta fundazioen dirua jasotzen dute- eta diru horren atzean dauden interesak ere aztertu behar direla dio. Ezin dela orokortu gaineratu du, baina erakunde horietatik asko kanpotik ezarritako irizpideen arabera mugitzen direla esaten du. Eta gizartearekin lotura gutxi dutela salatzen du.

Tanasije Marinkovic Belgradoko unibertsitateko irakaslea da. Milosevicen aurkako erreboltetan parte hartu zuen eta, beste ikuspuntu batetik bada ere, ondorio antzekoa ateratzen du. Une honetan, bere itxaropenak ez daude gizarte mugimenduetan. «Orain behar duguna kaleko jendeari gezurrik esango ez dion elite politiko arduratsua da», esaten du. Gobernua osatzeko sortu den egoerak eragin dion ikara nabarmentzen du. Tanasije mendebaldezale porrokatua da eta Serbiaren benetako erronka Europar Batasunean sartzea dela dio. Bere ustez, horrek izan beharko luke politikarien lehentasuna.

Horiek hala, Serbiako gizartea guztiz polarizatua dago. Polo horiek ez dira mendebaldean islatzen den bezain trinkoak eta mugiezinak, baina nabarmenak dira jendearekin hitz egitean.

Jende gehienaren ustez, une honetan ez da kanpoko gerrarik egongo. «Ez dago gerrarako aukerarik!», esaten du Tanasijek. Batzuek, ordea, gerra zibila egon daitekeela uste dute. Women in Black-en militatzen du Tatiana Kaliternak, eta serbiarren artean enfrentamentu biolentoa gertatuz gero, oraingoan ez dela armen erabilera masiborik egongo baieztatzen du. Baina erailketak izango denik ezin dela baztertu gaineratu du. «Pertsona bat, bi edo ehun hilko dituzten ezin da esan, baina ezin da aukera hori baztertu», azaldu du.

Kosovoko gudatea

Politikarien gogorkeria erretorikoaz haraindi, serbiar populazioaren gehiengoak Kosovoko auziagatik guk uste baino ardura txikiagoa du. Konstituzio berriaren funtzio bakarra Kosovo Serbiako lurralde gisa blindatzea izan arren, gobernu berriak bere lehendabiziko ardura lurralde integritatea defendatzea dela esan duen arren, askok eta askok Kosovoko gudatea galdutzat ematen dute.

Orokorrean, serbiarrak oso kritikoak dira nazioarteko komunitatea auziotan jokatzen ari den paperarekin. Zlatkori Solanari buruz galdetu diot, eta irribarre batekin erantzun dit: «Balkanentzat Solana Aita Santua Afrikarentzat den horixe da. Hona dator; ondo edo gaizki portatu garen esaten digu; bekatariak ez izateko eskatzen digu eta etorri den bezala joan egiten da». Jakina, herritarrak ere bera etorri aurretik zeuden bezala geratzen dira.

Marinkovicen kezka nagusia Nazio Batuetan Kosovori buruz erresoluziorik ez egotea da. Kasu horretan, Kosovok independentzia unilateralki aldarrikatzeko aukera irekitzen dela uste du. Hori horrela balitz, AEBen onespenarekin gertatuko litzateke.

Irailaren 11ko erasoen ondoren AEBek europarrengan delegatu zuten Balkanetako auzia. EB funtzio hori betetzeko gai ez dela argi geratu da. Ahtisaarik berak adierazi du, bere plana aurkeztu ondoren, jokoan dagoena ez dela soilik lurralde txiki baten eta bertako herritarren etorkizuna, baizik eta nazioartekoan europarrek esateko zerbait duten ala ez. Errusia tartean dela, AEBek Kosovorekiko ardura azaldu dute orain, berriz ere. Batzuen esanetan, AEBak estatu berria errekonozitzeko prest daude, NBEn iritzia dena dela.

Aditu gehienek hipotesi horrekin jokatzen hasteko goizegi dela esaten dute. Aurretik, Errusiak datozen asteetan nola jokatzen duen ikusi behar da. Gehienen ustez, Errusiaren benetako asmoa ez delako serbiarren ongizatea, baizik eta azken urteotan berreskuratu duen indarra azaltzea eta nazioarteko komunitatea kinkan jartzeko gai dela agerian uztea. Hortik aurrera -eta izan ditzakeen interes zehatzez gain- ezagutu dugun jende guztiak Jugoslaviarekin izandako esperientziaren ostean errusiarrez fidatzeko arrazoirik ez dutela esan digu.

Jugoslaviaren nostalgia

Liberal mendebaldezaleak salbu, jende gehienak nostalgiaz hitz egiten du Jugoslavia ohiari buruz. Halere, gehienak lurralde batasunaz ari dira, ez sistema politikoaz. Garai haiek, sozialismoaren garaiak joan zirela esaten digute gehienek.

Herri eslabiarren batasuna, ordea, ez dute guztiek galdutzat ematen. Djordjek, aireportura bere Yugo autoan eraman gaituen hoteleko zaindariak, lehenago edo geroago Jugoslavia birsortuko dela esan digu, adibidez. Bera Alderdi Sozialistaren aldekoa da, baina ez Milosevicen aldekoa. Bera, jakina, «demokrata da».

Djordjek esan dituen gauzetatik batzuk ikaragarri xenofobikoak eta erreakzionarioak iruditu arren, bera ezagutzeak poztu nau. Rosseau edo Stuart Mill zeintzuk ziren ez dakien arren, Serbian gehiengo direnen isla ona iruditu zait. Eta nazioarteko potentzien hipokrisiaz hitz egin duenean, adibidez, egia biribilak esan dituela pentsatu dut.