-

Crista Wolf bagina bezala

Josu Juaristi

2007ko Maiatzaren 18a

Christa Wolf-en «Ein Tag im Jahr» (Urteko egun bat) liburuaren ideia alokairuan hartu eta urtero, beti egun berdinean -gaurkoa, esate baterako-, nazioarteko kontuei begira jarriko bagina, ez genuke ezusteko edo nobedade gehiegi izango kontatzeko. Izaten dira, jakina, baina gatazka asko jira eta buelta dabiltza, norabide zehatz bati eutsi ezinean, amaigabeko zirkuluan.

Palestinan horixe gertatzen zaigu: albiste beti, oraintxe goian eta segituan berriz behean. Gobernu berriarekin zirkuluari ihes egiten hasteko moduan zirela uste zenean, buelta atzera. Israelek, jakina, badu horretan zerikusia: tankeak bidali ditu berriro Gaza aldera, eta hori eta beste hainbat eraso egiteko jarriko dituen aitzakiak sinetsi nahi dituenak bakarrik sinets ditzake. Beste batzuek etxetik urruti hain eroso eta erraz onartzen eta defenditzen den erristentziarako eskubidea aipatuko dute, zirkuluaren errua, lehenengo eta behin, Israeli eta Ameriketako Estatu Batuei zuzentzeko. Ez dirudi, hala ere, tragedia honetan aldaketa gehiegi izango denik epe motzera.

Irakek ere ezusteko gutxi emango luke hango kontuei errepasoa emango bagenie maiatzaren 19 honetan. Azkeneko inbasioan erantzukizun zuzena izan duen bigarren agintariari ere iritsi zaio aio esateko ordua. Agurrean, Tony Blair Washingtonen izan berri da. Alde horretatik ere, ezustekorik ez.

Sarkozy ere etorri da, eta triste eta txalorik gabe joan da Chirac. Uste baino isilago joan dela ere esan genezake. Azken Europar Kontseiluan izan zuen berotasun pixka bat, eta horrekin konformatu beharko du, Estatu frantsesean, itxura batean behinik behin, inor gutxik botako baitu faltan. Utzi duena gozoagoa balitz, gaitzerdi, baina erreleboak ez du baikortasunerako motiborik ematen, gure ustez.

Baikorrago dabiltza, ordea, Eskozia aldean. Salmondek hartu du kargua Edinburgon, eta, agindu bezala, independentziako erreferendumari begira jarri ditu eskoziarrak. Subiranotasuna begi-bistatik galdu gabe, eskoziarrak aspalditik ari dira lanean Europar Batasunean, konplexurik gabe. Dituzten baliabide eta errekurtso ekonomikoak nabarmenduz (eta, bide batez, errekurtso horien kontrola exijituz, petrolioarena bereziki), Eskozia Europar Batasunean bihar bertan sartzeko moduan dagoela esan dute, behin eta berriz, ordezkari eta diputatu nazionalistek. Gure kasuan (baita Kataluniaren kasuan ere) gertatuko litzatekeen bezala, Eskozia diru-emaile bezala sartuko litzateke Batasunean, eta horri gutxik esango diote ezetz Brusela aldean.

Europako erregioei buruz horrenbeste hitz egiten duten batzuek gehienetan errealitate sinple eta garden bat ezkutatzeko erabiltzen dute: gaur egun, Europar

Batasunean sartu nahi eta sartzeko moduan dauden hiru «erregio» bakarrik daude: Euskal Herria, Katalunia eta Eskozia. Horren aurrean, hiru hauek estatu bilakatzeko duten nahiaren aurrean (eta, beraz, kontra), mugak desagertzen ari direla argudiatzen dutenek gezurra esaten dute, Europa batzen ari den garai honetan muga berriak sortzea eromena eta garaiz kanpokoa dela diotenek gezurra diote; estatuak galtzorian daudela esaten dutenek iruzurra egin nahi digute. PNV aspalditik ari da argudio horiek babesten, eta zabaltzen. Bistan da hori, independentziaren mamua, beldurgarria dela europar peto-peto omen diren batzuentzat.

Horrexegatik, beharbada, Montenegrok egunotan urtebete beteko duela ez dute aipatu ere egingo; urtebete estatu independente bezala, alegia. Montenegron, Serbian eta Kosovon dabil egunotan Iñaki Soto, normalean orrialde honen kargua duena. Han izan zen duela hamabi hilabete, Serbia eta Montenegro aparteko arazorik gabe bereizi zirenean, eta han da orain ere, urte honetan gauzak nola aldatu diren ikusteko eta, bide batez eta propio, Kosovoko auzia nola dagoen aztertzeko. Kosovo da, izan ere, europar peto-peto horiek begi-bistatik gustura asko galduko luketen beste gatazka.

Europar Batasuna ari gara aipatzen, behin eta berriz. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrari denbora agortzen ari zaio. Ekainaren bukaeran antolatu beharko duen Europar Kontseiluan (Batasuneko estatuburu eta gobernuburuen gailurra, alegia) hitzarmen edo itun komunitario baten zirriborroa aurkeztuko zuela agindu zuen Bruselako azken gailurrean. Konpromisoa hartu zuen, eta horren bila ari da azken asteotan. Itxura batean, ordea, gutxi egin du aurrera. Eta bistan da presaka direla. Nora joan zen Sarkozy, esate baterako, Eliseoko giltza hartu zuen egunean? Berlinera. Chiraci adieu esan eta berehala joan zen Merkelekin hitz egitera.

Konstituzio europar ospetsua Parisen hasi zen trenbidetik ateratzen, eta Sarkozyk izango du Batasunean galdutako pisua berreskuratzeko planen bat. Sarkozyk ez du bigarren erreferendumik nahi. Merkelek, beraz, ezingo du galdutako Konstituzioaren antzik izango duen hitzarmen komunitariorik marraztu. Bi testu egin ditzaketela ere aipatu du batek baino gehiagok, baina, mementoz, gauza garbirik ez.

Bestetik, Errusiarekin izan nahi duten harremana edo lotura finkatu ezinean dabiltza Batasuneko ministroak. Beti bezala, Batasunari NATOk erakutsi nahi dio bidea Errusiaren mugetan. Eraso informatiko baten mamua astinduz, NATOk bere indarra erakutsi nahi izan du Estonian Moskuko agintarien aurrean, gerra hotzaren garaiak gogoan dituela erakusteko-edo...